Gasteizko Montehermoso Kulturguneko dokumentazio zentroa Bilgunea Euskadiko liburutegien katalogo kolektiboan sartuko da, zentroko mediatekaren ezagutza ikusaraztea eta indartzea helburu duen 2024-2028 epealdirako Kulturako Plan Estrategikoan 2025erako jasotako ekintzetako bat, hain zuzen ere.
Gasteizko Udaleko gobernu bilerak asteazken honetan onetsi du Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza hitzarmena sinatzea, Montehermosoko liburutegia Bilgunean sartzeko. Akordioak lau urteko iraupena izango du eta udal funtsak eskuratzeko eta zabaltzeko eta erkidegoko katalogoa aberasteko helburuarekin gauzatuko da.
Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, Montehermoso Kulturguneak 8.042 erregistro bibliografiko eta 14.000 liburuki baino gehiagoko bildumadun liburutegi publiko espezializatua daukan dokumentazio zentroa du. Funts bibliografikoek arte eta kultura garaikidea dute ardatz, eta zentroaren jardueren erregistroa artxibatzeko eta dokumentatzeko zereginak ere betetzen dituzte, beren katalogo eta argitalpenen bidez.
Montehermosoko dokumentazio zentroa Bilgunean sartzea 2024-2028 epealdirako Kulturako Plan Estrategikoan jasota dago, dokumentazio zentroaren ezagutza ikusarazteko eta indartzeko 2025ean egin beharreko ekintzetako bat gisa.
"Aurrera goaz Kulturaren Plan Estrategikoa betetzeko bidean. Gaur onartu da Montehermosoko mediateka Bilgunean sartzea erraztuko duen hitzarmena. 2025erako markatuta genuen ekintza, esan eta egin. Horrela, gure kultur zentroko funtsen zabalkundea handituko da eta Euskadiko liburutegien katalogokoak aberastuko dira. Beraz, guztiontzat positiboa da", ziurtatu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.