El Mono Habitado konpainia gasteiztarrak 'El juego de la boca' izenburuko antzezlanaren aretoko bertsioa estreinatuko du ostegunean, ekainaren 18an, Gasteizko Jesus Ibañez de Matauco Antzokian, Udal Antzoki Sarearen udaberri-udako programazioaren baitan.

"El Mono Habitado Gasteizko arte eszenikoetan ibilbide sendoena duen konpainietako bat da; zorionak une eszeniko ahaztezinak emateagatik", adierazi du aurkezpenean Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

'El juego de la boca' lana iaz estreinatu zen kalean, KaldeArte jaialdiaren barruan, eta orain Jesus Ibañez de Matauco Antzokira iritsiko da, aretoko bertsioarekin.

Antzara jokoan oinarritutako antzerki parte hartzailearen erakustaldia da, eta taula bat du motor gisa, 63 laukirekin, eta horietako bakoitzak gai desberdinen historia txiki bat ezkutatzen du, besteak beste, genero eta tratu berdintasuna, migrazioa, emakumeen sufragioa, zentsura, lan prekarietatea, LGTBIQ+ eskubideak, memoria historikoa, gerra, askatasuna, maitasuna, bakardadea, heriotza edota ustelkeria.

Publikoak dadoa bota eta zoriak erabakiko du zein eszena antzeztu; beraz, ibilbidea desberdina da emanaldi bakoitzean. Hori dela eta, inork ez daki zer gertatuko den ikuskizunean, ezta aktore taldeak ere. "Joko honetan inork ez du irabazten, ibilbideaz baino ez da gozatzen", adierazi dute taldekideek.

BESTE GAI BATZUK

Etxepare Euskal Institutuak 654.000 euro bideratuko ditu aurten euskal kulturaren nazioarteko proiekzioa bultzatzea helburu duten AT! diru laguntzetara. Artisten eta kulturgintzako profesionalen mugikortasuna sustatzea, lanen eta kultur proiektuen nazioarteko zirkulazioa erraztzea eta testuinguru eta merkatu berrietan euskal sorkuntzaren presentzia indartzen laguntzea dira lagutzen helburuak.

Etxepare Euskal Institututik jakinarazi dutenez, diru laguntzak lau deialditan banatuta daude: antzerkia, dantza, musika eta arte plastiko eta bisualen sortzaileen mugikortasuna, literatura eta zinemaren alorreko sortzaileen mugikortasuna, irabazi asmorik gabeko nazioarteko kultura jarduerak, eta literatur itzulpenak.