Aurten Aihotz plazara itzuliko da GEU Elkartearen txosna, abuztuaren 3tik 10era bitartean
Gasteizko jaietan euskararen presentzia indartzearen helburuarekin. “Abuztuaren 3an izango dugu inaugurazioa eta irekiera, kultur programazio erakargarriarekin: 18:00etan, txosnareninaugurazioa eta GEU-sariaren banaketa izango da (Oihaneder Euskararen Etxeari emango zaio, 2014tik egindako lanagatik eta gure arteko elkarlana saritzeko); 19:30ean Igandeak Jai ikuskizuna ospatuko da Aitor Vinagret eta Ane Gebararen eskutik; 20:00ak aldera Azido Folkloriko taldearekin dantza plazan bat antolatuko da eta, jaialdiari amaiera emanez, 22:00etan Trikoma bandak kontzertu bat eskainiko du”, azaldu zuten atzo Geu Elkarteko kideek.
Horrela, eta ildo beretik jarraituz, aurten, Gasteizko jaietan, txosna hau indartsu itzuliko da euskararen erabilera bultzatzen jarraitzeko, bi urtez txosnarik gabe egon ondoren, koronabirusaren pandemia dela eta. Izan ere, pandemiaren ondorioz, “2019a izan zen txosna jarri genuen azkena. 2013an Blusa eta Nesken Elkartearen bidez hartu zuen GEU elkarteak plazako ardura eta 2019tik GEU Elkartea da zuzenean kudeatzen duena, 200 boluntarioen babesaz eta laguntzaz. Eta aurten, zazpigarren urtez Aihotz plazan loratuko da elkartea”, gaineratu zuten. Hala, elkarlana, zoriona, euskara, maitasuna, kalea, indarra, guztiona eta jaia. Hitz hauen lelopean gauzatuko dugu loraldi hau, itxaronaldi luze bateen ostean, inoiz baino biziago. Sei langile izango gara loraldia aurrera aterako dugunok, beti ere, GEU inguratzen duten boluntarioen lan ukaezinari esker. Izan ere, aurten ere txosna bederatzi egunez bideratzeko txanda deialdia ireki dugu, lau orduko txanda laburrekin. Berebizikoa da guztion artean GEU txosnaren loraldia aurrera eramatea, jai seguru, polit eta komunitario batzuen bidez ureztatuz”, azaldu zutenez. Horrela, Geu Elkarteak normaltasunari heltzen dio ia erabat, eta beraientzako leku berezi batean kokatzen dira, herritar guztientzat ezaguna den tokian. Egun horietan irabazten duten diruarekin, programazio zabala egiten jarraituko dute urtean zehar. Programazio hori, gehienetan, doakoa da herritarrentzat, eta Gasteizen euskararen erabilera beti sustatzea du helburu.
Izan ere, zer egiten du Geu Elkarteak? Geu Gasteiz Euskalduna irabazi asmorik gabeko elkartea da. 1992. urtean sortu zen Gasteizen euskararen erabilera sustatzeko eta euskaldun eta euskaltzaleen komunitatea trinkotzeko asmoarekin. Gaur egun 800 bazkidetik gora ditu eta lan boluntarioa egiten duten pertsonez gain soldatapeko zortzi langile ditu. Batzar Orokorrean aukeratuak diren zortzi kidek osatutako Talde Dinamizatzaile bat arduratzen da elkartearen urteroko ibilbidea landu eta norabidea markatzeaz.
Azken urteotan GEU elkartearen tamaina nabarmen handitu da; eta horrekin batera, elkartearen egitura sendotzea lortu da. Egitasmo berriak jarri dira martxan eta arlo ezberdinetan aritu da lanean: hedabideak, kultura, aisialdia, mintza praktika, etab… “Urte hauetan guztietan elkarlana izan da lanerako oinarrietako bat. Elkarlana Gasteiz, Araba zein Euskal Herriko eragile, erakunde eta norbanakoekin; izandako garapenean ezinbestekoak izan dira elkarlan esperientzia hauek. Euskaltzaleen Topagunearen -euskara elkarteen federazioaren- bazkidea da GEU elkartea, eta bertako Zuzendaritza Batzordean parte hartzen du. Era berean, Gasteizko Udaleko Euskara Elkargunearen zein Arabako Foru Aldundiko Euskara Batzordearen partaide da. Horrez gain, ALEA astekaria argitaratzen duen Arabako Alea Komunikazio Taldea S.L. enpresako akziodun nagusia da”, azpimarratzen dute Geu Elkartetik.
Bestalde, AEK ere indartsu ari da lanean uda honetan, Araba osoan euskararen erabilera bultzatzen jarraitzeko.
Barnetegiak
Horregatik, joan den astelehenean abiatu ziren AEKn aurtengo udako barnetegiak, Arantzan (Nafarroa) eta Foruan (Bizkaia). Barnetegiek euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen diete ikasleei, eta horregatik antolatzen dira, eskolez gain, beste hainbat ekintza, euskal giroan murgiltzeko. Esate baterako, Arantzako euskalduntze barnetegiko taldeak txangoa egin du ikastaroaren laugarren egunean Baztanen barna: Urdazubiko leizeak, Infernuko Errota zaharra, Amaiurko Gaztelu Beltza... bisitatu ondoren, Elizondon amaitu dute eguna. Foruko familia barnetegian, berriz, gurasoak euskara eskolak jasotzen dituzten bitartean, begiraleak arduratzen dira haurrez. Lehen hamabostaldiko barnetegira hamar guraso eta hamalau ume bertaratu dira, euren arteko harremanetan euskararen presentzia handitzeko asmoz: “Etxean hitz egiteko, eskolako lanetan seme-alabei laguntzeko...”. “Lehen esperientzia izaten ari da guztientzat, eta ari dira poliki-poliki ohitura berriak barneratzen. Hasierako egunei buruz, gurasoek oso balorazio ona egin dute, eta errepikatzeko moduko aukera iruditu zaie, haurrak ere oso ondo moldatzen ari direlako, hasierako beldurrak alde batera utzita. Umeek diotenez, oso ongi pasatzen ari dira, begiraleekin jolasak eta tailerrak egiten, Foruko parkean jolasten eta lotara joan aurretik ping-pongean eta kartetan, besteak beste”, azaldu zutenez.