Ogeta pilotalekuan jokatuko da urtarrilaren 14an, igandea, 17:00etan, 2024ko Binakako Txapelketako ligaxkako bederatzigarren jardunaldiko partida, Altuna III-Martija eta Peio Etxeberria-Zabaleta bikoteen artekoa. Udal Kirol Zerbitzuak bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu, azaldu zuten atzo Gasteizko Udaleko kirol sailetik prentsa-ohar baten bitartez.
Horrela, eta ildo beretik jarraituz, Gasteizko Udaletik prentsa-ohar horren bitartez azpimarratu zutenez, zozketan parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 12ko, ostiraleko, 14:00ak arte eman ahal izango dute izena udalaren webgunean horretarako egokitutako formularioaren bidez. NAN edo AIZ bakoitzeko izen-emate bakarra onartuko da eta beharrezkoa izango da 16 urte beteta izatea. Irabazleen izenak urtarrilaren 12an bertan ezagutaraziko dira.
"Zozkatutako sarrera bikoitzak Ogeta pilotalekuko leihatilan jaso beharko dira partida baino ordubete lehenago, 16:00etatik 17:00etara bitartean", azpimarratu zuten Gasteizko Udaletik aipatutako prentsa-ohar horretan. Eta gaineratu zuten: "Sarrerak zozketan izena emandako pertsonarentzat (NANa erakutsi beharko du horretarako) eta harekin batera joango denarentzat izango dira (adinez nagusia edo adingabea izan daiteke)".
Jaialdia
Azkenik, eta ildo horretatik jarraituz, Ogetako jaialdia osatzeko, binakako beste bi partida ere jokatuko dira: Salaberria-Arbizu Egiguren Va-Eskuzaren aurka eta Dario-Erostabe Zabala-Aldaberen aurka. Sarrerak salgai daude entradasfronton.com webgunean, ondorioztatu zutenez.