Gari Ugarte txirrindulari legazpiarra Euskaltel-Euskadi taldean arituko da hurrengo bi denboraldietan, 2026an eta 2027an. Horrela, txirrindulari gipuzkoarrak jauzia emango du profesionalen tropelera, bigarren taldean bi urte eman eta 2025ean elastiko laranjarekin 'stagiaire' gisa debuta egin ondoren.
Euskaltel-Euskadik jainarazi duenez, Ugartek "denboraldi bikaina" egin du Euskadi Fundazioa taldean. Hain zuzen, Zamorako Itzuliko etapa bat irabazi du, baita Salamancako Itzuliko etapa bat eta sailkapen nagusia ere; bigarren izan zen Lazkaon eta Iturmendin, seigarren Castelloko Itzulian edo 12. Espainiako 23 urtez azpiko Txapelketan.
Udan 'stagiaire' bezala aritu zen Euskaltel-Euskadirekin, eta Getxon lehiatu zen eta beste hiru proba egin zituen Frantzian. Iaz, Ataunen irabazi zuen amateurretan bere lehenengo urtean, eta Goierri Txirrindulari Eskolan hazi zen.
AMETSA
Gari Ugarteren hitzetan, "urrats hau ematea egia bihurtutako ametsa da niretzat. Harrobiko taldera iritsi nintzenetik, nire azken helburua Euskaltel-Euskadi taldearekin lehiatzea zen, eta lortu dut hainbeste mirestutako xedea".
Orain, berriz, "beste helburu berri batzuren bila" doala esan du, esaterako, "nire txirrindulari profila aurkitu eta lasterketa berri hauetan nola lehiatzen naizen ikusi". "Egia esan, oso ilusionagarria da", gaineratu du.
Hurrengo bi urteetan "mailara egokitu eta noraino iristeko gai" den ikusi nahi du, eta "pixkanaka" joango dela ziurtatu du, "urratsak ematen gutxinaka". Azkenik, eskerrak eman dizkie bidean lagundu dioten guztiei, klubei, familiari eta Euskadi Fundazioari.
Hurrengo bi urteetan "mailara egokitu eta noraino iristeko gai" den ikusi nahi du, eta "pixkanaka" joango dela ziurtatu du, "urratsak ematen gutxinaka". Azkenik, eskerrak eman dizkie bidean lagundu dioten guztiei, klubei, familiari eta Euskadi Fundazioari
Bestalde, Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunak nabarmendu du Gari Ugartek 'stagiaire' moduan egindako lanarekin argitu zituela taldearen zalantzak.
"Adorea, trebetasuna eta maila erakutsi zituen, urtean zehar harrobiko taldean erakutsi duen bezala, denboraldi osoan lasterketa onak eginez eta Salamancako Itzuliko garaipenarekin amaiera emanez. Etorkizun eta dohain handiko txirrindularia da, euskalduna eta harrobikoa izateaz gain, eta gurekin pausoz pauso garatuko da", azaldu du.
Ugarte da Euskaltel-Euskadiko bigarren fitxaketa datorren denboraldiari begira, Axel van der Tuuken fitxaketa baieztatu ondoren, Iker Mintegiren berritzeaz gain. Horrela, Jon Agirre, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Ander Ganzábal, Paul Hennequin, Txomin Juaristi, Jordi Lopez, Gotzon Martin, Louis Sutton eta Danny van der Tuuk dira 2026an jarraituko duten hamar txirrindulariak.