Kulturaren bidez euskararen normalizazioan eragin nahi duen proiektua da Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK). Bere funtzio guztietan euskara erabiltzeko topagune kulturala izan nahi du, eta, gainera, plurala, parte-hartzailea eta sortzailea. Izaskun Arrue Kulturgune (IAK) berri honen proiektua Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartzeko jaio da. Kultura-ekipamendu bat izatetik harago, kultura-proiektu integrala izateko bokazioa du, kulturaren kate osoa (sormena, ekoizpena, taularatzea/erakustea, komunikazioa…) landu, eta Gasteizko kultura-dinamika suspertzeko gogoa, euskaratik eta euskaraz.
Eraikinaren inguruan, Ruiz de Bergara jauregia, XVI. mendekoa, Errementari kalean dago, eta Zapatari kaletik ere sartzen da bertara. Beheko solairua eta hiru altuera ditu. 1.100 metro koadroko azalera du. Beheko solairuan funtzio anitzeko gela bat dago, eta bertan erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak antolatu ahal dira. Halaber, kabina teknikoak, proiekziokoak eta itzulpenekoak daude bertan; biltegiak, komunak eta kamerinoak; lehenengo solairuan espazio eszeniko nagusia dago: 130 metro karratu altuera bikoitzean, kontzertuak, antzerki-emanaldiak eta bestelako ikuskizunak egiteko, bai zutik, bai eserlekuetan, ostalaritza-gunea ere bertan dago, sukaldearekin.
Bigarren solairuan tailerrak, lanerako guneak eta komunak daude. Horrez gain, erabilera anitzeko espazio bat ere badu, balkoi gisa balio duena, eta bertatik lehen solairuko agertokian egiten diren ikuskizunak ikusi ahal dira. Hirugarren solairua jauregiko gunerik argitsuena da eta lanerako erabiliko da. Kristalezko bilera-gelak, lantegi-gune bat eta instalazioetarako gela daude bertan (klimatizazioa, exutorioak).
Bestalde, Gasteiz Antzokia sortzeko lehenengo haziak 90eko hamarkadan jartzen hasi ziren euskal kulturaren inguruan lan egiten zuen hainbat herritarrek, euskal kultura-azpiegitura gabeziari aurre egiteko. Harrezkero, elkarte euskaltzaleek bultzatutako ekimena izan da, bereziki Lazarraga Kultur Elkarteak sustatuta, Gasteizko Udalaren eskutik. Lan honen lehen fruitua, eta Gasteiz Antzokia proiektuaren oinarrietako bat, Oihaneder Euskararen Etxea izan zen. Montehermoso Jauregian kokatua, 2014tik 2022ra 50.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten jardueretan, eta euskaldunen erreferentziazko topaleku izan zen.
Gasteiz Antzokia irabazi-asmorik gabeko Lazarraga elkarteak kudeatzen du , Udalarekin sinatutako hitzarmen baten bidez. Izaskun Arrue 60ko hamarkadan iritsi zen Gasteizera eta irakasle lanetan hasi zen Zerkabarren kalean, bere etxean, Gasteiz Antzokitik ez oso urrun. Etxebizitza horretan hasi zen Gasteiz eta Arabaren euskaldunizazio-mugimendua. Arrue, beraz, Arabako lehen andereñoa izan zen.
Zer moduz dabil Izaskun Arrue kulturgunea?
Ondo, esango nuke. Gasteizko euskalgintzak espazio hau irekitzea lortu du azkenean, eta erabiltzaileen aldetik jasotzen ari garen erantzuna poztekoa da. Orain erronka da hurrengo urteetan proiektua bizirik irautea eta handitzea; 2024an jaio dena, 2025ean haztea, alegia.
Berandu baina merezi izan du itxaronaldiak?
Horri erabiltzaileek erantzun beharko liokete. Hala ere, baietz esango nuke. Jendea pozik dator jardueretara, eta sentsazio onak izaten ari gara.
Nolakoak izan dira lehen hilabete hauek?
Lan handikoak, baina aldi berean oso politak. Gauza asko egin behar dira egunero eta batzuetan kostatzen da kontu guztietara iristea, baina dena berria da eta ez dago aspertzeko astirik. Honaino ekarri gaituen bidea luzea eta zaila izan da, baina orain aurrera begiratu behar dugu.
Zein da martxan duzuen programazioa?
Esan dezakegu, gure plan operatiboan jasota zegoena. Hala ere, ikus-entzunezko ekipoak iritsi bitartean –aste honetan muntatzen ari dira–, momentuz formato txikiko jarduerak bideratzen ari gara; kontzertu akustikoak, antzerki jarduerak, aurkezpenak, ikastaroak eta tailerrak, zinema-saioak. Mota askotako jarduerak publiko desberdinei zuzenduta. Informazio zehatzagoa jasotzeko –agenda, sarreren salmenta...– onena iak.eus gure webgunera jotzea da.
Harrera ona izaten ari da gasteiztarren aldetik?
Bai. Jendea gustura dator, eta oro har, aurreikuspenak betetzen ari dira. Bazegoen IAKren gogoa!
Zein da datorren urterako kultur programa?
Kultura programazioaren aldetik, kontzertuak, antzerkia, zinema-saioak, bakarrizketak, bertsoak, magia ikuskizunak, familia jarduerak; formakuntza jarduerei dagokienez, Euskaldunentzako Jabetze Eskola, robotika tailerrak, ZTIAM; kultur-udalekuak, egonaldi artistikoak, espazioen lagapenak, taberna...
Zein da zuen helburu nagusia?
Lau helburu nagusiak dira, hurrenez hurren, euskararen erabilera sustatzea, normalizazioaren alde lan egiten duten eragileen topagune erreferente izatea, euskal kultura zabaltzea eta sustatzea, eta euskarazko kultura-sorkuntza sustatzea. Herritar guztiak IAKra hurbiltzera eta parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Euskararen etxea euskatzale eta kulturzale guztion etxea izatea nahi dugu. Eta informazio zehatzagoa izateko, iak.eus webgunea.
Zein da zuen ustez euskararen egoera egun Araban?
Ezagutzan igoera nabarmena gertatu da azken urteotan, baina erabileran oraindik ez da behar adina nabaritzen. Horretan IAKk zeresana izan nahi du; herritarrei euskarazko eskaintza zabala eskaini behar diegu, aisialdian euskaraz gozatzeko.
Hobetzen ari gara?
Gasteiz, edo Araba mailan, baietz esango nuke, kontuan hartuta oso egoera kaskar batetik gatozela. Euskal Herri mailan egoera askoz nahasiagoa da. Bestalde, umeek euskara ikastolan edo gurasoekin ikasten dute, baina nerabezarora iritsita ahazten zaie, antza. Aurkia ezagutza maila bada, ifrentzua hizkuntzarekiko atxikimendu falta izan liteke.