Gasteizko Adurtzabal eta Zaramagako udal futbol zelaiek azken belaunaldiko belar artifizial berria estreinatuko dute 2026-2027ko denboraldiaren hasieran. Jada martxan dauden obrak amaitzean, bi zelaiotako joko azalera berrituko da, eta, gainera, instalazioetan beste hainbat hobekuntza ere egingo dira.

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, dagoeneko hasi dira kaltetutako tapeteak ordezkatzen, eta Fieldturf Poligras lanez arduratzen den enpresak hamar asteko epea du lanok amaitzeko, eskaintzan adierazi zuenez.

Gasteizko Udalak enpresa horri esleitu zizkion Zaramaga eta Adurtzabal zelaietan soropil artifiziala berritzeko obrak, eta guztira 962.020,20 euroko inbertsioa egingo da (BEZa barne), bi espazioetan jokorako azken belaunaldiko gainazal modernoa jartzeko.

"Lanak amaitzean, Adurtzabalek eta Zaramagak azken belaunaldiko soropila izango dute, dentsitate handiko polietilenoz osatua eta kolore berdeko bi tonalitate konbinatuko dituena. Bi tonalitate horiek moztu berri den soropilaren estetika emango diote", azaldu du Borja Rodriguez Hiri eta Hirigintza Ereduaren zinegotziak.

Adurtzabal modernizatzeko 609.905,42 euroko inbertsioa egingo da, eta esku hartzean, soropil artifiziala instalatzeaz gain, kanaleta berriak jarriko dira, ureztatzeko kanoiak ordeztuko dira, asfalto berria egingo da, ateak aldatuko dira, dauden aulkiak birjarriko dira eta babesak eta babes sare berriak instalatuko dira iparraldeko hondoan.

Zaramagan 352.114,72 euroko inbertsioa egingo da, eta, tapeteaz gain, zelai ertzean kanaleta berriak jarriko dira, ureztatze sistema berrituko da, asfaltozko oinarria berrikusiko da, ateak aldatu eta aulki berriak jarriko dira, eta babes sare berriak jarriko dira ateen atzean eta futbol 7ko zelaietan.

Zinegotziak azaldu duenez, "Adurtzabalgo eta Zaramagako zelai berrituen lamina berdearen berritasun nagusia oinarri elastiko aurrefabrikatu baten gainean instalatuta egotea izango da, orain arte bezala kautxuz edo hareaz betetako betegarriak izan beharrean. Horrek, gainera, soropilaren baldintzak hobetu eta ingurumenaren jasangarritasuna gehiago errespetatzen du".

Soropila oinarri elastiko baten gainean instalatzeko sistema hori bera jarri da Olaranbeko 3. zelaian gainazala berritzeko egindako lanetan. Lan horiek dagoeneko burututa daude.

Olaranben, Zaramagan eta Adurtzabalen egindako jarduketak 1,34 milioi euroko balioa du, eta 3,6 milioi euroko inbertsio handi baten parte da. Zenbateko hori Hiri Ereduaren Sailak finantzatu du "21 udal futbol zelairen sarea modernizatzeko eta Gasteiz kirol instalazioetan erreferentziazko hiri gisa finkatzeko helburuarekin".