"Zurrumurruek diote”. Horiek dira liburuaren atariko hitzak, 2023ko apirilaren 14an bidalitako lehen eskutitzarenak. Erantzunak, berriz, honelaxe dio: “Zurrumurruek egiatik zerbait izan ohi dute. Egiak, ordea, txataletan banatzeko ohitura kabroia du”.Datarik ez dakar azken horrek, berriz. Gutun askoren lehen biak dira bakarrik. Are, guztira, 19 eskutitzek osatzen dute Azken Portuko postdatak (Elkar, 2024) eleberria. Ezohiko modura, bi sinadura dakartza Elkar argitaletxearen erreferentzia berriak, izan ere, John Anduezak (Oregon, AEB, 1966) eta Asel Luzarragak (Bilbo, 1971) elkarrekin idatzi dute honako obra hau. Liburu bat, lau eskutara eta hamaika hari-muturrekin.

Oso zabalduta dago egileek ideia bat bukatu berritan beste bati ekiteko tentazioa izaten dutela berehala. Halaxe izan zen kasu honetan ere Anduezak adierazi duenez. Eleberri baterako ideia buruan zebilkion. Hori, pasaden urteko otsailean izan zen. Baina, ideia horrek bazuen zerbaiten beharra, hala ere,“borobilago” izateko: lagun bat. “Bidelagun asko ez zitzaizkidan okurritu”, onartu du Anduezak, “Bakar batzuk bai. Horien artean, Asel”. Ideia entzun, eta ezin ukorik egin bigarrenak [Luzarragak] Anduezaren proposamen tentagarriari: “Baiezko borobila eman nion, eta lehen pentsamendua izan zen goazen dibertitzera, gero ikusiko dugu zer ateratzen den”.Duela bost urte ezagutu zuten elkar bi idazleek, Durangoko Azokan. Elkarri “pirata” esaten diote egilekideek bromen artean.

LAGUN ARTEKO TRUKAKETA

Eleberriak badu itsasaldeko usain eta hezetasun hori, Azken Portu herri asmatua baitu kokaleku. Mon eta Aia, 28 urteko bi pertsonaiaren arteko eskutitz trukaketak harilkatzen du kontakizuna. Monek hamar urte atzera (18 urte zituenean, hain justu) herria utzi zuen gertakizun baten harira. Aia, aldiz, bertan izan da urteotan guztiotan, itsasertzeko bizitokian. Monen ihesaz geroztik ez dute elkarren berririk izan, harik eta inguruan zurrumurrua zabaldu den arte: Mon itzuli egin da. Eta, hala, eskutitzekin berrekingo diote beren harremanari, ez baitira hasiera batean aurrez aurre egoteko gauza. Hamar urtek askorako ematen dute, gogoetarako ere bai. Gauza asko gertatu zen orain dela hamarkada bat, eta gauza asko gertatu da ordutikhona, halaber. Sekretuak askatzen, iritziak partekatzen eta uneak gogoratzen joango dira elkarrekin, eta elkarri.

Imajina dezake irakurleak istorioa duela urte batzuk kokatu dutela idazleek, edo erromantiko hutsak direla protagonistak. Gaur egun eskutitz gutxi bidaltzen dira, azken finean. Baina, irudi lezakeenaren kontra, erabat garaikidea da kontakizuna. Idazleek orainaldira ekarri dituzte bi pertsonaiak. Militantzia politikoan ibili izanaren maina dute, poliziaren hatzaparretatik ihesi ibili behar izan duenari oraindik ere arrastoak geratzen zaizkiolako. Testuingurua hori izanik, “oso logikoa eta koherentea” iritzi diote euskarri horri heldu izana beren komunikaziorako. Anduezaren arabera “burugogorrak” direlako ere bada, akaso. Luzarragak, berriz, “anarko-primitibismora” eraman du arrazoia: “Finean, teknologia berriekin ez dira fidatzen eta horiek dituzten arriskuen jabe dira protagonistak”. Zuhurtzia kontua, beraz. Era berean, Luzarragak onartu du oso gutunzalea dela bera, eta oso gutun luzeak idaztekoa izan dela; beraz, “oso lurralde ezagun eta erraza izan da” eskutitzena harentzat.

Andueza eta Luzarraga, Mon eta Aia. Nor den nor ez dute azaldu nahi izan. “Gure ibilbideak ezagutzen dituztenek azkar ikusiko dute. Baina baliteke jende berriarengana heltzea”, adierazi du Anduezak. Bide horretatik erantsi du nor-da-nor hori bera jolas modura har dezaketela irakurleek.

Formatuak agindu du eleberriaren nolakotasuna. Esaterako, horregatik idatzi dute istorioa bi ahotsetara

HARIARI SEGIKA

Jostari izan dira prozesu osoan zehar. Esaterako, Luzarragarentzat dinamika bera ederra izan da: “Eskutitza jaso, irakurri eta pertsonaia sentitu. Horren arabera idazten nuen erantzuna”. Gaineratu du elkarren erritmoak errespetatu dituztela, oporrak edo beharrak kontuan hartuta, eta hori dela eta diote “denbora errealean” idatzi dutela. Paperean bete-betean sartuta ibili dira. Pentsa, lana ondu bitartean ere bi idazleak ez dira elkarrekin egon, “ardo bat hartzeko ere ez”.

Formatuak agindu du, nolabait, eleberriaren nolakotasuna. Esaterako, formatu horretan idazteakbi ahots eska-tzen zituela kontatu dute idazleek. Era berean, askatasun osoz jarduteko bide izan da gutun trukaketa. Nork bere estilotik eta askatasunez aritzeko parada izan du.

Jolasean bai, baina pertsonaiak eta egileak ez dira nahastu. Azaldu dutenez, hasieratik oso ongi definitutako pertsonaiak ziren, tartea egon da -eta beti gertatzen da pertsonaia bat sortzean, Luzarragaren ustez- Aia eta Mon beraien ideiekin elikatzeko, baina ez beraien luzapen bihurtzeko, tentazio orotik salbu.

“Elkarri harridura sortzen ibili gara, hori bai”, onartu du Anduezak. Kideak idatzitakoak batzuetan ezin espero zitzaketen, eta horrek, bistan da, eleberriaren norabidea baldintzatzen zuen hein batean. Aurreko ideiari tiraka erantzun behar izaten zioten, eta bestearentzako sorpresa kolpea ere bai. Bestera esanda, eta idazleen hitzetan, helburua zen gutun bakoitza “ez zedila izan alferrikako edo kortesiazkoa”. Inprobisazio jolasean murgilduta, sormen ariketa sakona egin dute Anduezak eta Luzarragak. 

Azken Portu izeneko herri baten kokatzen da eleberria, eta Aia eta Mon pertsonaien arteko gutun trukaketa bidez kontatzen dute istorioa Luzarragak eta Anduezak. Ruben Plaza

Hilabeteek aurrera egin ahala, gero eta sakonago sartzen ari zirela azaldu dute, horrek dituen arriskuekin. Zalantzak etorri zitzaizkien gero: “Hau zer da txorakeria bat? Maisulan bat?“. Eleberria erdibidean zutela, Garazi Albizua idazle eta lagunari pasatzea erabaki zuten, aholku, gomendio edo iritzi eske. Eta jaso ere. Albizuari eta haren iradokizunei esker pertsonaietako batek garapen inportantea izan zuela aitortu dute. Baina ez istorioarentzako bakarrik, haientzako, idazle gisa ere bai. Balio izan zien hasierako puntura itzultzeko, eta zenbait moldaketa egiteko. “Lehenengo garbiketa moduko bat“ egiteko hain zuzen. Izan ere, etengabe aurrera egiteko martxa horretan sartuta zeuden idazleak: eskutitzak bata besteari pegatuta jarrita nahiko. Istorioaren traza berriari erreparatuta, erraz eta aski gustura bukatu zuten obra.

SEGI, NOIZ ARTE?

Eta artisten betiko galderari ere aurre egin behar izan diote sorkuntza prozesuan: noiz ematen bukatutzat lan bat? Kasu honetan, argumentua eginean-eginean eraiki dute, amaiera argi zutelarik. Mugarri bat bazuten behintzat, baina harainoko bideari nahi beste buelta ematen ahal zizkioten. Momentu batetik aurrera, beraz, zirrikituak argitzen hasi ziren “sorpresak” ongi enkajatuta, azkenengo emankizunerako bidea prestatzen. Ez da lan erraza izan hargatik: “Hori idatzi egin behar da eta polito egin behar da”, esan du Anduezak. Hari horri eutsita erantsi du bere lanetan joera duela beste elementu edo baliabideetan baino gehiago, elkarrizketetan indarra jartzeko, eta erronka txiki bat izan duela horrekin.

Kalean da jada Azken Portuko postdatak, baina duela hilabete batzuk abiatu zuten promozioa, idazketa bukatu berritan, artean argitalpenerako asko falta zenean: “Girotzen hasteko”. Sareetan lehen pilulatxo bat zabaldu zuten piratek bideo formatuan. Ez espero booktrailerrik, ez baita halakorik. Aitzitik, Luzarragaren eta Anduezaren gaur egunerainoko bideak ikus ditzake hartzaileak, txikitatik hasita gaurko egunera, bosna argazkitan.”Idazle izatearen ametsa nola betetzen den kontatu nahi genuen”, Anduezak, “Irribarre bat atera irakurleari, hori ikusita gure lana irakurtzen animatuko direlakoan”. Hain justu, Anduezaren ibilbidea zela eta, hari utzi zion marketinerako ardura Luzarragak: “Filosofia nire-tzatm eta ikus-entzunezkoak, aldiz, zuretzat”. Luzarragaren ustez, gainera, gai sakon asko daude liburuan jorratzen direnak eta horregatik hobe zen beste zerbait egitea. Irriz gogoratu dituzte argazkiak trukatu zituzten denborak. “Gustura egin behar dira gauzak eta are gehiago lagun batekin ari zarenean partekatzen prozesua”, ondorioztatu du Anduezak.

BESTELAKO IDAZKETA LANAK

Lanak bere bidea egingo du aurrerantzean. Bitartean, eta hasieran esan moduan, proiektu berriei ekiteko abagunea heldu zaie idazleei. Luzarragak ez du etenik. Esan gabe doa (Txalaparta, 2022) trilogiaren lehena eta gero, Zortzigarren hiria (Txalaparta, 2024) kaleratu berri du. Tartean beste bat argitaratu zuen: Lurrean haziak (Elkar 2023). Beste eleberri bat ere bukatuta dauka, trilogiaren hirugarrenari ekitear dago, eta beste askorako ideiak ez zaizkiola falta esan du. “Makina bat da”, goraipatu du kideak.

Andueza, berriz, ataka batean dago, zeri heldu erabaki ezinik. Ikus-entzunezkoen bidea alboratuta daukala azaldu du. Gustatzen zaio, baina gauza txikietan dabil bide horretan. “Une honetan idazten segitu nahi dut”. Azaldu du ordenagailuan hiru karpeta dituela, proiektu bana dutenak. Argi du aurki eginen duela zirt edo zart, eta maite duen idazketarekin segi-tzeko aukera izango duela.