1993, Villa Manolita. 2008, Lopetedi Berriko silo-tobera. 2013, Arte Ederrak antzokia. 2018, Mirakruz 19ko eraikina. 2023, Estacion del Norte. 2024, Lopetedi-Berri. Data eta eraikinak. Eraitsitako ondare kultural eta arkitektonikoen urteak dira. Eta ez dira sei, dozenaka dira eta ehunka izateko arriskua dago. Izan ere, azken hamarkadan Donostian jorratzen ari diren hirigintza politikaren erruz hiriko ondare kulturalarekin amaitzeko bidean daude. 

Ondare material eta inmaterial handiko hiria izanik, bertan kokatzen diren elementu arkitektoniko ezberdinak, zoritxarrez, bide motza izatera kondenatuta daude. Nahiz eta batzuk legez babestuta egon, horien babeste maila ahula da. Asko dira babestu gabeko etxe, atari, baserri, komertzio, ‘villa’, eraikinak… Eta horren ondorioz, horiek desager-tzen hasiak dira. Gure historiaren parte izan dira eta ondare kolektiboa osatzen dutelarik zaindu beharrekoak diren altxorrak dira. 

2013.urtean Donostiako Arte Ederren antzokia defendatzeko eta eraistetik salbatzeko sortu zen Ancora elkartea. Arte Ederrak an-tzokia kasua sona handiko proiektua izan da eta benetan bitxia. 2015. urtean, elkarteak eskatuta, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko interes historiko-artistikoko ondasun deklaratu zuen. Zoritxarrez, enpresa jabearen presioek monumentuari kategoria hori kentzea lortu zuten 2017an, guztien harridurarako. Modu honetan, balio kultur handiko eraikinaren ordez, hotela eraikiko dute, lehenago zituen ezaugarriak errespetatu gabe. 

Beraien hitzetan, hiru helburu nagusi betetzeko asmoarekin hasi zuten bidea: lehena, hiriko kultur ondarea aztertzea, bigarrena, hau zaintzea eta hirugarrena, sustatzea. Lanbide eta adin desberdinetako pertsonek osatzen dute taldea, eta kultura-ondasunak ezagutu eta defenda-tzeko interes komuna dute. Elkarteko Zuzendaritza Batzordea arte historialariek, arkitektoek eta kultur kudeaketako adituek osatzen dute, eta bakoitzak bere esparruan ibilbide nabarmena du. 

Administrazioaren ezjakintasunaren, tentsio espekulatiboen edo interes eza ikusita, eraikin eta objektu historiko-artistikoak ikertzen, hauen zabalpenean eta mehatxuak sala-tzean oinarritzen da beraien jarduna. Eta dituzten baliabide urriekin bikain ari dira. Ancorak salatutako erakinen bidez ere ikusi da Donostian azken urteetan kapitalaren nahiak herritarren interes kolektiboaren gainetik jarri dituztela. Honen atzean arrazoi ezberdinak egon daitezke, horietako bat da turismoa. 

Bestetik, sentsibilazio lan handia egiten dute, eta horren adierazle da gai honen inguruan herritarrak mobilizatu izana. Horretarako, argitalpenak, protesta eta erakusketa ezberdinak egin dituzte. Bide horri jarraipena emanez, enpresei, erakundeei eta partikularrei aholkuak ematen dizkiete, kultura-ondasunak zaharberritu eta balioztatzeko txostenak eginez. Beraien hitzetan, ondare kolektiboa ondasun urriek eta berriztaezinek osatzen dute, eta horiek adimenez kudeatu behar dira, etorkizuneko belaunaldiei utzi ahal izateko.

Ancoraren lan pedagogikoak erakutsi digu ondarea katalogatu beharra dagoela, eraikinak babestu eta hauen babes mailak kriterioz ezar-tzeko (eta, nola ez, horiek errespetatzeko). Bide horretan, egun dauden babes mailak berrikusi behar dira, egun daudenak ez baitute ondarea bermatzen. Katalogo hauek fatxadetara mugatu beharrean bestelako elementuetara zabaldu beharra dago: etxeak, atariak, baserriak, komertzioak, antzokiak… Hau egitea posible da hiri-antolamendurako plan bereziekin esaterako. 2017ean Donostiako ‘Villen’ inbentarioa egin zuten eta Hirigintzako eta eraikitako ondarea babestekoa plan berezian (HEOBPB, 2021) txertatu da. Haatik, elkartearen esanetan, askoz haratago joan behar da. 

Problematika honek beste gai bat mahai gainean ezartzen du: Nola uztartzen dira ondare kulturala eta egungo arkitektura? Gai oso korapilatsua da, eta eztabaidatu beharrekoa. Argi dagoena da egun jorra-tzen ari diren modua ez dela bidea. Donostian ondarea suntsitzen ari dira, hiriaren historia orrialdeak desagerraraziz, eta hiritarrak horren ondorioak pairatzen hasiak dira. Politikariek eraikin bat eraisterako orduan beraien amamaren etxea dela pentsatu beharko lukete, eta hala, baliteke zalantzak sartzea egiten duten horretan. Amamaren etxea babesten hasten bagara, lurraldearen zaintzan pausoak ematen jarraituko dugu?