"Literaturaren gourmetentzako plazer bat da nobela berri hau, abenturaz eta gogoetaz betea, intelektuala bezain sentsuala". Hala aurkezten du Elkar argitaletxeak Katixa Agirreren (Gasteiz, 1981) hirugarren eleberria: 'Berriz zentauro'. Ustekabe politak ekarri dizkion Amek ez dute lanaren ostean iritsi da gasteiztarraren hirugarren eleberria: etorkizun hurbilean girotua eta iraganarekin lotua, eta errealitate fisikoa eta birtuala nahasita ageri direna. 

Kalean da 'Berriz zentauro', zure hirugarren eleberria. Zein gai aukeratu duzu oraingoan?

Etorkizunean kokatu dut istorioa, eta etorkizun horretan pentsatzen idatzi dut; alegia, zer izango den mundua nire seme-alabak, adibidez, nire adinekoak izango direnean. Suposatzen dut gai hori aukeratu dudala, ama naizelako, etorkizunaz kezkatzen naizelako... Horrez gain, banuen iraganera begiratzeko nahia, iraganeko pertsonaia bat erreskatatzeko nahia: Mary Wollstonecraft. Ilustrazio-idazle eta filosofo bat zen Wollstonecraft, zeinek oso bizitza interesgarria izan zuen. Eta hura ere nire istorioan sartu nahi nuen. Beraz, pentsatu behar nuen nola egin, alegia, nola kokatu etorkizunean eta aldi berean pertsonaia historiko bat sartu. Eta hala sartu zen errealitate birtualaren elementua. Horren bitartez ekartzen baitugu bizitzara antzinako pertsonaia bat. Horrek beste ate bat eta aukera ugari zabaltzen zizkidan.

Etorkizun hurbilari nola heldu diozu, arduratik ala irudimenetik gehiago?

Hurbila denez, gaur egun ikusten ditugun joeretan oinarritu naiz. Agian, bere hastapenetan dauden joerak, horren adibide da, esaterako, errealitate birtuala bera. Errealitate birtuala gaur egun existitzen da, aspaldi existitzen den teknologia bat da, egunerokoan sartuta dagoen zerbait, baina askorik erabiltzen ez duguna. Hala ere, pentsatzen jarri naiz, beharbada, etorkizunean gure bizitzetan oso sartuta egongo dela, eta gauza gehienak, akaso, amaituko dugula egiten birtuala den mundu horretan. Oso posiblea da hori, jada bere hastapenetan dagoelako; beraz, kontua da imajinatzea nola egingo duen aurrera horrek.

Imajinatzen jarrita, nolako etorkizuna imajinatzen duzu zuk?

Gauza gehienetan hobera egin beharko dugu, ez dago beste irtenbiderik. Teknologiak aurrera egingo du, gauza batzuetan asko lagunduko digu; adibidez, medikuntzan sekulako aurrerapenak ikusiko ditugu, baina arazo handiak izango ditugu klimarekin, eta lurrari egiten dizkiogun txerrikeria horiekin guztiekin. Gai horretan gauzak ez dira horren ondo joango, hemen bizitzeko bide bat aurkitu arte, lurrarekin harmonian egongo garen modu bat aurkitu arte.

Eta iraganera begira… Katixaren ustez, mundua asko aldatu da orain arte?

Gauza asko aldatu dira, baina gero konturatzen gara historiari begiratzen diogunean, gauzak ez direla hainbat aldatzen. Mary Wollstonecraften idazkiak irakurtzen, adibidez, ikusten dugu berak bazeuzkala genero ikuspegiari buruzko iritzi modernoak, gaur egun sinatu daitezkeen gauzak esaten zituen, are gehiago, gauza queer batzuk ere esan zituen, nahiz eta garai hartan horrela deitu ez. Orduan, uste dut beti dagoela ondo iraganari begiratzea, ez pentsatzeko gu garela dena hasten dugunak, eta gu garela lehenengoak zerbait egiten. Normalean, ez da horrela izaten.

Nolako etorkizuna gustatuko litzaioke Katixari?

Uste dut denok egon gaitezkeela ados gauzak hobetu egin behar ditugula, bidezkoagoa litzatekeen mundu bat egin behar dugula, pertsona guztientzat, baina baita lur honetan bizi diren animalia eta bizidun guztientzat. Eta justizia hori modu askotara lortu behar da: ekonomikoa, ingurumenari dagokionean, eskubideen aldekoa, berdintasunera begirakoa… 

Zerk bultzatu zaitu zure azken eleberri hau idaztera?

Misterio bat da hori beti; pertsonaia bat sartzen zaizu barruan, istorio bat, ideia bat, eta garatzen hasten, eta, azkenean, idatzi egiten duzu. Ez da asmo zehatz batekin idatzitakoa, baizik eta norbere buruan sortzen den istorio bat, geroz eta handiagoa dena, eta ezin duzuna eutsi momentu batean.

Zer irudikatu nahi izan duzu liburuaren azalean?

Zentauroren figura eta irudian ikusten duguna antzekoa da, biek iradokitzen dute nahasketa bat. Zentauro erdi gizona eta erdi zaldia da, eta azalean ikusten duguna erdi emakumea eta erdi zuhaitza. Nahasketa horren ideia etengabe errepikatzen da liburuan, bere gai nagusienetako bat dela esango nuke. Azaldu dut nola dauden nahastuta etorkizuna eta iragana, baina badago baita genero nahasketa bat; izan ere, gure protagonista emakume bat da mundu fisikoan, baina mundu birtualean gizonezkoa da. Eta gero, badago, hirugarren nahasketa bat: errealitatearen eta irudimenaren artekoa. Gure protagonista mundu fisiko batean bizi da, mundu birtualean ere aritzen da, eta, aldi berean, irudimen handikoa da, eta nolabaiteko haluzinazioak ere izaten ditu. Beraz, zer den erreala eta zer ez, nahasketa hori ere presente dago.

Agirre, 'Berriz zentauro' esku artean.

Agirre, 'Berriz zentauro' esku artean. Borja Guerrero

Sare sozialetan zentsuratua izan da zure azala, titiburuak agertzen zirelako.

Enpresak daukan zentzugabeko arau bat da, uste dut, soilik AEBtan okurritu ahal zaien zentsura mota dela. Gizonezkoen titiburuak ikus daitezke, baina emakumezkoenak ez, haiek jakingo dute zergatik. Baina azken finean horrek erakusten digu beraien enpresa dela eta nahi dutena egiten dutela, guk gure bihotza eta gure arima ematen diegu, baina ez dugu ahaztu behar kristoren boterea daukan enpresa pribatu bat dela eta nahi dutena egin dezaketela. Gure esku dago hor sartzea ala ez, eta gehienok sartu egiten gara.

Kontu handiz ibili behar izaten al zara zer idatzi edo zer erakutsi? Adierazpen askatasuna mugatuta sentitu izan duzu inoiz?

Liburuak idazterako orduan ez dut inoiz halakorik sentitu, azken finean, literatura gutxiengoa duen gauza da, eta ez da hain erraza polemikak sortzea. Baina, agian, bai zentsuratu izan dudala nire burua Twitter-en, jakinda zer nolako gorroto diskurtsoak eta hitzak dauden hor. Edozer gauza esaten duzula ere, berehala, gorrotoa pizten da. Eta horri ez diot inolako espaziorik eman nahi, eta horregatik, asko murriztu dut nire jarduna sare sozial horretan. 

Literatura gauza minoritarioa dela diozu, baina zure aurreko lanak ('Amek ez dute') zabalkunde eta arrakasta handia izan du. New York Times-en ere aipatua izan da. Nola jasotzen du batek halako albistea?

Ezustean eta pozik. Astiro egindako bidea izan da; liburua argitaratu eta bat-batean arrakasta izan du, urtez-urte hor mantendu da, herrialde ezberdinetan itzultzen joan da, oraindik ere hiruzpalau itzulpen geratzen dira argitaratzeko, eta agian gehiago ere etorriko dira. Beraz, ezustean hartu dut, baina baita lasaitasunez, ez delako izan boom bat, baizik eta, etorri diren ustekabe oso politak. 

Behin arrakasta hori lortzeak hurrengo libururako presioa eragiten al du?

Ez dut inolako presiorik sentitu, agian, 40 urte ditudalako; gazteagoa banintz, beharbada, sentituko nuke, baina orain egonkortuta sentitzen naiz nire ibilbidean, bidea nahiko argi ikusten dut eta jarraitu nahi dut bide horretatik, inguruari gehiegi erreparatu gabe. 

Hiru liburu kalean, eta beraien artean oso ezberdinak. Zure burua proban jartzen al duzu batetik bestera, edo hala ateratzen da?

Hala ateratzen da. Ez naiz oso pertsona konstantea, ez naiz inoiz izan gai batekin obsesionatzekoa. Obsesionatzen banaiz berehala pasatzen zait; alde batetik bestera modu naturalean pasatzen naiz, eta horrela izan behar duela sentitzen dut.

Hurrengoan ere, publikoari zerbait ezberdina eskainiko diozu ala jakiteke dago oraindik?

Oraindik jakiteke dago, ez daukat inongo ideiarik hurrengo liburu bati begira.

"Horrela hasten dira gauzak, trantsiziorik gabe. Betaurrekoak janzteko keinuak dena aldatzen du: hemen zaude, eta bat-batean hor, edo alderantziz". Non dago Katixa bere ibilbidean?

Pentsatu nahi dut oraindik aldapan gora nagoela; oraindik ikasten eta oraindik hobetzeko bidean. Pentsatu nahi dut oraindik ez dela iritsi malda behera hori. Hori ezin da jakin baina hori pentsatu nahi dut, eta bitartean, bideaz asko gozatzen nabil.

Elkar argitaletxearen arabera, "literatura gourmetentzako liburua da" 'Berriz zentauro'. Zer du zure nobelak hala izateko?

Beno, hori saltzeko esaten den esaldi bat da [barre artean dio]. Imajinatzen dut irudimenetik asko daukan istorio bat izanik, literatur garbiarekin gozatzen duen horrek gozatu dezakeela istorio hau. 

Katixa, geldirik ez dagoen pertsona zara. Denetara apuntatzen zarenetakoa zara?

Bai, gehiegi. Amak galdetzen dit ea zergatik ibiltzen naizen gora eta behera, eta egia esan, gauza askori esaten diot ezetz, ez daukadalako astirik, baina gauza asko oso erakargarriak dira, eta horiekin asko gozatzen dut. Urriaren 2an, esaterako, Ja! jaialdian egongo naiz Maite Larbururekin batera, 'Kax, kax, kax' emanaldia eskaintzeko. Bi urtez ibili gara ikuskizuna ematen, musika, literatura eta pailazokeriak nahastuz.