Síguenos en redes sociales:

Idazmahaia

Sara Cortés

Adarra jotzen?

Azkenaldian gure hiru urteko alabak besoetan eramatea eskatzen digu une oro. Normalean, ez da geldik egoten eta ez du gure beharrik izaten ezertarako, baina kaletik oinez goazenean, ez da gai bi metro baino gehiago besorik eskatu gabe ibiltzeko. Honek hausnartzera eraman nau: alferkeria da? Adarra jotzen ari da? Behartu egin behar dugu? Galdera horiek gaiaren inguruko informazioa bilatzera bultzatu naute. Haurra jaio zenetik hazkuntzaren inguruan besterik ez dudala irakurtzen iruditzen zait, baina ez dakizue zenbat laguntzen didan haurra ulertzen. Pediatra batzuen artikuluak irakurriz, ondorio ezberdinetara iritsi naiz. Niri bezainbeste lagunduko dizuelakoan laburbilduko dizkizuet: Geldirik gaudenean, umeak beti jakingo du non gauden eta arazorik gabe mugi daiteke inguruan, beren mapa mentalean kontrolatuta gaituelako. Oinez goazenean, egoeraren kontrola galtzen du eta estresatu egiten da, ezin baita une batez despistatu ezer begiratzera, ikastera edo behatzera, ez diogulako mugitzeari uzten. Horregatik nahiago ditu besoak. Horrela, uneoro daki gurasoak non dauden, eta lasai asko, munduaz disfrutatu dezake. Gogoan izan behar da, halaber, hainbeste filosofatu gabe, haurra nekatuta egon daitekeela.