Tuvisa Gasteizko hiri autobusen operadoreak 16.567.625 pertsona garraiatu ditu 2023an, aurreko marka zuen 2019. urteko kopurua %2,2 gaindituta. Gainera, hiru urteko epean, 2022ko bidaiarien guztizko kopurua bikoiztu du, urte hartan erabilera kopuruak beherakada handia izan baitzuen pandemiaren ondorioz.

Horrela, Gasteizko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, 2023an zehar izandako erabilera datuen bilakaera ona baieztatu da, "protagonista argia" BEI autobus elektriko adimenduna izanik, 2019an lortutako maximo historikoan baino 1.575.880 erabilera gehiago izan baititu.

BEIko linean pilatu zen hiri autobusean egindako bidaia guztien bosten bat, eta, alde handiarekin, gehien erabiltzen den linea da. Jarraian datoz L4 Lakua-Mariturri eta L6 Zabalgana-Arkaiate. Lehen bi lineek nabarmen gainditu dituzte pandemia aurreko erabilera mailak, eta gauza bera gertatu da L3 Betoñu-Zumakadi linearekin; azken linea horrek 50.000 erabiltzaileren muga gainditu zuen abenduan, seguru asko Goikolarrako biztanlerian pixkanaka gertatu den gorakadari esker.

BUX zerbitzuak 12.473 erabilera izan ditu eta, aurreko urteko zenbateko handienarekin alderatuta, %25,32ko gorakada izan da. Gainera, 2023an orokortu egin da hobariak jasotzen dituen BAT txartelaren erabilera; horri esker, 12 urtetik beherakoak doan joan daitezke eta, formula horren bidez, urtebetean milioi bat bidaia inguru izan dira.

Tuvisaren kontseiluan aurkeztu dituzte datuak, eta, aldi berean, hiri autobusetara patinete elektrikoekin igotzea debekatzeko proposamena onartu dute. Bateria bidezko mugikortasun pertsonaleko ibilgailuetan gertatutako bat-bateko leherketa edo suteekin lotutako gorabeherak direla eta, hainbat esparrutako garraio agintaritzek hartu dituzten antzeko erabakiekin bat dator neurria. Akordioa martxoaren 1ean sartuko da indarrean.