"Zorioneko kasualitate bat izan da". Hala erantzuten du Tere Irastortzak bere azken argitalpenaren jatorriari buruz galdetzean. 'Mundua betetzen zenuten' poema liburua argitaratu zenetik zazpi urte igaro direnean, horren argitalpen elebiduna kaleratu berri du Zaldibiako idazleak: 'Llenabais el mundo'. Mundua betetzen zenuten. Argitalpen polita dela eta, pozik da.
Iaz Euskadi izan zen Soriako liburu azokako gonbidatu, eta bertan izan zen Tere Irastortza bere liburuaren aurkezpena eginez. Bazituen aurretik gaztelerazko poema batzuk argitaratuta, Errioxako Planeta Clandestinok egina zuelako liburu horren antologia txiki bat. Eta horietako batzuk irakurri zituen Sorian bertan, berriago batzuekin batera. Batez ere, poesia argitaletxeak joaten dira Soriako azoka hartara, eta beste hainbaten artean, Olifante Zaragozako argitaletxeko editorea ere zegoen han. Ez ditu ahaztuko Irastortzak editore hark esandako hitzak: "Publikatu egin behar dizut nik zuri". Eta gonbidapen hori, oso gustura jaso eta poztasunez baiezkoa eman zion Zaldibiakoak. Liburu bi argitaratuko zizkiola esan zion, eta Mundua betetzen zenuten lanaren itzulpena egina zeukan jada; "Neronek egindako itzulpen bat, nahiko literala". Hala, Olifantekoaren gonbidapena jasotzean, itzulpenari buelta batzuk ematen hasi zen. Abuztuan izan zen hori, eta urtarrilerako argitaratzekoak ziren arren, duela gutxi ikusi du argia Irastortzaren argitalpen elebidunak.
Poesia irakurle bezala asko estimatzen ditu Irastortzak argitalpen elebidunak, eta berak ere idazle bezala hala egitea erabaki zuen: "Poesia maite dugunok irakurtzerakoan gauza asko konprimatzen ditugulako, eta Euskal Herrian badagoelako euskaraz irakurtzen oso trebea ez den euskaldunik". Aurretik ere, liburu elebidunak edo itzulitakoak argitaratutakoa da, baina sekula halako lan sakona hartu gabekoa zen, baina oso gustura egin duen behar bat izan dela aitortu du. Itzulpena osotasunean egilearena berarena izan den arren, ez ditu aipatu gabe utzi nahi izan Vicente Huici Urmeneta, Jon Iñaki Lasa eta Antonio Méndez Rubio bere lagun eta poeten partetik jasotako iradokizunak.
Heriotzaz ari da Zaldibiako idazlea 'Llenabais el mundo'. 'Mundua betetzen zenuten' poema liburuan, baina bizitzaz irakurtzeko aukera ere bada bertan. Jakin badaki gizartean badela nolabaiteko tabu bat, non jendeak uste duen maite duzun pertsona hiltzen denean guztia bukatu dela eta ez dela ezer hitz egitekorik. Gizarteak heriotza urrundu egin duela sinesten du poetak: "Ez gara etxean jaiotzen, ez gara etxean hiltzen, jendearen zahartzaroa urrutitik bizi du€ Dena urruti egiten da. Nolabait, ezkutatu egiten dugu heriotza naturala, nahiz eta gero pelikuletan bortxazko heriotzak izugarrizko arrakasta duen".
Dena den, Irastortzak maite dugunon heriotza pizgailu bezala erabiltzen du liburuaren hasieran, falta den pertsonari kantatzen dio, baina falta arren, presente jarraitzen duen pertsonari ere abesten dio. "Ez da falta zaizunaren deitoratzea, baizik eta zurekin jarraitzen duen pertsonaren bizitzak sentiarazten zaituena".
Liburuan bada hasiera bat eta bada amaiera bat ere, zeinetan poetak bere heriotzean pentsatzeaz hitz egiten duen, ez edonola, ezta modu tragikoan ere. Poesiak eskaintzen duen agertokia baliatzen du horretarako, alegia, bere bizipenak plazaratzeko. Berak argi du: bizi ahala idazten du eta idatzi ahala bizi da. Eta berak bizitzan fase ezberdinak izan ditu, bere emozio mota guztiekin, noski: batzuetan triste, beste batzuetan barregarri, baina beti ere, argi bila, badakielako arrazoiak laguntzen duela bidea bilatzen bizitzan.
Espazio berriak sortzen, hizkuntzari buruz hitz egiten eta hizkuntzaren garrantzia azpimarratzen saiatu da liburuaren bukaeran. Eta, era berean, pertsona batek bere heldutasunean bilatu nahi duen sosegu bat izan du hizpide; hau da, pertsona batek pentsatzea: "Honaino iritsi gara, zerbait ikasi dugu, eta horrek ez du esan nahi ahaztu duzunik ezer horraino iristeko".
Idaztea, askatasun eremua
Bukaerara iritsi aurretik, baina, falta zaigun lagunaz dihardu, falta zaigun aitaz edo amaz. Seme-alabak ere presente ditu, eta askatasunerako kontzeptu batekin lotzen ditu. "Nik uste dut zure burua askatzen duzula zure seme-alabak edo proiektuak zugandik kanpo hazten direla sentitzen duzunean, dena kontrolatzea behar ez duzunean, bizitzaren mekanismoez baliatzen zarenean. Beharbada, askatasun hori amets bat zelakoan geunden". Baina askatasuna, funtsean, jendeari bere bizitza egiten uztea da bere ustetan. Berarentzat, esaterako, idaztea da askatasuna. Idaztea da toki bat, non modu askean pentsatu eta adieraz dezakezun. Idaztea terapia baino askoz gehiago da zaldibitarrarentzat, "askatasun eremu" bezala definitzen du.
Euskaran, esaterako, 'gertu' eta 'gertatu' hitzak oso gertu daudela iruditzen zaio. Eta gertutasun hori da bere liburuan nabari daitekeena. Lekukotasun bat emanez sortu du liburua, modu ez abstraktuan hitz eginez, ez baitzaio abstraktua dena gustatzen. "Bizitza gustatzen zait; heriotza bizi du, baina baita bizia bera ere". Poesiarena ez da kronikak ematen duena edo nobela batek azpimarratzen duena bere ustez, baizik eta "gure lekukotasuna ematea". Bizitzan, bizitzeko sena edo bizitzeko gogoa baita laguntzen dizuna poliki-poliki aurrera egiten gizarte maila honetan, "ez maila heroiko batean".
Heriotzan pentsatzean ez dauka aparteko beldurrik, aitortu duenez, daukana da "pena infinitu bat" maite duen jendea hiltzen denean. Hala ere, ziur da hil arren, aldamenean jarraitzen dutela, eta horrek sosegatu egiten du. Liburuan jaso du horri lotutako esaldi argia: "Mundua betetzen zenutelako izan, mundua betetzen zenuten arren bizi". Duela zazpi urte kaleratu zuen liburuan jaso zuen esaldi hori, baina poeta poztu egiten da konturatzean zazpi urte pasatu direnean ere konklusio berera iristen dela. Gaztelerara itzultzea kostatu egin zitzaion, antza, esaldia, baina hala idatzi du argitalpen elebidunean: "Fuimos porque llenabais el mundo, somos porque lo revivís". Berton geratzen garenok bitartekariak garenaren zalantzarik ez dauka, zuhaitzekin gertatzen den bezala: "Zainetatik hostoetara badago bizimodu bat, alde batzuk hiltzen dira eta beste batzuk bizitzen jarraitzen dute".
Heriotzaz hitz egiteko prest agertu zen egilea duela zazpi urte, eta modu berean agertu da oraingoan ere. Tabuak tabu, badira heriotzaz irakurtzeko prest diren irakurleak ere. Euskarazko argitalpenak kritika onak izan zituen, eta horiek guztiek poesia forma aniztasuna goraipatzen zuten, heriotzaz eta bizitzaz hitz egiterakoan. Euskaraz lortu zuen hori egitea, eta zalantza zuen gazteleraz ere hala gertatuko ote zen. Baina editorearen feedbackarekin zalantzak argitu zituen, euskarazkoarekin lortutakoa lortu zuen haren ustez gazteleraz egitean ere. Jasotzen ari denarekin eta irakurleen harrerarekin, hortaz, oso pozik da idazlea.
Hezkuntzan lan egiten du Irastortzak, eta ez du bere burua idazle profesionaltzat; hala ere, egunero idazten eta irakurtzen du, idazteak bere bizitza orekatzen laguntzen baitio. Bizitzari begiratzeko modu bat da hori bere ustez, ez terapia bat. Edertasunari zentzua bilatzen dio, edertasunak jendea sendatzeko balio bat duela iritzita. "Gure burua kartzela da gure burua ixten badugu, baina, modu berean, gure buruak lagun diezaguke beste momentu batzuetan, gauzak askatzen". Oro har, bai idazteko zein irakurtzeko oso genero ederra da poesiarena bere ustez.
Bide ederra aurretik
Poesia genero ederra den bezala, aurretik daukan bidea ere modu berekoa dela deritzo. Gogoan du urte askoan idazle ezberdinak behar zirenean, orduan nobela edo ipuinak idaztera gonbidatzen zituzten, poesia herri ez garatuen kultur mailan utziz. Uste du urte batzuetan poesiak atzera egin duela, poesia gutxiago argitaratuz. Baina orain, azkenaldian, egoera bestelakoa dela ikusten du. "Geroz eta jende gehiago ari da poesia argitaratzen eta urte batzuetan oso poesia gutxi argitaratu den arren, azken urteetan poeta gazte berri asko eta argitaletxe asko ari dira berriz poesiari tokia ematen". Interes berri bat dagoela nabaritu du, eta horrek asko pozten du. Badu esaten ari denarentzako adibide bat: "Duela 24 urte ospatzen da Hatsaren poesia eguna Senpereko Larraldean; nahi duen jende guztiak parte har dezake, aurten, 124 egilek parte hartu dute". Eta horrek, Irastortzaren ustez, esan nahi du idazten hasteko ere eskaintzen duela aukera bat poesiak. Gainera, poesia irakurlea irakurle leialena dela dio.
Azken urteetako aldaketa hori oso garrantzitsua iruditzen zaio idazleari; batetik, poesia genero librea delako, modu askotara idatzi daitekeena, eta hartu eta utzi egin daitekeena edozein momentutan; eta bestetik, pentsatzeko eta hausnartzeko beste gako batzuk ematen dituelako. Ez da narratiboa eta bukatzen ez diren egoeren agerpen bat onartzen du; horrek oso interesgarri egiten du poesia argitalpen elebidunaren egilearen ustez.