Asmo onekoa bai, baina esku finekoa ez zen margolari baten artelanean Vlacherna monasterio ikonikoaren irudia. Nekatu zirenean, planto egin zuten harriz erdi estaliriko pareta. Menua behin eta berriz idatzia eta borratua izanagatik ezer ulertzen ez den zintzilikaturiko arbel txikia. Egunaren amaieran, agian, aldatua izango den paperezko mahai zapi marroixka. Interneten topaturiko argazkiekin jakiak azaltzen dituen eta ertzak irekiak dituen plastifikaturiko menua. Hauxe da Korfu uhartean barrena murgiltze bidean tripazorriak baretzeko topatu dugun jatetxea. Pita Pita du izena, umeei izugarri gustatu zaiena, eta beste irizpiderik ezean, bertan geratzea erabaki dugu.

Gyros platerkada bat, oilasko souvlaki broxeta batzuk eta -nola ez! -greziar entsalada bat eskatu ditugu. Tripa ondo beteta, eta lehen gaizki-ulertu eta nolabait-azaldutako gorabeherekin, auto alokatu gorri txikian sartu gara. Txikiegia dela diote semeek, baina Korfuko uhartean zehar kilometro batzuk egin eta gero neurri-neurrikoa dela iruditu zait. Argi dago egungo irlako errepide sarea antzinako asto-bideen bertsio asfaltatua besterik ez dela, bihurgune ezin itxiagoak eta malda garaiezinak bere horretan diraute eta. Orain ulertzen dut GPSak adierazitako kilometro kopuru txikiaren eta denbora tarte handiaren arteko proportzio faltaren zergatia. Hori gutxi ez, eta bidegurutzeetako seinale kopurua zuzengune kopurua bezain urria dela ikusi dugu. 

Afionas (Αφιώνας) izeneko herrixka batera iritsi gara, penintsula malkartsu bateko lepoan egonda eta itsasoa albo banatan duelarik, itsaso Jonikoa behatzeko talaia ezin hobean dagoena. Bertatik, sastraka eta zuhaitz txikiz inguraturiko oinezko bide zakar bat jarraituz, uharteko irudi ikonikoetako batera iritsi gara: Porto Timoniko hondartza. Istmo estu batean kokatua, ekialderantz begiratzen duen hondartza batek bizkarra ematen dio hamar bat metro eskasean mendebalderantz jotzen duen beste hondartza bati. Hondartza baterako bidea bada ere, mendi bidea ere bada eta herrian zehar kokatuta dauden kartelek argi azaltzen dute txankletentzat lekurik egokiena ez dela. Baina, oinetakoak aukeratzea norberaren hautu librea denez, eta oporretan jendea guztiz libre sentitu nahi denez, inolako lotura edo mugarik gabe mozkor bat hesi baten gainetik jauzi egiten duen trebeziarekin dabiltza turistak “flip-flop” txankletekin.

Kumkua fruitua. @bikoloreka (Elisabeth eta Unai)

Uhartearen ipar-mendebaldea ezagutzera abiatu gara beste egun batean, presarik gabe, hasieran geneukan hamaika leku ikusteko asmoa Korfurako neurri egokiago batera eramanda. Zuhaitz-sail batzuk ikusi ditugu bidean, Kumkuat fruitu txikiena agian, baina garai honetan loreak galdu berri eta fruituak ñimiño dituzte, hortaz ezin jakin. Drastis lurmuturreko itsaslabar ikusgarrietara iritsi gara kostata. Ausardia behar da gero paretaren ertzeraino bertaraino eramaten duen errepidean gidatzeko.

Kostaldeko Sidari (Σιδάρι) herrira gerturatu gara ostean, bere kostalde bereziak erakarrita. Hondartza ingurua beldurgarria iruditu zait, turistifikazioak eskaini dezakeen txarrena eskainiz, baina hondar finaren alboan itsasoari aurre egiteko hareharrizko haitza altxatzen denean, naturaren eskultura erakusketa hasten da. Haizeak eta olatuek zizelkaturiko forma borobilduzko terrazak sortzen dira, gizakientzako eta olatuentzako jostagarriak diren bideak irekiz. Maitasunaren kanala izenekoa da ezagunena, badia txiki batean uretan sartu, haitzaren azpitik igarotzen den tunel natural batean zehar igeri egin eta itsas zabaleko olatuen parera eramaten zaituena. Itsasoa zakar dabil gaurkoan eta adoretik gehiago du maitasunetik baino kanalak. 

Lakones herria. @bikoloreka (Elisabeth eta Unai)

Lakones herria. @bikoloreka (Elisabeth eta Unai) @bikoloreka (Elisabeth eta Unai)

Berriz ere erori gara GPSaren tranpan. Eskuina orain, ezkerra gero, zoroen pare gabiltza kilometro bakarra egiteko milaka bihurgune eginaz. Urrunetik ikusi dugu Angelokastroko gaztelua. Defentsa ezin hobea izan zituen itsaslabarrak bezain babes ona eskaintzen dio bertara iristeko bide zorabiagarria. 

Maitagarria da Greziako herri batzuen izena, Palaiokastritsa, eta misteriotsua beti euren idazkera grekoa, Παλαιοκαστρίτσα. Afixa soilik irakurrita misterio laino bat sortzen da lekuaren inguruan. Hara bidean izen arruntagoa baina ikuspegi aparta duen Lakones herrian geratu gara. Bere kale aldapatsuetan, gainbeheran dauden eraikin zartatu eta berniz zaharkituko ateek marko ezin hobea eskaintzen diete arrosa koloreko bugainbilea zuhaixka batzuei bere onera erakuts dezaten.

Uharte malkartsu askotan bezala, itsasoa da errepiderik erosoena. Hala, piragua bat alokatu dugu Liapades badiako ertzak ikuskatzeko; bere koba, bere kala, bere txoko ederrak. Turkesa, urdin ilun eta berdearen arteko tonalitate guztietan murgildu gara, harkaitzetara botatzen gaituzten olatuetatik irteteko gorriak ikusi ditugun bitartean. Harrizko hondartzara itzulita, itsasora begira eta oinak olatuen aparretan ezkutaturik, uharte honek zentzumenak bete egiten dituela ohartu naiz. Ezin gehiago eskatu halako lur koxkor bati.