BPGd-ak % 1,6ko igoera izan du hirugarren hiruhilekoan urtetik urterako tasan
15.000 lanpostu baino gehiago sortu dira
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko Barne Produktu Gordina (BPGd) % 0,2 igo da 2023ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, BPGd-ak % 1,6ko igoera izan du.
Enpleguak (lanaldi osoaren baliokideak diren lanpostuetan neurtuta), bestalde, % 0,4ko igoera izan du urteko hirugarren hiruhilekoan aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta urtetik urterako igoera, berriz, % 1,6ra iritsi da. Hortaz, 2022ko hirugarren hiruhilekoan baino 15.326 lanpostu garbi gehiago izan dira.
Zenbatespen horiek landu diren unean eskuragarri zegoen informazio ekonomiko koiuntural guztia biltzen dute, eta Eustaten urriaren 17ko Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenean BPGd-aren eta enpleguaren inguruan eskainitako zenbatespenen berdinak dira, bai hiruhilekotik hiruhilekora, bai urtetik urtera.
Euskal AEko BPGd-ak hirugarren hiruhilekoan izan duen urtetik urterako igoera zenbatetsia Euroguneko ekonomiaren inguruan egindako azken zenbatespena eta Europar Batasun osoaren inguruan egindakoa baino handiagoa izan da (% 0,1 bi kasuetan). Urriaren 27ko Espainiako Hiruhileroko Kontabilitate Nazionalaren Aurrerapenaren arabera, Estatuan % 1,8ko igoera izan da. Eskuragarri dagoen azken zenbatespenaren arabera, Ameriketako Estatu Batuetako ekonomia %2,9 igo da urteko hirugarren hiruhilekoan.
Eskaintzaren ikuspuntutik, balio erantsiaren urtetik urterako bilakaera (2023ko hirugarren hiruhilekoa, 2022ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta) positiboa izan da sektore handi guztietan, lehen sektorean izan ezik.
Lehen sektorearen balio erantsiak % 2,3ko beherakada izan du termino errealetan aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta % 9,9 igo bada ere.
Industriaren sektorean, balio erantsia % 0,2 igo da urtetik urtera, eta, manufaktura-industriaren kasuan, igoera % 0,4koa izan da. 2023ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, industriaren sektorearen balio erantsia % 2,4 jaitsi da, eta manufaktura-industriaren kasuan, jaitsiera % 2,6koa izan da.
Eraikuntzaren sektorean, berriz, 2023ko hirugarren hiruhilekoan balio erantsia % 2,9 igo da urtetik urtera termino errealetan, eta % 0,2ko jaitsiera izan du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Zerbitzuen sektorean, jarduera globalak % 2,0ko igoera izan du 2022ko hiruhileko berarekin alderatuta, eta balio erantsiak % 1,0ko igoera izan du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Azken hiruhilekoan, zerbitzuen sektoreak portaera positiboa izan du bereizitako hiru adarretan. Merkataritza, ostalaritza eta garraioaren adarraren balio erantsiak % 3,6ko igoera izan du aurreko urteko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 1,0koa aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Urtetik urterako igoera txikiagoa izan da higiezin-jarduerak, lanbide-jarduerak, jarduera zientifikoak, jarduera teknikoak, finantza-jarduerak eta aseguru-jarduerak biltzen dituen Gainerako zerbitzuen adarrean, % 0,5eko igoera izan baita urtetik urtera; aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, % 1,0ko igoera gertatu da.
Administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen adarrean, % 1,0ko igoera izan da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Balio erantsiak 2022ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta izan duen igoera, berriz, % 2,4koa izan da.
Agregatu sektorialen urtetik urterako portaeraren ondorioz, Euskal AEko balio erantsiak % 1,5eko igoera izan du 2023ko hirugarren hiruhilekoan. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, igoera txikiagoa izan da (% 0,2koa, urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta).
Eskariari dagokionez, osagaien portaera desberdina izan da urtetik urtera zein hiruhilekotik hiruhilekora.
Etxeen eta etxeen zerbitzurako irabazi asmorik gabeko erakundeen azken kontsumoko gastuak (kontsumo pribatua) % 1,5eko igoera izan du urtetik urtera. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, % 1,5 jaitsi da.
Administrazio publikoen azken kontsumoko gastua (kontsumo publikoa), bestalde, % 0,6 jaitsi da 2022ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta. Hala ere, aurreko hiruhilekoan baino % 0,5 handiagoa izan da.
Temas
Más en Economía
-
Basquevolt centrará su estrategia en el desarrollo de electrolito para las baterías
-
CAF logra un contrato para el suministro de 23 tranvías en Taiwán por 200 millones
-
Una rebaja de tipos para evitar riesgos
-
Bizkaiko Aldundiak bi milioi banatuko ditu hirugarren sektore sozialeko elkarteen programei laguntzeko