Sistema pneumatikoko edukiontzietan eta buzoietan utzitako hondakin organikoen bilketa %13 handitu da Gasteizen 2026. urteko lehenbiziko hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.

"Aurrerapen hori aurreko urte osoan erregistratutakoari gehitu behar zaio, urte horretan materia organikoaren bilketa %20 handitu baitzen, eta datu horrek erakusten du pixkanaka hobetzen ari direla bereizteko ohiturak eta azken urteetan bultzatutako neurrien inpaktua, hala nola hobariena", azaldu du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak.

Datu horiek hondakin organikoen bilketan aurreko ekitaldian hasitako goranzko joera indartu dute, iaz, guztira, 5.138 tona organiko utzi baitziren buzoi edo edukiontzi marroietan, eta 2024an, berriz, 4.274 tona.

Igoera hori sendotzeko helburua dute Gasteizko Udalak abiatrazitako beste ekintza batzuek. Joan den martxoan, esate baterako, berriro ekin zitzaion udal gizarte etxeetan eta kiroldegietan poltsa konpostagarriak doan banatzeari, eta edukiontzi marroia erabiltzeagatik zaborren tasan hobariak aplikatzeari.

Halaber, azken 15 hilabeteetako goranzko joerarekin jarraitzeko, Ingurumen Kudeaketaren Sailak sentsibilizazio kanpaina hasiko du datorren astelehenean, ekainaren 1ean, 'Beti dago lehen aldi bat. Zeurea gaur izan daiteke' lelopean. "Kontuan izan behar dugu zati organikoak etxeetan sortutako hondakinen %45 inguru hartzen duela; beraz, oraindik ere erronka handia da", esan du Etxebarriak.

Hedabideetan, sare sozialetan, Udalaren webgunean eta beste euskarri batzuetan egongo da ikusgai kanpaina, hondakin organikoak bereiztea keinu erraza dela eta Gasteizen eta ingurumenean eragin handia duela adieraziz, oraindik edukiontzi marroia erabiltzen ez dutenak lehen urrats hori egitera bultzatzeko.

"Une positiboa bizi dugun arren, hondakin organikoen bilketak izandako bilakaera iraunkorra eta herritarren inplikazio handiagoa islatzen duten datuekin, oraindik badago hobetzeko tartea", ziurtatu du.