Zaragozako Unibertsitateko Santiago Ramón y Cajal Katedra sortu zen lankidetzan Merck Salud Fundazioarekin, Hospital Universitari Vall d´Hebroneko fundazioarekin eta Espainiako Anatomia Patologikoko Sozietatearekin. Katedraren jardueratako bat da urtero Ikerketarako Laguntzen deialdia egitea. Hori horrela, haren lehen edizioan saritutako proiektuetako bat aurkeztu da: Maialen Sebastian doktorea buru duen “La memoria del ARN: Epitranscriptómica como nexo entre infecciones virales y autoinmunidad”.
Proiektua UPV/EHUn garatuko da; zehazki, FunImmune laborategian, bi doktorek zuzentzen dutena: Ainara Castellanos-Rubio, Ikerbasque Associate Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean, eta Izortze Santin, Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko irakasle agregatua. UPV/EHUren Leioa-Erandio eremuan hainbat ikertalde ari dira lanean, ikerketa lerro ugaritan. UPV/EHU unibertsitate publiko bat da, ikertzailea, jakintza sortzearen eta gizarteratzearen aldeko apustua egiten duena, nazioartekotze prozesu sendo baten baitan, bateragarria euskal kulturarekiko duen lotura estuarekin.
Maialen Sebastianek bere ikerketa proiektua aurkeztu du, alboan zituela Santiago Ramón y Cajal Agüeras, Nobel saridunaren birbiloba txikia, Anatomia Patologikoko katedraduna eta Espainiako Medikuntzako Errege Akademia Nazionaleko kidea, Carmen González Madrid, Merck Salud Fundazioko eta Batzorde Mistoko presidentea, eta Erakunde Eratzaileetako eta unibertsitateko ordezkariak. Inmaculada Arostegi UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordeak egin ditu ongietorri hitzak, eta ekitaldia ixteaz arduratu da Ainara Castellanos-Rubio doktorea, Ikerbasque Associate eta taldeko ikertzaile nagusia. Cajal Katedra sortzeko arrazoi nagusia izan zen alor biomedikoko ideia disruptiboenak eta berritzaileenak dituzten ikertzaileei laguntzea, ikuspegi finantzario, logistiko eta pertsonaletik.