Julen Agirrezabala atezainak gutxienez 2027ko ekainaren 30era arte jarraituko du Athletic Cluben, eta taldeak alde bakarretik beste bi urte luza dezake kontratua, 2029ra arte. Modu honetan, talde zuri-gorriak atezain postua finkatu du erabat, Unai Simonek 2029ra arte berritu baitzuen kontratua joan den astean.

Athleticek bere webgunean jakinarazi duenez, Agirrezabalaren kontratu berriaren sinadura ostiral honetan egin da San Mamesen, Jose Angel Iribar, Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez futbol zuzendaria bertan zirela. "Julen Agirrezabalaren alde egindako apustuak sendotasuna areagotzen du eta leialtasuna elkarrekikoa da", nabarmendu du talde zuri-gorriak.

Antiguoko KEtik gaztetan iritsitako atezain errenteriarrak dagoeneko 36 partida jokatu ditu Bilboko taldearekin

23 urterekin, Antiguoko KEtik gaztetan iritsitako atezain errenteriarrak dagoeneko 36 partida jokatu ditu Bilboko taldearekin. Erdia baino gehiago Kopakoak izan dira (20), eta "esperientzia emankorrak" bizi izan ditu lehiaketa horretan lehen taldean daramatzan hiru denboraldietan: bi finalerdi jokatu ditu eta, aurten, RCD Mallorcaren aurkako finalean "erabakigarria" izan zen, 120 minutuetan zehar taldea mantentzeko geldiketa bikainak eginez eta penaltien txandan Morlanesi jaurtiketa geldituz.

Zuzendaritza Batzordeak egindako ildoari jarraituz, Agirrezabalak Athletic Clubek proposatutako planteamendu ekonomikoa onartu du, aldagarri osagaia duen soldata egituran oinarritua eta helburu jakin batzuk betetzeari lotuta.