Musika: nota, erritmo eta isiltasun konbinazio hori da, nire ustez, mundua mugiarazten duena. Txiki-txikitatik hasi nintzen harenganako jakin-min eta maitasun handia izaten. Eta oraingo honetan, idatzi nahi dut eta, batez ere, eskerrak eman nahi dizkiet arte bikain hau errespetatzen eta maitatzen irakatsi didatenei. Hasteko, hiriko familia trebeenetako baten bizilaguna izatea, Menatarrena, pribilegio handia izan zen. Juanjok eta Carlosek musikaren maila oso altuan bizitzea lortu dute eta hurbiletik ikusi ahal izatea zoragarria izan da. Batez ere, Ramoni, hauen aitari esker, bere etxera gonbidatu eta artista hauek gertutik ikusten uzten baitzidan. Iñaki, ez naiz zutaz ahazten, eguberri guztietan Betagarriren disko berri bat izaten nuen besapean. Nire nerabezaroko soinu-banda. Zer esan Sabin Salaberri musikagile, musikari eta pertsona maitagarriari buruz, noizbait ikastolako abesbatzan kantatzen nuenean zuzendu baitzidan. Eta abesbatzaz ari naizela, eskerrak eman nahi dizkiot Josune Barandiarani, zuzendari handi eta irakasle ezin hobeagoari. Eta, jakina, haurtzaroko koadrilari, edozein lekutan abestea gustatzen zitzaigun eta. Baina ezin dut ahaztu pertsona garrantzitsuena, nire aita, musikarekiko duen maitasun handiak gure bizitzetan egotea lortu duelako. Mila esker denoi!
- Multimedia
- Servicios
- Participación