Xanti Agirrezabalaren eta Erika Olaizolaren 'Kaka' proiektuak erdietsi du AEK-Korrikako II. Kultur Sorkuntza Beka, aurkeztutako 14 proiektuen artetik, eta horrela, 24. Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia izango da. "Komedia ganberro eta probokatzailea" da, eta, gai aldetik, tabuen gainean dihardu nagusiki.
Bilboko Zazpi Kaleetako Bira tabernan egindako agerraldian aurkeztu dute ostegun honetan. Aipatu bezala, bekak taxutzen du Korrika Kulturalaren egitasmo nagusia, eta 23.000 euroko aurrekontua du. Haren bidez, euskal kulturatik sortutako euskarazko ekoizpenak bultzatzea du helburu AEK-Korrikak.
'Kaka' proiektuaren ordezkari gisa, Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola aktore nagusiek hartu dute parte agerraldian, Ane Elordi Korrikako arduradun nagusiarekin batera.
Lehen Bekaren irabazleak ekarri ditu gogora Elordik, balantzea eginda: "Balorazio positiboa egin dugu, milaka herritar gerturatu dira 'Badon' ikuskizun berritzailea ikustera, eta aurrerantzean ere ziur ibilbide oparoa izango duela".
Bekaren epaimahaia Lutxo Egiak, Gari Garaialdek, Izar Mendigurenek, Oier Zuñigak eta Maia Muruagak osatu dute, eta, Elordik azaldu duenez, ondoko hauek izan dira 'Kaka' saritzeko arrazoiak: Euskal Herri osorako ikuskizuna izatea, euskaradunentzat zein ikasten ari direnentzat; hizkuntzaren erabilerari eman zaion garrantzia; moldagarria izatea, formatu, espazio eta baliabide aldetik; eta, azkenik, sormen lana izanda, oraindik "sortu gabeko zerbait" izatea.
Olaizolak eta Agirrezabalak hainbat rol egingo dituzte oholtza gainean, eta, besteak beste, aurreratu dute "ganberroa, jostaria zein probokatzailea" izango dela. Korrika Kulturalaren barruan antzeztuko da, 2025eko azarotik 2026ko apirilera bitarte, Euskal Herriko hainbat eszenatokitan.