Diskoak bira ematen duen heinean, giroa txistuz eta akordeoiz blaitzen da, euskal musikan erabat murgilduz. Doinuen bidez iraganak eta orainaldiak batzen ditu, tradizioa eta modernitatea uztartuz. 

Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak 'Sustraien Matxinada' deituriko diskoa plazaratu zuten irailaren 11n, Elkar argitaletxearekin batera. 11 abestiz osatutako obra da, tradizioa eta modernitatea batzen dituena. Mendizabalek azaldu duenez, diskoaren izenburuak euskal kulturarekin lotura zuzena dauka: “Ez da bakarrik euskal sustraia, herri musikaren sustraietatik abiatzen dela esan genezake”. Bestetik, adierazi duenez, musikan eraldaketa bat dago; hori dela eta, matxinadak ere beste zentzu bat ematen dio, musika “zabala” eta “globala” baita. 

Bi artistek ibilbide luzea daukate musika arloan, eta horren emaitza da azkeneko diskoa. Hermosa zortzi urterekin sartu zen lehen aldiz musikaren arloan, Sekundino Esnaola Musika Eskolan, hain zuzen ere. Irungo kontserbatorioan egin zituen goi ikasketak, ondoren, Gasteizko Jesus Guridikoan jarraituz. Guztira, hamabi disko argitaratu ditu, haien artean, Sustraien Matxinada. Argitaratutako lanen artean hiru liburu daude, berak sortutako Ediciones Nubero argitaletxearen bidez plazaratuak.

Mendizabal ere betidanik egon da musikan murgilduta, bere kasuan, txistuan. Gasteizko Txistularien Udal Bandako zuzendaria izan zen 1997tik 2002ra, eta, bi urte beranduago, Bilboko Udal Txistulari Bandaren zuzendari bilakatu zen, gaur egun arte. Horrez gain, Euskal Herriko Txistularien Elkarteko presidentea ere izana da, 2003tik 2010era. Guztira, hamazazpi disko kaleratu ditu.

“Aspalditik ezagutzen dugu elkar, urte asko daramatzagu elkarrekin jotzen, eta biok geneukan duo bat egiteko gogoa”, dio Hermosak

Proiektu berria kaleratu duten arren, ez da elkarrekin lan egiten duten lehen aldia. “Urte asko daramatzagu elkarrekin jotzen, aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta biok geneukan duo bat egiteko gogoa”, aipatu du Hermosak. Mendizabal izan zen diskoa egiteko ideia bururatu zitzaiona, baina akordeoi jotzaileak baldintza bat jarri zuen: zerbait berezia izan behar zuen; berak grabatutako diskorik hoberena, alegia.

Horretaz gain, beste baldintza bat ere jarri zuen: bere ametsetako bi musikarekin elkarlanean egin beharra zeukan, Carles Benaventekin eta Tino di Geraldorekin, hain zuzen. Hala nahi, eta hala izan zen. “Agendak egokitu eta astroak bateratu ziren”, aipatu du Hermosak. “Astebete egon ginen beraiekin entseguak egiten eta egun eta erdian grabatu genuen, lehenengo edo bigarren saiakeran”. 

Beste bi artistekin elkarlanean ibiltzea “amets” bat bezala definitu du Hermosak. Duela 30 urte flamenkoari- txaloz eta gitarrarekin jotzen zena- baxu elektrikoa eta kajoi flamenkoa gehitu zioten, generoari buelta bat emanez. “Mito batzuk dira, beraiek sortu zuten gaur egun buruan daukagun flamenkoaren soinua”, gehitu du akordeoi jotzaileak. Adibidez, Camaron de la Islak 'La Leyenda del Tiempo' diskorako fitxatu zituen, flamenko askorentzat generoaren disko garrantzitsuena dena.

Horretaz gain, AEBtako beste hainbat artistekin ere elkarlanean aritu ziren; horien artean, Miles Davisekin. “Hasieran esan genuen disko berri bat egiteko motibazio berri bat genuela, gauza berezi bat egiteko, eta lortu dugu”. 

Beraientzat, musikan nahasketak beharrak dira

TXISTUA ETA EUSKAL KULTURA

Euskal kultura eta euskaltasuna ahaztu ezin diren elementu bezala hartuta, txistua eta tradizioa ere bihurtu dira disko berri horren ezaugarri. Hermosak ezartzen dion eraldaketa edo matxinadarekin batera, modernitatea eta tradizioaren nahasketa egitea lortu dute, txistulariaren arabera: “Modu natural batean, baina beti dago nahasketa hori”.

“Garikoitz bezalako instrumentista handi batekin lan egiteak eta txistuak berak, euskal sustraiei atxikitutako euskaltasuna ematen dio musikari”

Elkarlana oinarri Mendizabalek txistuarekin, Hermosak konposizioarekin eta Benavent eta Geraldok oinarriarekin, euskal sustraiak oinarri dituen diskoa sortzea lortu dute. Akordeoi jotzailearen aburuz, bakoitzak ibilbide oso definitu bat dauka, nortasun handiarekin. Txistulari eta akordeoilari ugari daude, baina jendeak Mendizabal eta Hermosa zeintzuk diren badakiela adierazi du, besteak baino hobeagoak edo txarragoak ez direla azpimarratuz.

Mendizabalek Hermosaren musikari euskaltasuna gehitzen diola hausnartu du Hermosak berak: “Garikoitz bezalako instrumentista handi batekin lan egiteak eta txistuak berak, euskal sustraiei atxikitutako euskaltasuna ematen dio musikari”.

Txistulariak ere Hermosak egindako lana goraipatu du, egindako ekarpenak gutxi ez baitira. Mendizabalen arabera, akordeoi jotzaileak bere musika aurkeztu zion, txistuarekin aurrera eraman ahal izateko, eta metodologia egoki batekin praktikoak izatea lortu zuten, proposamen horiei txistua erantsiz, era zentzudunean. 

“Obra bakoitzak bere espiritua dauka”

Erritmoen nolakotasuna Playari eman, eta diskoak erritmo azkar eta indartsuak uztartzen dituela ukaezina da. Bigarren abestiarekin, Amorerekin, hori aldatu egiten da, lasaitasunak hartzen baitu testigua. Mendizabalen arabera, sortze prozesuan ez dute gogo-aldartearen oreka presente eduki: “Obra bakoitzak bere espiritua dauka”. 

Kontuan hartu ez duten beste faktore bat abestien ordena da. Aurreko diskoetako ordenean askoz gehiago pentsatu dutela adierazi du Hermosak, baina teknologia dela eta, ez da azken disko horren kasua izan. “Disko fisikoa edo diskoa bere osotasunean entzuten duen oso jende gutxi dago”, azaldu du. Beraz, oraingoan pisu handiagoa hartu dute lehenengo eta azkenengo abestiek, 'Mater Noster' eta 'Paco' kantek, hain zuzen ere. Bestetik, jarraian dauden abestiak oso antzekoak ez izateari ere eman diote garrantzia.

KANTA ATZEAN DAGOEN HISTORIA

Kanta bakoitza mundu bat da eta horien atzean historia bana dago. Hermosak, txikia zelarik, musika ikasi zuen kontserbatorioan. Enrique Granados konpositorearen pieza bat jo zuen bertan, zeinak eskaintza bat zuen. Bere hasierako obretan, eskaintzak ezarri zituen, eta ohitura horrekin jarraitu du, gaur egun arte. Amore abestia, adibidez, akordeoiari zuzenduta dago. Izan ere, bizitza osoa darama akordeoi markarekin jotzen, eta, 2.000. alea egin zutenean, jaialdi handi bat ospatu nahi izan zuten, Hermosaren partaide-tzarekin.

“Marka horretan pentsatzen dudan bakoitzean, burura etortzen zaidan lehenengo gauza da lanean jartzen duten amorea”, azaldu du akordeoi jotzaileak. “Italiara joaten zara eta ikusten duzu nolako goxotasunerkin egiten dituzten instrumentu denak”. 

Enkarguak Diskoak euskal sustraiak dituen arren, horrek biltzen dituen abestietako biren izenburua ingelesez idatzita daude: 'Dwarves Tales' eta 'Northen Lights'. Izan ere, tarteka, enkarguak egiten dizkiote, abesti horien kasuan bezala. “Enkarguak atzerrirako izan badira, ingelesez jarri ditugu; agian, zerbait subkontzientea da, baina ingeles batekin hitz egitean pentsatzen badut, ez dut euskaraz pentsatzen”, hausnartu du txistulariak. Palmi kantak, adibidez, Italiako hiriari egiten dio erreferentzia, italiar baten-tzat zuzenduta baitago.

Abestien artean, Zelaia izenekoa dago, beste euskal soinu jotzaile bati zuzenduta dagoena, Enrike Zelaiari hain zuzen ere. 

ATZERRIAN DAGOEN XARMA

Enkargu horiek lanari pisu bat ematen diotela hausnartu du Mendizabalek: “Enkarguak atzerrian eskatzen badizkigute, zerbaitegatik izango da, eta hori goraipatu beharra dago; horrek jada disko hau markatu du”. Bere ustez, lanaren oinarriak finkatzea lortu zuten, txistuarekin era duin batean musika eginez, eta gero, Benavent eta Di Geraldo “apaingarri ezin hobeago” baten laguntzaz. 

“Disko bakoitza gure bizitzaren argazki bat da, eta bertan hainbat elementu biltzen dira”, azaldu du akordeoi jotzaileak

Duela bizpahiru urte jarri zuten diskoaren grabaketa prozesua martxan; Hermosaren ustez, aldiz, duela 47 urte hasi ziren horrekin: “Disko bakoitza gure bizitzaren argazki bat da, eta bertan hainbat elementu biltzen dira”. Akordeoi jotzaileak dioenez, diskora eraman dutena norbere bizitzaren ondorioa edo emaitza izan da. Kanta batzuk, esaterako, azkeneko bi urteetan konposatu dituzte, eta, beste batzuk, aldiz, zenbait urte lehenago.  

Lan berri-berria da, baina entzuleak hasiak diren beraien iritziak adierazten. “Sare sozialetan ikusi dugunez, emaitza oso indartsua eduki du, jendea irrikaz dago”, adierazi du Mendizabalek. “Gaur egun, hainbesteko zurrunbiloan eta informazioan bizi gara, jendearengandik jakinmin hau jasotzea polita baita”. 

Diskoaz zuzenean gozatzeko aukera egongo da musika emanaldietan: Gaur bertan edukiko du publikoak horretarako lehen aukera, Zumarragako Antiguako ermitan. Aitzina Folk jaialdian ere egongo direla aurreratu du bikoteak. Emanaldi hori, gainera, saio berezia izango dela azpimarratu du Mendizabalek; bertan, hiru idazle emakumeren laguntza edukiko baitute. Hala ere, beste hainbat emanaldi eskaintzea espero dute, eta haietatik bat Madrilgo Galileo gelan izatea nahiko lukete, obra espainiar estatuan zabaltzeko.