UEUk zazpigarren aldiz antolatu du Txiotesia lehiaketa, euskal ikertzaile gazteak eta haien lanak ezagutarazteko eta euskarazko zientziaren dibulgazioa sustatzeko asmoz. Ohi bezala, parte hartuko duten ikertzaileek beren tesia laburtu beharko dute X/Twitter sare sozialeko sei txiotan edo Mastodon sare sozialeko hiru tutetan.
Bi urtean behin egiten den ekimenaren edizio honetako berrikuntza nagusia da ohiko X (lehengo Twitter) sare sozialaz gain, Mastondon sarean ere parte hartu ahal izango dutela ikertzaileek, arduradunek aurkezpenean iragarri zutenez.
Euskal ikertzaile gazteen lanak gizarteratzea eta ikertzaileen ikusgarritasuna handitzea dira ekimenaren helburuak, bai eta ikertzaile gazteen sarea sendotzea eta zientziaren dibulgazioa euskaraz sustatzea ere. Aurtengo edizioan, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izango du lehiaketak.
Parte hartzaileek Mastodon edo X/Twitter sare sozialetatik zabaldu beharko dute beren ikerketa lana eta bi irabazle izendatuko dira: Ikertzaile ulergarriena (500 euro) eta Ikertzaile originalena (300 euro).
Zazpigarren edizioko berrikuntzei dagokienez, aurreko edizioetan UEUren Unibertsitatea.net ataritik egin zen deialdia, eta hemendik aurrera, berriz, UEUren sare sozialetako kontu orokorretatik egingo da.
Gainera, orain arte X/Twitter bidez parte har zitekeen, baina aurten Mastodon sare sozialetik ere parte hartu ahalko da (bietako bat aukeratu behar da). Halaber, aurreko edizioak udazkenean egin badira ere, aurten maiatzaren 14an egingo da lehiaketa, udaberrian.