Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak hiriko Bero Planaren eguneraketa onartu du, tenperatura altuko gertakariei eta horrek herritarren osasunean dituen ondorioei aurre egiteko udal estrategia indartzeko.

Maider Etxebarria alkateak zehaztu duenez, "eguneratutako dokumentuak hobekuntzak eta prebentzio jarduera berriak jasotzen ditu, udal zerbitzuek erantzun azkarragoa, eraginkorragoa eta koordinatuagoa eman dezaten, bai eta bero boladek pertsonen eta etxeko animalien osasunean duten eragina murrizteko ere".

Planaren berritasun nagusien artean, nabarmentzekoak dira Ingurumen Gaietarako Ikastegia udal operatiboan sartuko dela, babesleku klimatikoen sarea eguneratuko dela, Arkabia kultur espazioa eta Herrandarren pergolaren inguruko berdegunea batuko direla, aurrealertako fasean prebentzio ekintzak indartuko direla, iturri publikoak berrikusiko direla eta hiri autobusen klimatizazio sistemen funtzionamendua egiaztatuko dela.

Bero Plana 2024an sortu zen, eta Gasteizko Udal Larrialdi Planaren parte da. Bero Planaren zuzendaritza Kirol, Osasun eta Garapenerako Lankidetza Sailari dagokio, eta Koordinazio Mahaiaren laguntza jasotzen du. Mahai hori hainbat udal sailek osatzen dute, eta une bakoitzean egoera ebaluatzeaz eta egokitzat jotzen dituen neurriak hartzeaz arduratzen da. Planak lau hilabeteko iraupena izango du eta ekainaren 1etik irailaren 30era arte egongo da indarrean; halere, alerten kasuan (aste honetan gertatu den moduan), epe horretatik kanpo gauzatu ahal izango da.

Era berean, herritarrei, eta tenperatura altuko sasoietan beren jarduera garatzen duten udal langileei, elkarteei eta erakundeei zuzendutako gomendio espezifikoak ere jasotzen ditu.