Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak baimena eman du Irungo (Gipuzkoa) Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT) estazioan motozikleta eta ziklomotoreentzako ikuskaritza zerbitzua martxan jartzeko. Antolatu den box espezifikoaren helburuak erabiltzaileen segmentu horrentzako arreta optimizatzea eta estazioaren gaitasun operatibo osoa areagotzea dira.
Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, espazio espezializatua sortu da Itelevesa taldearen gaitasuna handitzeko proiektu baten barruan, IAT zerbitzuaren Euskadiko emakidadunetako bat baita, eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak horretarako baimena eman du.
Halaber, proiektuaren barruan, ibilgailuak ikuskatzeko laugarren linea unibertsala ere jarriko da martxan datozen asteetan eta, horrela, zerbitzua indartu eta estazioa egokitu ahalko da, Bidasoaldeko jarduera bolumena gero eta handiagoa denez gero.
Box berria egiteko apustuak "errealitate operatibo argi bati" erantzuten dio, motozikletek eta ziklomotoreek garrantzi handia dute-eta Irungo IAT estazioan. 2025ean zehar, bi gurpildun ibilgailuen ia 7.500 ikuskaritza egin zituzten estazioan, eta horrela, erabateko liderra da segmentu horretan, hala Euskadiko estazioen multzoan, nola Itelevesa taldeak Espainiako Estatuan daukan estazio sare osoan.
Eskari handiagatik erabaki da batez ere espazio independente bat diseinatzea, ibilgailuen fluxuak askoz modu arinagoan eta eraginkorragoan kudeatu ahalko direlako, estazio osoaren zerbitzua arindu ahalko delako eta zerbitzuaren kalitatea zein erabiltzaile guztientzako arreta hobetu ahal izango direlako.