Gune honetan bertan, duela aste batzuk, umeei mugikorra ematea atzeratzea beharrezkoa dela aipatu nuen. Zenbat eta beranduago, orduan eta hobeto, esan nuen. Baina haiek zer egin behar duten argi daukagun bitartean, guri dagokigunez, ez hainbeste. Helduok bizi dugun kontraesana agerikoa da, pantailen aurrean hainbeste denbora ez pasatzeko eskatzen diegu seme-alabei, gu hori betetzeko gai ez garenean. Baina kontua haratago doa, pantailak uzten ez dizkiegunean, zer alternatiba eskaintzen diegu? Esperientziaz dakigu gure seme-alabak zoriontsuak direla txangoan goazenean, elkarrekin jolasten garenean edo familia moduan zerbait egiteko asmoa dugunean. Orduan, zergatik ez ditugu pantailak mota honetako plan gehiagorekin ordezkatzen? Helduok lehenak izan behar dugu ulertzen familia osoa inplikatuko duen bizimodua behar dugula, atsedenik gabe scroll egitea ez den beste gauza batzuk egiteko. Bi aste barru, Gabonetako oporrak datoz, familian denbora berreskuratzeko garai ezin hobea. Hiriak aukera asko eskaintzen ditu, baina txikiek ez dute gauza handirik behar, mundu errealean presentzia handiagoa duten gurasoak baino ez, eta ez hainbeste birtualean. Egia esateko, oparirik onena izango litzateke.