Gizarte Segurantzak 1.019.773 afiliatu zenbatetsi ditu ekainean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), hau da, aurreko hilean baino 560 gehiago (+%0,05), eta horrela, marka berria ezarri du. Era berean, 2023ko ekainaren alderatzen bada, Gizate Segurantzak 16.819 kide gehiago izan ditu, hau da, %1,68ko gehikuntza gertatu da, Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera.

Lurraldeka, Gizarte Segurantzak 168.167 afiliatu ditu Araban, 511.402 Bizkaian eta 340.204 Gipuzkoan. Hil arteko gehikuntzarik handiena Gipuzkoan izan da, maiatzean baino 692 afiliatu gehiago zenbatetsi baitira ekainean (+%0,20); Bizkaian 241 gehiago izan dira (+%0,05), eta Araban 374 gutxiago (-%0,22).

Joan den urteko ekainarekin alderatuta, berriz, Gizarte Segurantzak 8.793 kide gehiago erregistratu ditu Bizkaian (+%1,75), 4.627 gehiago Gipuzkoan (+%1,38) eta 3.398 gehiago Araban (+%2,06).

Azkenik, Gizarte Segurantzak EAEn ekainean zenbatetsi dituen afiliatu guztietatik 848.369 erregimen orokorrekoak dira, 27.890 etxeko langileak eta 2.509 nekazaritza langileak. Gainera, 167.274 harpidedun autonomoak dira, eta 4.130 itsasoko langileak.

Beste datu batzuk

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 55 langabe gutxiago zenbatetsi dira ekainean aurreko hilaren aldean (-%0,05), eta orotara 106.307 daude. Aurreko urteko ekainarekin alderatuta, berriz, 988 langabe gehiago izan dira (+%0,94), Lanbide enpleguko euskal zerbitzu publikoak erregistratutako datuen arabera.

Sexuaren arabera, 61.673 emakumezko eta 44.694 gizonezko daude langabezian, aurreko hilean baino 368 gehiago (+%0,60) eta 423 gutxiago (-%0,94), hurrenez hurren; 2023ko ekainaren aldean, berriz, 334 emakumezko gehiago (-%0,54) eta 654 gizonezko gehiago (+%1,49) daude langabezian.

Adinari begiratuta, 30 urtetik beherako 16.988 langabe daude EAEn, aurreko hilean baino 139 gehiago (+%0,82) eta duela urtebete baino 999 gehiago (+%6,25); 30 eta 44 urte arteko langabeak 30.421 dira, maiatzean baino 9 gutxiago (-%0,03) eta iaz baino 363 gutxiago (-%1,18), eta 45 urtetik gorakoak 58.958, duela hilabete baino 185 gutxiago (-%0,31) eta 2023ko ekainean baino 352 gehiago (+%0,60).

Sektoreei dagokienez, langabezia guztietan jaitsi da ekainean aurreko hilaren aldean, zerbitzuetan izan ezik, 285 langabe gehiago zenbatetsi baitira (+%0,38). Horrela, industrian 208 langabe gutxiago izan dira (-%2,05), eraikuntzan 103 gutxiago (-%1,71), nekazaritza eta arrantzan 19 gutxiago (-%0,98) eta aurreko enplegurik gabeko kolektiboan 10 gutxiago (-%0,07).