asa den igandean, argazki bat ateratzean une egokia bilatzeko gaitasuna aldarrikatzen nuen. Baita argazkiak kontrolik gabe egiteari uzteko beharra ere. Hori guztia argazki-artxibo ordenatu bat izateko helburuarekin, soilik gorde nahi ditugun argazkiak izango dituena, eta bide batez, betiko eta paperezko argazki-album bat egiten erraztuko diguna. Izan ere, familiaren albumak berrikustea nire denbora-pasa gogokoenetako bat da. Alabei ere asko gustatzen zaie eta askotan harrapatzen ditut horiek begiratzen. Egun hauetan buru-belarri ari gara hiru urteko neskatoak eskolako lehen urtean berarekin eramango duen argazki-albuma egiten. Bertan, bere senide eta lagun minak agertuko dira, etxean bezala sentitzen lagunduko dioten irudiekin, ingurune ezezagun batean segurtasuna emango diotenak. Argazki zaharrak hautatu eta beste berri batzuk ere atera ditugu, baina dena den, guretzako argazkiak dira, ez besteentzat. Sare sozialak agertu zirenetik, badirudi egiten ditugun argazkiek likes baino ez dituztela bilatzen, eta zenbat eta hedapen handiagoa izan, orduan eta hobeto. Batzuetan ahaztu egiten zaigu egiten ditugun argazkiak ez direla soilik beste batzuei erakusteko baizik eta guretzat ere badirela, etorkizunean une horiek gogora ekartzeko eta, nolabait, berpiztu ahal izateko.
- Multimedia
- Servicios
- Participación