Gasteizko Udalak egoiliarrentzako bizikleten hiru aparkaleku seguruak jarri ditu martxan astelehen honetan, Bizileku proiektu pilotuarekin lotuta, Antso Jakituna kalean, Santa Barbara plazan eta Memorialean.

Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak gogorarazi du proiektuak urtebeteko iraupena izango duela, eta Antso Jakituna kalearen, Santa Barbara plazaren eta Memorialaren aparkalekuaren inguruetan bizi diren eta beren etxebizitzetan bizikletak modu seguruan gordetzeko arazoak dituzten pertsonei zuzenduta dagoela.

"Urtebetez emaitzak aztertuko ditugu eta era horretako azpiegiturek gure hirian bizikletaren erabilerari bultzada berria ematen laguntzen diguten ala ez erabakiko dugu ondoren. Izan ere,helburu nagusia da erraztasunak ematea garraiobide hori erakargarriagoa izan dadin eta gure ibilgailu partikularren erabilera ordezkatzen joan dadin", azaldu du.

Horrela, egoiliarrentzako aparkaleku seguruek irtenbide eraginkorra eskainiko dute pertsona gehiagok bizikleta eguneroko garraiobide gisa aukera dezaten, hiriaren jasangarritasun helburuekin bat eginez eta hiri ingurune garbiago eta osasungarriagoa lortzen lagunduz.

Proiektuak urtebeteko iraupena izango du eta ahalik eta daturik gehien jasoko dira, ekimenaren eragina ebaluatzeko eta erabakiak hartzeko. "Espazio seguru eta iraunkorra eskainita, orain arte bizikleta gordetzeko leku egokirik ez izateagatik erabiltzen ez zuten pertsonek bizikleta egunerokoan garraiobide gisa integratzea erabakiko duten ikusi nahi dugu", zehaztu du.

Tarifak ezberdinak izango dira sareko gainerako aparkalekuek dituztenekin alderatuta, "erabiltzaileek ez dutelako bizikleta horrenbeste maiztasunez txandakatzeko betebeharrik izango". Horrela, hilean 15 euro ordaindu beharko dira, baina hobariak aplikatuko dira erabiltzaileek bizikletari ematen dioten erabileraren arabera, hau da, zenbat eta mugimendu handiagoa, orduan eta deskontu handiagoa.

Proiektu pilotuarekin lotutako berrikuntza garrantzitsu gisa, Artolazabal zinegotziak 'Police Bike' izeneko gailua gehituko dela adierazi du. Horri esker, erabiltzaileen mugimenduak monitorizatu eta datuak eskuratu ahal izango dira.

Hautazkoa izango da gailua bizikletan jartzea, eta, horren bidez, eskuratu ahal izango dira bizikletak Bizileku aparkaleku barruan eta kanpoan eman duen denbora, bizikleta bakoitzak egindako kilometro kopurua eta erabiltzaileen mugimenduaren bero mapak. Hori guztia lagungarria izango da bidegorri sarea eta bidegurutzeak hobetzeko, bide berriak diseinatzeko eta abarretarako.