Síguenos en redes sociales:

EAEko BPG %1,7 igo da eta 19.300 lanpostu baino gehiago sortu dira urteko lehen hiruhilekoan

EAEko BPG %1,7 igo da eta 19.300 lanpostu baino gehiago sortu dira urteko lehen hiruhilekoanBIH4C / EP

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordinak (BPG) %0,6 egin du gora 2024ko lehen hiruhilekoan aurrekoaren aldean, eta hazkunde zenbatetsia %1,7koa izan da joan den urteko hiruhileko beraren aldean. Enpleguari dagokionez, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuen terminoetan neurtuta, %0,5 igo da urteko lehen hiruhilekoan aurrekoaren aldean, eta horrek, urte arteko terminoetan, %2,0ko hazkundea dakar, hau da, guztira, 19.349 lanpostu garbi gehiago 2023ko lehen hiruhilekoan baino, Eustat euskal estatistikla erakundearen arabera.

Urteko lehen hiruhilekoko BPGren hazkundearen zenbatespen horiek hamarren bat hobetu dituzte apirilaren 23ko hiruhilekoko kontu ekonomikoen aurrerapenerako zenbatetsitakoak, bai urte arteko terminoetan, bai hiruhileko artekoetan. Enpleguaren hazkundearen zenbatespena, aldiz, ez da aldatu.

EAEko ekonomiarako zenbatetsitako lehen hiruhilekoko urte arteko hazkundea Eurogunean eta Europar Batasun osoan baino nabarmen handiagoa izan da, eta Espainiako ekonomiarako zenbatetsitakoa baino zazpi hamarren txikiagoa. AEBetako ekonomiaren hazkundearen zenbatespenik berriena %2,9koa da.

Eskaintzaren ikuspegitik, urteko lehen hiruhilekoan balio erantsiaren urte arteko bilakaera positiboa izan da EAEn sektore handi guztietan, lehen sektorean izan ezik, %0,5eko beherakada izan baitu balio errealetan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, nahiz eta aurreko hiruhilekoaren aldean %5,4 hazi den.

Industriaren balio erantsiak %0,1eko urte arteko aldakuntza positiboa izan du aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta %1,1ekoa aurreko hiruhilekoaren aldean. Manufaktura industria erritmo handixeagoan hazi da, bai urte artean (%0,4), bai aurreko hiruhilekoaren aldean (%1,5).

Eraikuntzaren balio erantsia %2,0 hazi da aurreko urteko lehen hiruhilekoaren aldean, 2023ko azken hiruhilekoaren aldean %0,9 igo ondoren. Zerbitzuen sektorearen jarduera globala urteko lehen hiruhilekoan %2,2 hazi da urte artean eta %0,3 hiruhileko artean.