Gasteizko Udalak 347 kirol ikastaro antolatu ditu udako kanpainarako, 53 jarduera eta 6.600 plazarekin
Berritasun bat da 14 eta 99 urte bitarteko pertsonentzako ikastaroen eskaintza 130 ikastarora zabaldu dela
Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak prest dauka udako kanpainako ikastaro eta jardueren programazioa, eta guztira, 347 ikastaro izango dira uztailean eta irailean udal kirol instalazioetan, 53 jarduerarekin eta 6.607 plazarekin.
Gasteizko Udaletik zehaztu dutenez, hileko ikastaroen eskaintza bere horretan mantendu da, ikastaro guztien %85ek hilabeteko iraupena izango baitu, eta gainerako %15ak bi astekoa. Ekainaren 3an irekiko da izen-ematea, 08:30ean, kirol instalazioetan aurrez aurre eta webgunearen bidez.
Ikastaroen zerrenda zabaletik iazko programazioan izandako berritasunak sendotu dira: pilates ikastaroak (26 ikastaro izango dira bi hilabeteotan, eta iaz 15 izan ziren) eta HIT jarduera (zazpi ikastaro eskainiko dira uda honetan).
Beste berritasun bat da 14 eta 99 urte bitarteko pertsonentzako ikastaroen eskaintza 130 ikastarora zabaldu dela, "adinkeriari aurre egiteko apustu garbiarekin lotuta, eta belaunaldien artean parte hartzeko aukera handituz". "Hain zuzen ere, adin tartea handituta, ikastaroen %37,4an belaunaldien arteko integrazioa bultzatzen da ikasleen artean", azaldu du Ana Lopez de Uralde Kirol zinegotziak.
Beste berritasun bat da osasun eta ongizate arloko ikuspegia duen ikastaroa gehitu dela adinekoentzat, 'Aktiba zaitez eta egin irribarre' izenburupean. Jarduera fisiko dibertigarria eta osasungarria izango da, adinekoen artean mugimendua, dibertsioa eta ongizate emozionala sustatzeko diseinatua. Jolas dinamikoen, ariketa leunen eta taldeko jardueren bidez, ariketa fisikoa, koordinazioa, memoria eta, batez ere, besteekin partekatzearen poza sustatu nahi dira.
"Helburu nagusia gorputza eta burua aktibo mantentzea da, barrea eta parte hartzea protagonista diren giro positiboan. Jarduera horrek fisikoki indartzen laguntzen du, aldartea hobetzen du eta harreman sozialak bultzatzen ditu, energiaz, bizitasunez eta irribarrez betetako uneak sortuz", esan du zinegotziak.