Iruñerriko kaleak New Orleanseko metal instrumentuzko banden doinuz janzten urteak daramatzate Broken Brothers Brass Bandeko kideek. Pandemia betean jaio da taldearen bosgarren lana: 'Katebegia'. Kolaborazioz eta inguruko musikarien ahotsez hornitu dute lan berria: Chill Mafia, Joseba Tapia, Broken Sisters eta Ihitz Iriart, besteak beste. Kolektiboaren indarraz, taldearen garapenaz eta disko berriaren filosofiaz jardun da Ion Celestino taldeko tronpeta jotzailea.
Zer topatuko du entzuleak 'Katebegia' disko berrian?
Topatuko du aurretik egin ditugun gauzetan sakontzea eta gehiago zorroztea. Hau da, batetik, gaur egungo New Orleanseko Brass Band taldeen estetika eta egiteko moduak gurera ekartzea. Bestetik, badago hurbilpen bat gurera. Musikalki oso hemengo erreferentziak daude; are, euskal folklorearekin loturak. Horrez gain, hitzak hartu du garrantzi handiagoa, eta ondorioz, hainbat abeslari gonbidatu daude.
Bosgarren diskoa duzue eta 2006. urtetik zaudete martxan. Aldaketak eta fintzeak bandaren garapenaren seinale dira?
Bai, esango nuke baietz. Garapen hori lan batetik bestera denbora guztian egon da, baina hemen nabarmena da. Lan honek trilogia bat bukatzen du. Heldu da taldearen ideien garapenean heldutasun batera eta azkenengo hiru diskoetan mamitu dira. Disko hau inoiz baino kolektiboagoa izan da; diskoa bera eta baita diskoa sortzearen prozesua ere. Taldekideok elkarrekin egoteko eta sortzeko inoiz baino behar handiagoa genuelako.
Behar hori lotzen da pandemiaren egoerara edo aurretik zeuden behar batzuk loratu ditu?
Biak. Batetik, diskoa bera itxialdi betean sortzen hasi ginen, orduan ezin genuen ezta elkarrekin egon. Izan zen aitzakia bat kolektibo bezala elkarrekin egoteko. Dena den, hori atzetik zetorren prozesu bat zen, praktikan eta ideologikoki. Izan da tresna bat hori mamitzeko. Hortik dator ere 'Katebegia' izena. Talde bezala gutako bakoitza katebegi bat da; eta, era berean, guztion artean osatzen dugun osotasun horren katebegi bat.
Aipatu bezala, inoiz baino kolektiboagoa da diskoa. Zein da kolektiboaren indarra?
Eguneroko praktiketan kolektiboari garrantzia ematea erresistentzia modu bat da, eta horrek aberastu egiten du hortik ateratzen den guztia. Lan horretatik eratorritako musikan ez dago bakar baten ahotsa besteen gainetik; bakoitzak bere ahalmenaren arabera ematen du, eta hori guztiontzako onuragarria da. Uneoro beste taldeekin konplizitatea bilatzea eta ahal den neurrian beste taldeei gure laguntza ematea edo beraien laguntza jasotzea ere bada ideia horren parte.
Hor apurtzen da apur bat artista harroputz eta lehiakorraren ideia? Ematen du musika taldeek zuen artean lehiatu behar duzuela entzule gehiago lortzeko, plaza gehiago lortzeko€
Bai, hori da. Gaur egun, Iruñean hori nahiko argi ikusi den zerbait da. Gure arteko lehia baino, gure arteko laguntasunetik edo auzo-laguntzatik askoz ere gauza interesgarriagoak ateratzen dira guztiontzat.
Kolektiboaren defentsa bada zuen bandaren esentziaren parte€
Bai. Ofizioa ulertzeko modu bat ere bada. Izan ere, guretzat ispilu diren Orleans Berriko taldeen tradizioan, beste estilo edo egiteko modu batzuekin alderatuta, ez da batere indibiduala. Taldearen emanaldi garrantzitsuenetariko batzuetan ni neu ez naiz egon, eta ez da ezer gertatzen. Taldea ez dira izenak, ez dira norbanakoak, baizik eta musika egiteko eta ulertzeko modu oso bat. Horren ifrentzuan dago pop musika zuriaren paradigma.
Bandak kalea du sorleku eta berezko agertoki, nola uztartzen da kale musika egitearen esentzia estudioan musika sortzearekin?
Azken finean, diskoa egitea bada aitzaki bat kalean egiten ez ditugun gauzak egiteko, beste adierazteko modu bat da. Disko grabatu oro da errepresentazio bat, orduan guk erabiltzen dugu tresna hori egin nahi ditugun zenbait gauza egiteko. Horrez gain, New Orleansen garatu dira kaleko musika disko grabatuan adierazteko zenbait konbentzio, eta horiekin ere jolasten gara lan honetan.
Tradizioa eta garaikidea uztartzearen alde egiten du disko berriak. Zer dela eta?
Da benetan New Orleanseko tradizioari fidel izateko modua. Gu Iruñean bizi gara eta gure testuek eta diskoek hitz egin behar dute garenaz eta bizi garen tokiaz. New Orleans-eko taldeek lotura dute musika beltzarekin, oro har; soularekin edo rap tendentzia berriekin, kasu. Hori kopiatu ordez, harremanetan jarri gara hemengo talde eta abeslariekin, eta hori da benetan tradizio horri erantzutea guretik.
"Taldea ez dira izenak, ez dira norbanakoak, baizik eta musika egiteko eta ulertzeko modu bat"
Kalean nola aretoan jotzen duzue, zer du berezitik kalean jotzeak?
Batetik, bat-batekotasunak toki handiagoa du, guretzat zein ikusleentzat. Bestetik, askatasun handiagoa dugu, eta horrek inprobisaziorako eta jolaserako tarte handiagoa eskaintzen du. Gainera, aretoetan normalean dagoen hierarkia hausten da; kaleak ikuslearen eta musikariaren arteko mailakatzea hausten du.