Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko ingurumen-ekonomiak 1.498 milioi euroko balio erantsi gordina (BEG) sortu zuen 2021ean, hau da, BPGd-aren % 1,92. 2020. urtearekin alderatuta, ingurumen-arloko BEGaren urtetik urterako tasak % 6,8ko igoera izan zuen, hau da, ekonomia osoaren barne-produktu gordinak aldi berean izan zuen igoera (% 8,6) baino txikiagoa.

Ingurumen-ondasun eta -zerbitzuen kontua (IOZK) Eurostaten metodologiari jarraikiz lantzen den ingurumen-kontuen sistemaren parte da. Kontu horiei esker, ekonomia- eta ingurumen-alderdiak koherentziaz integratu daitezke Kontabilitate Nazionalaren sisteman. Ingurumen-ondasun eta -zerbitzuen azpisektorea (ingurumen-ekonomia) ingurumena babesteko ondasunak eta zerbitzuak produzitzen dituen ekonomiaren atalak eta ingurumenaren gaineko presioak murrizteko edo desagerrarazteko baliabide naturalak kudeatzeko jarduerek osatzen dute.

Sektore ekonomikoak kontuan hartuta eta BEGari dagokionez, Zerbitzuak sektoreak egindako ekarpena nabarmendu zen 2021. urtean (% 28,1). Ondoren, honako sektore hauek kokatu ziren: Erauzketa- eta manufaktura-industriak (% 25,7), Ur-hornidura, saneamendua eta hondakinen kudeaketa (% 22,2), Eraikuntza (% 16,6), Energia elektrikoaren, gasaren, lurrunaren eta airearen hornidura (% 4,7) eta, azkenik, Nekazaritza, abeltzaintza, basozaintza eta arrantza (% 2,7).

Denboran izandako bilakaera kontuan hartuta ikusten denez, sektoreren batean 2021eko ingurumen-arloko BEGa ez da hurbildu pandemiaren aurreko balioetara. Adibidez, Nekazaritza, abeltzaintza, basozaintza eta arrantza sektorean ingurumen-arloko BEGaren urtetik urterako % 52,0ko hazkunde-tasa izan bada ere, 2019ko balioen azpitik geratu da oraindik. Era berean, Eraikuntza sektorea ez adierazitako mailetara iritsi, eta % 9,1eko igoera izan du. Bestalde, Energia elektrikoaren, gasaren, lurrunaren eta aire girotuaren hornidura sektoreak % 12,1eko beherakada izan du. Pandemiaren aurreko mailetara iritsi diren edota maila horiek gainditu dituzten sektoreak honako hauek izan dira: Ur-hornidura, saneamendu-jarduerak, hondakinen kudeaketa eta deskontaminazioa (urtetik urterako tasa % 12,1 izan da), Erauzketa- eta manufaktura-industriak (% 5,5eko tasa) eta, azkenik, Zerbitzuak (goranzko joerari eutsi dio % 3,6ko igoerarekin, baina 2020ko igoera —% 7,0— baino txikiagoa izan da).

Ingurumen-arloko enplegua, dedikazio osoaren baliokide diren lanpostuetan (DOB) neurtua, 2021eko DOB enplegu guztien % 2,30 izan da, hau da, 2020ko ehunekoa baino handixeagoa. Sektore ekonomikoa kontuan hartuta eta garrantzi-ordenaren arabera, Zerbitzuak sektoreko enpleguak ingurumen-arloko DOB enplegu guztien % 30,8 dira. Sektore horren atzetik, honako hauek kokatu dira: Erauzketa- eta manufaktura-industria (% 26,2), Eraikuntza (% 20,8) eta Ur-hornidura, saneamendua eta hondakinen kudeaketa (% 20,1). Bestalde, ekarpenik txikieneko sektoreak honako hauek izan dira: Nekazaritza, abeltzaintza, basozaintza eta arrantza (% 1,9) eta Energia elektrikoaren, gasaren, lurrunaren eta airearen hornidura (% 0,2).

Ingurumen-zifrak ekonomiaren guztizkoarekin erlazionatzen dituzten adierazle nagusiak kontuan hartuta, ingurumen-arloko BEGa 2021. urteko BPGaren % 1,92 izan da, eta dedikazio osoko enpleguak, berriz, enplegu guztien % 2,30.