Gasteizko Pilar auzoko gizarte etxea eta hainbat kolektibo kalera aterako dira askotariko egitarauarekin bigarren urtez jarraian, Pilar auzoa kalean izenburupean. Zehazki, kirol eta musika arloko jolasak eta jarduerak izaongo dira ostegunean, maiatzaren 23an, 17:00etatik 20:00etara, Nikaragua, Caracas eta Venezuela kaleetan.

Ekimena iaz sortu zen, Pilar auzoaren sorreraren 60. urteurrena ospatzeko

Ekimena iaz sortu zen, Pilar auzoaren sorreraren 60. urteurrena ospatzeko, eta urtero antolatzen jarraitzeko asmoa dute. "Eguraldi ona iristen denean, gozamena da normalean barrualdean egiten ditugun jarduerez kalean gozatzea", azaldu du Miren Fernandez de Landak Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak.

"Horren bidez, auzoan egiten diren jarduerak ezagutarazi eta hedatu nahi ditugu; izan ere, seguru gaude interesa duten pertsonak izango direla eta ekimenak horietara gerturatzea erraztuko duela. Gainera, kaleko jarduerek belaunaldi arteko topaketa bultzatzen dute", gaineratu du.

Horrela, petanka, eskrima, xakea, saskibaloia, eskubaloia eta muay thai prasktikatu ahalko dira, eta, musikari dagokionez, perkusio tailerra eta DJ bat izango dira. Gainera, adinekoentzako (Holandako billarra, igel-toka, konoak, uztaiak eta beste jolas tradizional batzuk) eta haurrentzako (tailerrak, eskulanak eta aurpegi-margoketa) jolasak ere izango dira.

Erakunde laguntzaileak izango dira klub hauek: Muay Thaiko Rak Nuua, saskibaloiko Arabako taldea, petanka eta eskubaloiko Gure auzune, eta eskrimako Saarvi, xakeko Arabako federazioa eta Mugarik gabeko Musikariak elkarteko Tximurka eskola. Udalari dagokionez, Pilarreko BIZANek eta gizarte-etxeak hartuko dute parte (azken horrek, ekitaldiaren koordinatzaile gisa).