Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek 2023ko abenduaren 31ra arte ogasunarekin 600.000 eurotik gorako zorra duten zergadunen zerrendak argitaratu dituzte ostiral honetan.
Horrela, Arabako Foru Ogasunak jakinarazi duenez, 53 zergadun dira guztira, eta 160.302.268,79 euro utzi dizkiote ordaindu gabe.
Zerrendan 2022. urtearen amaieran onetsitako erregulazioa aplikatu da, zeinaren bidez nabarmen aldatzen baitira Arabako Foru Aldundiaren zordunen zerrendan sartzeko betekizunak, batetik, zerrendan sartzea eragiten duen zorraren atalasea 600.000 eurora jaitsi delako, eta, bestetik, erantzule solidarioak ere sartu direlako. Aldaketa horren ondorioz, argitaratutako zerrendako datuak ezin dira alderatu aurreko urteetako zerrendekin.
Era berean, 53 zordunetatik 28 porrot prozeduretan sartuta daude edo egon dira, eta 28 zordun horiek metatutako zorraren proportzioa zerrendan argitaratutako guztiaren %65,84 da.
Zerrendako zordunak pertsona fisikoak badira (sei daude zerrendan), haien izen-abizenak eta NAN zenbakia ematen dira identifikatzeko; denen artean 25,8 milioi euroko zorra dute. Pertsona juridikoei eta entitateei dagokienez, sozietatearen izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia argitaratzen dira; 47 erakundek ez dituzte ordaindu 134,5 milioi euro.
Ordaintzeke dauden zor eta zehapenen baterako zenbatekoa ere agertzen da zerrendan, baina ez dira agertzen milioi bat eurotik gorako zorra duten zordun guztiak. Ez dira sartu atzeratuta, zatituta edo etenda dauden guztiak, edo ordaintzeko borondatezko epean daudenak.
Zordunei buruzko informazioa publikoa izango da hiru hilabetez. Era berean, Datuak Babesteko Legea betez, Araba Foru Ogasunak beharrezko neurriak hartu ditu edukiak eskuragarri ez egoteko Interneteko bilaketa motorren bidez.