Gasteizek airearen kalitatea hobetzeko ekintza-plan berria onartu du
Dokumentuak epe laburrera eta ertainera begirako ekintzak jasotzen ditu kolektibo zaurgarrienak babesteko
Gasteizko Udalak airearen kalitate hobetzeko 2023-2026rako ekintza-plana prest du. Bertan daude jasota “airearen kalitatea hobetzeko bidean aurrera egiteko ezarri eta adostu beharreko epe laburrera eta ertainera begirako jarduerak, arreta nagusia kolektibo zaurgarrienetan jarrita. Gasteizek airearen kalitate ona du eta beharrezkoa da hurrengo urteotan aurrerapen iraunkorra bermatuko duen testuingurua finkatzea eta horren inguruko zaintzari eustea”, azaldu du Ingurumeneko zinegotzi Borja Rodríguezek.
Sortutako dokumentua herritarrekin bederatzi hilabetez baino gehiagoz egindako prozesu parte-hartzearen bidez egindako lanaren emaitza da. Gasteizko Airearen Kalitate Planak ezarritakoaren arabera, gero eta osasungarriagoak diren kalitate mailak lortzea da helburua, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) finkatutako gomendio berrietara gerturatuta.
Parametro berri horiek 2030. urterako helburu kuantitatiboak finkatu dituzte neurketak egiteko garaian ebaluatzen diren kutsatzaile ugarien kontrolari dagokionez. Hamar mikra baino gutxiagoko diametroa (PM10) duten partikulei dagokienez, estazio guztiek balio bat bete behar dute urteko batezbesteko gisa. Aldiz, 2,5 mikra (PM2,5) baino gutxiagoko diametroa duten partikulen kasuan, estazio guztiek metro kubikoko hamar mikrogramoko urteko batezbestekoa bete behar dute eta gutxienez haietako batek bost mikrogramoko urteko batezbestekoaren azpitik egon beharko du.
OMEk ezarritakoaren arabera, hemendik zazpi urterako, nitrogeno dioxidoaren (NO2) kontroletan, estazio guztiek bete beharko dute metro kubikoko 20 mikrogramoko balioa urteko batezbesteko gisa eta haietako batek, gutxienez, hamar mikrogramoko kantitatearen azpitik egon beharko du.
Aurrez ezarritako balio horiek betetzeko, Gasteizko Airearen Kalitate Planak helburu orokor hauek ditu ezarrita: “pertsona guztien osasuna babestea, kutsakorra ez den eta ‘zero isurpenekoa’ den garraiorantz aldaketa egitea, atmosferara igorritako kutsatzaileen mailak gutxitzeko lagungarriak izango diren neurriak martxan jartzea eta airearen kalitate mailak kontrolatzea eta horien jarraipena egitea”, Borja Rodríguezek adierazi duenez.
Baina planak beste gai batzuk ere jorratzen ditu: airearen kutsadurarekin lotutako sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta heziketa sustatzea eta kudeaketarekin lotutako gardentasuna eta koordinazioa hobetzea, eta herritarrekin eta funtsezko eragile batzuekin elkarlanean aritzea.
2023eko helburu hori lortzeko, Planak 24 ekintza espezifiko jasotzen ditu eta horiek Udalak beste agiri batzuetan finkatutako beste 16 ekintzarekin bateratuko dira: Klimaren eta Energia Iraunkorraren Aldeko Ekintza Plana (PACES) edo Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana (PMSEP).
Aurrez ezarritako beste gai batzuekin batera (garraio arloko ‘zero isurpenetako’ aurrerapena, txirrindularientzako eta oinezkoentzako azpiegituretan egindako hobekuntzak edo PACESen eta PMSEPen energia arloko birgaitze-proiektuei bultzada ematea, adibidez), Airearen Kalitate Planak helburuak lortzeko prozesuaren azken maila gisa jarduera zehatzak jasotzen ditu.
Borja Rodríguezek azaldu duenez, bi dozena gai jasotzen dituen zerrenda horretan, “kutsadura atmosferikoari lotutako osasuneko eraginen sistema epidemiologikoa ezartzeko eta diseinatzeko lanak, edo kutsadura atmosferikoko kontzentrazio handia duten espazioetan oinarritutako irtenbideak sustatzeko” egitasmoak daude bilduta.
Garraioan emisioen neutraltasuna lortzeko bidean aurrera egiteko, Gasteizek BEI sistema du, esate baterako, eta emisio baxuko eremua martxan jartzeko eta hiri-diseinuko aldaketetan zein eskolarako bide seguru eta osasungarriak finkatzeko garaian airearen kalitatearekin lotutako aldagaia txertatzeko lanean ari dira.
Gainera, dokumentu berriak bereziki azpimarratzen duen ekintzetako bat da herritarrek airearen kalitatearekin lotutako informazioa kontrolatu eta horri jarraipena egin ahal izateko aukera. “Isurpen atmosferiko geoerreferentziatuaren inbentarioa eta haren eguneraketa-prozedura egingo da. Gainera, interesguneetan, airearen kalitatea aztertzeko kostu baxuko ekipoak gehituko dira eta epe laburrerako ekintza-plana prestatu eta ezarriko da Gasteizen gertatutako kutsadura handiko gorabeherei erantzuteko”, adierazi du Rodríguezek.
Kalitate-plan hori Gasteizko 2030eko airearen kalitate-estrategiaren baitan kokatu behar da. Herritarrentzako, tokiko ekonomiarako eta ekosistemarako onurak ugaritzea du helburu planak. Testuinguru estrategiko hori 2023-2030 denbora-tarterako bi ekintza-plan prestatuta planteatuko da. Lehen dokumentua duela gutxi onartutakoa izango da eta 2026ra arteko aldia bilduko du, eta bigarrenak, aldiz, 2026. urtetik hamarkada honen amaiera arteko tartea jasoko du.
Temas
Más en Gasteiz
-
El Casco Viejo vuelve a ser el barrio que más quejas presenta ante la Síndica de Vitoria, seguido del Ensanche
-
Ingurumenaren Jaia ospatuko dute igandean Gasteizko Ataria Hezeguneen Interpreazio Zentroan
-
Detenido tras retener a una mujer en un domicilio de Vitoria
-
La Ertzaintza finaliza el operativo Mendeku con 39 mujeres liberadas