Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak baditu bere hiru pabiloi iragankorrak: gaur inauguratu da ‘Argi’, Alderdi Eder parkean, Donostiako erdigune neuralgikoan. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak diseinatu eta eraikitako pabiloia da. Orain, urritik Saguesen dagoen ‘Lost forest’ eta atzo Bilbon inauguratutako ‘MUGAK HABIT [atu] Z’ -ekin bat egiten du, Bienalak sustatzen dituen gogoetak kalera eramateko.

"Pabiloi hau arkitekturak duen sormen-gaitasunaren eta herritarrak kalean hausnartzera gonbidatzeko duen ahalmenaren erakusgarri da; UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoa Mugak/ekin lankidetzan ari da hasieratik, eta ideien laborategiaren papera balio handikoa da", adierazi du Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak gaur goizeko aurkezpenean.

"Pabiloi horiek hirietako espazio publikora zabaltzen dute Bienal honen leloa: ‘berreraiki, berpiztu, berrasmatu’, eta arkitektura iragankorra ulertzeko moduen aniztasuna irudikatzen dute", adierazi du Maria Aranak, Mugak/en laugarren edizioko komisarioak. Jon Begiristain Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendari eta pabiloiaren sustatzaile nagusiak azaldu duenez, "irakaskuntza-espazioaren hedapen gisa hartzen da, ibiltaritzarako diseinatutako forma eta materialtasun bereziarekin. Sistema modular bat da, erraz garraiatu daitekeena eta oso azkar muntatu daitekeena eta etorkizunean hainbat erabileratara izan ditzakeena".

Egur trinkozko pieza industrializatuak dira, 12×12 metroko esparrua eraikitzen dutenak. Kanpoko aldean erre da, Yakisugi teknikaren arabera. Zura babesteko Japoniako sistema tradizionala da, gainazaleko erredura kontrolatua. Tratamendu horrek agente biotikoengandik babesten du zura, irudi homogeneoa ematen dio eta oinarriaren sendotasuna nabarmentzen du, pabiloiaren estalki arinarekin alderatuta. Esparrua mugatzen duten tiraderen artean, sarrera gisa balio duten espazio libreak daude, eta material bereko ateekin ixten dira. Horrela, pabiloia itxita dagoenean, bolumen biribila eta abstraktua da; irekita dagoenean, ordea, norabide guztietan zeharka dezaketen bisitari-fluxuei irekita dagoen espazio zirkulagarria da.

Estalkia, bestalde, puztutako ehun-burbuila bat da, pabiloiko elementurik ikusgarriena. Forma konplexuak bilatzeko prozedura parametriko batetik abiatuta sortua. Egunez kanpoko argia sartzea ahalbidetzen duen bolumetria bereizgarri bat eraikitzen du. Ilunabarrean, pabiloiaren jardueraren berri ematen duen argi-elementu bihurtzen da.

Edukitzailea eta edukia

Pabilioia bera kaleko arkitekturari buruzko hausnarketarako tresna gisa erabiltzeaz gain, ‘Argi’ k hainbat erakusketa, klase, elkarrizketa eta hitzaldi dakartza, laugarren Mugak/ Bienal honetako egitarauarekin bat egiten dutenak, eta hirien etorkizunaz, arkitekturaz eta irakaskuntzaz arituko dira.

Horrela, bost erakusketa txiki egongo dira pabiloiaren hormetan bertan, ikasleen zein irakasleen ikerketa-proiektuak erakusteko, bideo, maketa, irudi eta planoen bidez. Horiei guztiei hitzaldi sorta baten bidez helduko zaie.

Lehenengoan, Lucía Pérez-Moreno arkitektoak ‘Emakume-arkitekturaren Mapa Interaktibo Digitala, Espainia, 1965-2000’ aurkeztuko du azaroaren 8an. Mapa horrek emakumeek asmatutako arkitektura, hirigintza, diseinu eta paisaiako lan ugari erakusten ditu, modu bisual, erraz eta sendoan. Ondoren, 18:30ean, belaunaldien arteko eztabaida bat hasiko da, emakumeek ekarri duten eta etorkizunean diziplinari ekarriko dioten arkitektura berrasmatzeko modu berriei buruzkoa. Maivi Morrásen (tit. ETSAM 1977), Gloria Arízteguiren (tit. Bordele, 1989), Lucía Pérez-Morenoren (tit. ETSAUN 2002) eta Itziar Molineroren (tit. ETSA EHU 2018) eskutik izango da. Matxalen Acasusok, Irati Burguesek eta Olatz Ocerinek antolatzen dute jarduera hau.

Azaroaren 15ean, 12:30etan, Ainara Sagarna, Aritz Diez Oronoz eta Ezekiel Collantes arkitektoek ‘Mugak berrasmatu: landa-eremuaren eta hiri-eremuaren artean’ hitzaldia eskainiko dute. ‘Argi’ n erakutsiko den proiektu horri helduko diote, 90eko hamarkadatik aurrera, hiri-inguratzeak Euskadiko landa-gune txikietan eragin nabarmena nola sortu duen azaltzeko.

Ondoren, 13:30ean, ‘Hiriaren Tenpoak’ hasiko da, Iñigo Peñalba eta Mikel Azkona arkitektoen hitzaldia, ‘Argi’ ren barruan azaldutako beste proiektu honi buruzkoa. Lurraldeak eta hiriak etengabe aldatzen ari dira, bai hiri-sarean, bai mugetan, eta, batzuetan, planeamendurik ez dagoenez, une horretako gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-premiak erantzunik gabe uzten dituzte.

‘Argi’ k arkitekturaren ikerketari buruzko tailerra ere hartuko du, Ula Iruretagoienak antolatuta eta María Auxiliadora Galvezek gidatuta, hilaren 17an, 12:00etan. ‘Bodies as data sensing (BADS). Gorputzaren eta ingurunearen politikak hiri-espazioan’ izenekoak organismo bizidunen fisiologia partekatutik helduko dio eremu horri. Lantegia hiria banatutako kognizio-bitarteko gisa ulertzera bideratuta dago, eta sinestesia bezalako pertzepzio-akatsak ikerketa-ibilgailu bihurtzen dira. “Arkitektura proiektatzean edo beste ariketa batzuetan hausnartu gabe geratzen den horretan abiapuntutzat hartzen ditugun” axioma batzuk zalantzan jartzeko espazio gisa aurkezten den irakasgai baten parte da.

Azkenik, azaroaren 22an, 12:30ean, Jon Muniategiandikoetxea, Ibon Salaberria, Iñigo García Odiaga eta Asier Acuriolaren txanda izango da, ‘Poli-Krisi garaian: Elikadura eta energia’ lanarekin. Pabilioian auzo produktiboetako hainbat proiektu daude ikusgai, bizi dugun garaiak "energia- eta elikadura-segurtasuna nola ez duen bermatzen" azaltzen dutenak. “Baieztapen hau ez da asmakizun bat, ezta fikzio bat ere", dio Davoseko azken foroak jaso duen txostenak. Bestalde, Europako Batzordeak adierazten duen bezala, pandemia adibide bat baino ez da; eta gero eta lehorte, uholde, baso-sute eta izurrite gehiago daude, gure elikadura-sistemak iraunkortasunerantz aurrera egin eta erresilientzia-maila handiagoak lortu behar dituela adierazten dutenak.