Kazetaria, bakarrizketalaria eta moda aditua. Hori guztia eta gehiago da Ana Goitia. Txikitatik aktore izan nahi zuena, baina, azkenean, Kazetaritza ikasketak burutu zituena. Komunikatzea da munduan gehien gustatzen zaiona, horretarako modu asko baliatuta. Kamera aurrean zein atzean lan egiten du. Orain, baina, bakarrizketak egiten ere hasitakoa da: “Konturatu naiz oso gustuko dudala umorea, jendeari barrea eragitea eta bakarrizketak egitea”. Kazetaritzarekin ez ezik, beste askok modarekin lotuko dute Ana Goitia, noiz edo noiz moda influencer-aren gomendioren bat irakurri edo entzungo zutelako, edo berak sortutako blogean kuxkuxeatuko zutelako.
Ana Goitiaren kultur gomendioak
Abesti bat: Berri Txarrak taldearen Katedral bat. Oroitzapen oso ederrak ekartzen dizkit, nire amarekin kotxean entzuten genuenekoak… Ama duela urte eta erdi joan zen eta abesti hau berarekin konektatzeko erabiltzen dut askotan. Nirekin dagoela sentitzen dut egunero. Horrez gain, abesti ederra da eta taldea bera, Berri Txarrak, zer esanik ez; erreferente dira euskal musikan. Abesti bakoitzak daukan mezua zoragarria da, beharrezkoak.
Musika talde bat: Merina Gris. Gaur egun, euskal panorama musikalean gogor ematen ari den talde bat da. Izugarri gustatzen zait, musika ezberdina eta euskaraz egiten dute. Merina Grisek egiten duen musika, modernoa, originala, aurrerakoia da, eta haien letrek mezu indartsuak daramatzate. Beraien looka ere izugarri gustatzen zait, aurpegiak estalita… Misterio puntu bat ematen diote.
Liburu bat: Peru Camararen Galerna. Donostian girotutako thriller bat da. Izugarri gustatzen zaizkit genero horretako liburuak; are gehiago, ezagutzen ditugun inguruetan oinarrituta badaude. Peru Camararen lehen liburua da, baina ziur nago ez dela azkena izango, desiratzen nago hurrengoa irakurtzeko! Benetan merezi du.
Film bat: Up filma. Izugarri gustatzen zait. Marrazki bizidunak dira, baina hain polit eta ongi dago egina, hain istorio ederra kontatzen du, hain goxo… Film horren hasiera zoragarria da… Beti ateratzen zaizkit negar malkoak. Oso sentibera naiz eta…
Diseinatzaile bat: Dudarik gabe, Cristobal Balenciaga. Ez naiz idoloak dituen pertsona bat, baina Cristobal Balenciaga benetan miresten dut. Balenciagak egin zuena bere garaian inork ez du sekula egin. Berak orduan asmatutako diseinuak gaur egun erabiltzen dira, sekula ez dira modaz pasatuko, klasiko bihurtu dira eta diseinatzaile guztien erreferentea da. Dudarik gabe, sekula egon den jostunik onena zen Balenciaga. Benetako artea egiten zuen.