Badira bederatzi urte egutegiaren hasierak krimena eta misterioa dakartzala Baztango bailarara. Bertako irakurle taldeak antolatuta, 2014tik hona, urtero-urtero eta hutsik egin gabe, euskarazko nobela beltzak bailara osoa hartzen du hainbat ekimenen bidez ilbeltzean -urtarrila, baztandarrez-. Antolatzaileak “irakurle talde bat baino gehiago” izan guran hasi ziren Euskal Nobela Beltzaren Astea deiturikoa antolatzen, genero horretan idatzitako literatura euskaratik sustatzeko asmoarekin.

Publikoaren erantzuna hain da ona, ezen poz-pozik antolatzen duten urtez urte, talde eragilea txikia izanagatik ere. “Lehenengo urtean oso ongi atera zen, guk espero genuena baino hobeto, eta urtetik urtera ikusten joan gara oihartzun handiagoa daukagula bai jendearengan eta baita komunikabideetan ere”, azaldu du Ane Cuesta (H)ilbeltza elkarteko kideak. Bereziki azpimarratu du sortzen den familia eta lagunarteko giroa: “Jende askok errepikatzen du eta giro oso polita egoten da”. 

Edizio bakoitzean kontu berri eta anitzak prestatzen dituzte, baina badira zenbaitzu dagoeneko ohitura bihurtu dituztenak. Esaterako, Idazleekin solasean tarteak eman ohi dio hasiera egitarauari. Nabarmentzekoak dira ere larunbateko bazkaria, bazkalondoko aurkezpen “informalagoak” eta iluntzeko Susmagarrien gaua delakoa; bai eta igande goizeko Itzuli beltza.

IX. ediziorako egitarau betea

Asteleheneko irekiera solasaldia berezia izaten dela aipatu du Cuestak: “Hortik sortu zen (H)ilbeltza eta hortik ere sortu zen (H)ilbeltza beka egitearen ideia”. Beka elkarteak generoa sustatzeko asmoarekin ematen duen dirulaguntza bat da. Hain zuzen ere, urtarrilaren 23 honetan, V. (H)ilbeltza bekaren irabazle Eneko Barberena Mondragon gerturatuko da Arizkungo Medikuaren etxera, bekari esker idatzitako Suak erreko ez balu nobelari buruz jardutera.

Asteko bigarren saioan klasikotik jotzen ahalegintzen direla azaldu du Cuestak. Aurtengo honetan, iragan abenduan zendu zen Txomin Peilleni keinu bat egin nahi izan diote, bera ere (H)ilbeltzean parte hartutakoa baitzen Zaldi beltzak zeruan ipuin liburuarekin. Horregatik, asteazkenean Joseba Sarrionandia gonbidatu dute Odol bearbaguea, agirtuco da eguia eurea, izena jarri dioten berbaldia ematera.

Euskal Nobela Beltzaren Astearen afitxa.

Euskal Nobela Beltzaren Astearen afitxa. (H)ilbeltza elkartea

Hurrengo egunean, ostiralean, formatua aldatu eta Kareletik filma (Anjel Lertxundi, 1987) proiektatuko dute Iruritako Gizarte Bilgunean. Hori da, Cuestaren hitzetan, ezagutzen duten “lehendabiziko euskaldun film beltza”.

Larunbatari goiz-goizetik ekingo diote literatur itzulpenen inguruko mahai-inguruarekin. Ohi gisan, bazkaria izango da Erratzuko elkartean eta ondotik hiru liburu aurkezpen egongo dira. Egunari “denek elkarrekin” amaiera emateko, tradizio bihurtu duten Susmagarrien gaua prestatu dute antolatzaileek, aurten Baz Town izenpean, ohi legez Erratzun barna. Urtez urte bi taldekidek jolas bat prestatzen dute trama txiki baten inguruan eta parte-hartzaileen artean susmagarri, ikertzaile eta hiltzaile paperak banatzen dituzte.

Igandeari ere jolasetik ekin ohi diote, Itzuli beltza deiturikoarekin. Edizio bakoitzean Baztango herri ezberdinera joaten dira ibilaldi gidatu bat egitera, antolatzaileek sortutako istorio bat jarraituta. Musikariak eta antzezleak egoten dira beti, eta aurtengoa Oronozen izango da. “Normalean istorioa herri hartan gertatutako zerbaitekin lotzen da, baina izan ahal da gertatutakoa fikzionatzea”, dio antolatzaileak. Egunari eta egitarau osoari amaiera emateko, Ruper Ordorika izango dute Elizondon, Arizkunenea kultur etxean.

Argitalpenen garrantzia

Aipatu bezala, (H)ilbeltza elkarteak beka bat ematen du 2018az geroztik helburu bikoitzarekin: batetik, euskarazko nobela beltza sustatzea eta, bestetik, munduko literatura beltza euskaratzea. Horretarako, txandaka saritzen dituzte sormen- eta itzulpen-proiektuak, 6.000 euro emanez hauek sortzeko. Horrez, gain, normalean publikazioak egiten ahalegintzen direla azaldu du Cuestak. Hortik Amaiurko Gaztelua elkartearekin batera argitaratu duten Jon Alonsoren lana, Amaiur bat urtero.

EGITARAUA

Urtarrilak 23, astelehena 

Idazleekin solasean, V. (H)ilbeltza bekaren irabazlea: Eneko Barberenaren ‘Suak erreko ez balu’ nobela beltza solasgai. 

19:30ean Arizkungo Medikuaren etxean.

Urtarrilak 25, asteazkena 

‘Odol bearbaguea, agirtuco da eguia eurea’, Joseba Sarrionandiaren solasaldia

19:00etan Anizko Mendiarte elkartean.

Urtarrilak 27, ostirala 

‘Kareletik’ filmaren emanaldia (Anjel Lertxundi,1987). 19:00etan Iruritako Gizarte Bilgunean.

Urtarrilak 28, larunbata

11:00etan mahai-ingurua: ‘Zurian beltz’. Literatur itzulpenak eta itzulpozak, Garazi Arrula eta Garazi Ugalde. Moderatzailea: Amaia Apalauza. Arizkunenea kultur etxean, Elizondo.


14:00etan Bazkaria Erratzuko elkartean. 


Bazkal ondotik, liburu aurkezpenak:

- Jon Alonso. ‘Amaiur bat urtero’ (Amaiurko Gaztelu Elkartea+(H)ilbeltza).

- Mikel Alvarez. ‘Euskalia’ (Elkar).

- Gaizka Ugalde. Leonardo Sciasciaren ‘Todo modo’ liburuaren itzultzailea (Erein).

Iluntzean, Susmagarrien gaua. Baz Town, Erratzun barna.

Urtarrilak 29, igandea

11:00etan Itzuli beltza. Gorputz gorrituen solasa. 11:00etan Oronozko aparkalekuan.

19:00etan Ruper Ordorika: zuri beltzean, Arizkunenea kultur etxean, Elizondo.