BILBO. Bilbaok azaldu duenez, edizio honetan bi berritasun egongo dira: Bizkaiko zenbait herritan jokatuko da txapelketa eta bikoteak sei izango da. Horrela, bikoteak bi taldetan banatu dira: A taldean, Olaizola II.a-Aretxabaleta, Urrutikoetxea-Zubieta eta Elezkano II.a-Rezusta, eta B taldean, Martínez de Irujo-Barriola, Berasaluze II.a-Untoria eta Ezkurdia-Merino II.a.

Txapelketaren sistema kanporaketa izango da, eta final laurdena, finalaurrekoa eta finala jokatuko dira. Uztailaren 17an eta 19an, bi final laurden jokatuko dira: lehenengoa Arrigorriagan izango da, uztailaren 17an, 22:00etan, Urrutikoetxea-Zubieta eta Elezkano II-Rezusta bikoteen artean, eta bigarrena, Mallabian, uztailaren 19an, 17:00etan, Berasaluze II.a-Untoria eta Ezkurdia-Merino II.a bikoteen artean.

Finalaurrekoak uztailaren 24an eta 26an izango dira. Hilaren 24an, 20:30ean, Martínez de Irujo-Barriola bikoteak B taldeko final laurdeneko irabazlearen aurka jokatuko du, Barakaldon, eta hilaren 26an, 17:00etan, Etxebarrin, Olaizola II.a-Aretxabaleta bikoteak A taldeko final laurdeneko bikote irabazlea izango du aurkari.

Finala uztailaren 31ean izango da, San Ignazio egunean, arratsaldeko 17:00etan, Bilboko Bizkaia frontoian, eta finalaurrekoetako bikote irabazleak izango dira aurrez aurre.

SARRERAK

Sarrerak salgai daude jada, Asegarce (656 799 423) eta Aspe (661 259 009) pilota enpresetan, 15, 20 eta 30 euroko prezioetan. Frontoietako txarteldegietan bertan ere erosi ahal izango dira kanporaketetarako sarrerak. Oinarrizko mailako pilota sustatzeko, doako 600 sarrera banatuko dira eskola ume diren pilotarien artean, Bizkaiko Euskal Pilotako Federazioaren bidez.

Lorea Bilbaok gogorarazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak, 2012. urtetik sustatzen duen txapelketa honen bitartez, euskal pilota bultzatu nahi du, "ikuskizun handia eskaintzeaz gainera pilotarien teknika erabakigarria den modalitate honen bidez".

Lehenengo edizioan, 2012koan, Titín III.a-Barriola bikoteak irabazi zuen, 2013koan, Olaizola II.a-Merino II.a bikoteak, eta iaz Xala-Barriola bikoteak. Laugarren edizio honetan, "Bizkaiko Foru Aldundiak eta gobernu berriak berretsi egiten dute beren konpromisoa: pilotazaleei kalitate handiko partidak eskaintzea eta gure lurraldean euskal pilota sustatzea", azaldu du.