Lan, ahalegin eta dedikazio handia egin ondoren, Aritz Ibarraren lana (besteak beste, Martin Ttipia K.E., Nabarralde eta Kaleko Urgandak taldeen laguntzarekin) gaur arratsaldeko zazpietan aurkeztuko da Oihaneder Euskararen Etxean. Gasteiz 1200-Defentsa amaigabea izeneko eleberri grafikoa aurkeztuko d, hain zuzen ere. Egun eta ordu berean Donostian ere aurkeztuko dute, Okendo Kultur Etxean. Hurrengo asteetan, Hernaniko Hernanikomiken (azaroak 19), Algortako Azebarri Kulturgunean (azaroak 25), Iruñeko Kondestable Jauregian (abenduak 1) eta Durangoko Azokan izango dira, Nabarralderen saltokian. Urte berriarekin batera, Euskal Herri osotik aurkezpenak egitea dute helburu. Bitartean, komikia une oro salgai egongo da Zuloa liburudendan (Hedagile kalea, 21), Nabarraldereren on-line dendan, eta aurkezpenak eskatzeko aukera martinttipiake@gmail.com helbidean.

Gasteiz 1200: defentsa amaigabea komikia, Aritz Ibarra ilustratzailearen lana da, Martin Ttipia K.E., Nabarralde eta Kaleko Urgandak, besteak beste, lagunduta. Nabarralde eta Martin Ttipiaren eskutik argitaratuta, komiki honetan, Nafarroako Gasteiz hiriak 1199 eta 1200 urteen artean Gaztelako tropen aurrean izan zuen erresistentzia irmoa kontatzen da. “Gure historiako gertakari epiko eta erabakigarrienetako bat, gure memoria kolektiboan bidegabeki baztertua”, azaldu du Aritz Ibarra ilustratzaileak. Zehazki, Gaztelako Erresumako gudarosteak Gasteiz nafar hiribilduari ezarritako setioa kontatzen da lan horretan, 1199 eta 1200 urteen artean, eta bere testuingurua. “Nafarroako Erresumaren mendebaldea konkistatzea zen kanpainaren helburua, eta bertako gotorleku nagusia zen Gasteiz. Gasteiztarrek suharki defendatu zuten hiria zortzi edo bederatzi hilabetez. Gure arbasoei gorazarre egitea, eta irakurlea defentsa ikaragarri honetan murgiltzea da asmoa”, gaineratu zuen. Lan honen ilustratzaileak berak azaltzen duenez, hainbat dira liburu honen helburuak: lehenik eta behin, euskaldunen etorkizuna aldatu zuen konkista horren berri ematea. Eta, bigarrenik, iraganeko erresisten-tzia gogoratzea. Bere hitzetan, “lehenik, euskaldunon etorkizuna zeharo aldatu zuen konkista hau ezagutaraztea, gasteiztarren artean ere gutxi ezagutzen da eta. Egoera hau irauli nahi dugu. Bigarrenik, eta euskaldunon autoestimuari begira, garrantzitsua iruditzen zaigu iraganeko herri-erresistentzia irmo hau gogora ekartzea, eta honek dakarren epika ere. Munduko edozein naziotan egiten duten modura”.

Norentzat

Lan hori, bere formatuagatik, gazteriari bereziki eta, oro har, komikiak gustuko dituen publikoari zuzenduta dago. “Baina komikiarekin batera emandako informazioagatik, gure herriarekiko interesa duen edo historian gehiago sakondu nahi duen edonorentzat ere erakargarria izan daiteke. Jende multzo ezberdinengana iritsi daitekelakoan gaude”, zehaztu zuen. Lankidetzaren gaineran, “Martin Ttipia elkarteko lagunok, nork bere erara, osatu dugu lan hau. Kaleko Urdangak musika taldeak soinua jarri dio narrazioari. Nere inguruko lagunek ere beren alea jarri dute, lan neketsu hau errazago eginez. Eta Nabarralde Fundazioak argitalpen lanetan lagundu digu. Orain arte estalita egon den gertakizun hau mahaigaineratzeko beharrak inguruko jendea piztu du, eta guztion ekarpenez kalitatezko produktu hau sortu dugu”, ondorioztatu zuen. Interesa dutenek, gaur arratsaldean izango dute aukera lan hau sakonago ezagutzeko.