1991.urteaz geroztik, ia 200 kantu idatzi ditu Jon Maia bertsolari, kantari eta idazleak, hango eta hemengo musikarien eskariz. Lehenengoa idatzi zuenetik 30 urte igaro direnean, abesti batzuk aukeratu eta Kantu bat gara disko-liburuan bildu ditu, jatorrizkoen bertsioak eginez. Ezagunetarikoak hautatu ditu, estilo anitzetakoak, ikusteko denetarik egin duela. Bere lan berriarekin eszenatokietara ere igoko dela iragarri du; momentuz, Bilbon eta Donostian emango ditu kontzertuak.
30 urte letragintzan aritu zara. Nolakoa izan da gaur arteko ibilbidea?
-Hasiera batean pentsaezina zen zerbait izan da. Konturatu gabe, nire lan lerrorik luzeenetako batean bihurtu da. Letragintzarena ez dut inoiz ofizio bat bezala ikusi; niretzat letragintza noizbehinkakoa izan da, unean-unean jasotzen ditudan enkarguak izaten dira. Gainera, letragintza ez da genero literario bat bezala hartzen, azpigenero bat dela uste dut, musika eta literaturaren artekoa, batak bestea baldintzatzen duelarik. 30 urteko ibilbidea egin nuenean pentsatu nuen bide dezente egina nuela, eta nahiko sendoa zela. Kantu mordo bat neuzkan eta guztiak biltzeak eta euskarri bakarrean jartzeak merezi zuela pentsatu nuen, batik bat lan horri ikusgarritasuna ematearren.
Hasierak aipatu dituzu. Nola gogoratzen dituzu momentu horiek?
-Gogoratzen dut Elgoibarko gaztetxean nola kantatu nuen 18 bat urte nituela, rap moduko bat abestu nuen. Gero, kontzertu bat zegoen, eta nik jakin gabe, jendearen artean, Fermin Muguruza zegoen entzuten. Hark, bertso saioaren bukaeran, agurraren parte nola rap bat egin nuen entzun zuen eta niregana etorri zen, esanez: "Ez dut inoiz horrelakorik ikusi. Egun batean egongo gara, ideia bat daukat buruan eta". Eta hala, hilabete batzuetara, Negu Gorriak-en Gure jarrera diskoaren letrak egiteko eskatu zidan. Egun batzuetan, bere etxeko sukaldean egon ginen, eta niretzako izugarrizko esperientzia izan zen. Guretzako Fermin Muguruza Kortatu taldearen abeslaria zen, eta nirekin kontatzea kristorena izan zen. Hor idatzi nituen disko horretako hainbat kantu: Lehenbiziko bala, Gora herria eta beste hainbat. Nola eskertzen diot Fermini 18 urteko gaztetxe hartan jarri zuen konfian-tza halako lan handi bat egiteko. Horrek zabalduko zizkidan ateak orain kontatzen ari naizena kontatu ahal izateko.
Hainbat abesti ezagun zuk idatzitakoak direla ohartuko dira asko eta asko liburu-disko honekin€
-Jendea esaten ari zait elkarrizketak irakurriaz konturatzen ari dela nik idatzitako abestiak direla ezagutzen dituzten asko. Istorioak ere konta-tzen ari zaizkit, kantu haiekin bizitako esperientziak kontatzen dizkidate. Zentzu horretan polita izaten ari da. Nik ulertzen dut eta normala iruditzen zait jendeak ez jakitea nik ida-tzitakoak direla hainbat kantu. Azken finean, nik sentitzen dut musikariarentzat edo musika taldearen-tzat ari naizela lanean, enkarguak dira niretzat. Letra horiek musikari ezagunen ahoetatik ateratzen direla eta beraien diskoetan biltzen dituztela ikusten dute. Normala iruditzen zait letragilea bigarren plano baten egotea, nik sentitzen baitut kantuaren zerbitzura nagoela. Eta musikaria pozik geratu arte ez da bukatzen nire lana.
Gertatuko da zuri gustatu zaizula nola geratu den egindako lana, baina ez, ordea, musikariari.
-Halakoak gertatzen dira batzuetan. Melodia bat pasatzen dizute zuk jakiteko non sartu behar duzun letra. Nire lana melodia hori edukiz betetzea da, eta nik melodia bide bat bezala ikusten dut. Melodia horretan zer paisaia dagoen, zer gertatzen den€ asmatu behar dut nik. Melodiak iradokitzen didanari eusten diot, baina, aldi berean, kontziente naiz, nik idatzia baina berak kantatua izan behar dela, eta berak ere bere egin eta sentitu behar duela, bestela zaila da bere ahotik abestea. Batzuetan gertatu izan zait nik pentsatzea borobil geratu zaidala eta musikariak esatea beste ideia bat zuela buruan. Ni bere zerbitzura nago, eta kasu horretan, nik onartu egin behar dut bera gustura sentitu arte saiatu egin behar naizela.
Bere zerbitzura egote horrek badauka saririk?
-Hainbeste urte eta gero, eta hainbeste kantu idatzi eta gero, ilusio ikaragarria egiten dit kantu bat egiteko dei bat jasotzen dudanean. Horrek plazera eta poza ematen dit. Gero, autore eskubideetan erdibana egiten dugu. Ordainsaria ia inoiz ez dut kobratu, salbuespen gutxitan soilik. Gehien asebetetzen nauena kantu hori bizirik ikustea da, eta kantu horrekin edozein lekutan topo egitea. Handik denbora batera agertzen da zuk idatzitako kanta bat autobus batean edo taberna batean edo txosna batean€
Zer da kantua zuretzat Jon?
-Uste dut kantua oso esker oneko gauza bat dela. Zuk egiten duzu arratsalde bat edo lau arratsaldetako lan bat, eta gero, urte pilo batetan gauza pilo bat ematen dizkizu. Denboran irauten du bueltan jaso-tzen duzunak. Horrek ez dauka preziorik. Auskalo noiz hasi zen gizakia kantatzen. Beste formatu artistiko asko berriagoak dira, baina kantua gure barruan sortzen da eta ez du behar ezta formatu fisikorik ere. Zure gogoan dago, zure buruan, zure memorian€ Gogorik gogo pasatzen da, memoriaz memoria eta belaunaldiz belaunaldi. Ez dago muga fisikorik kantu baten-tzat; ezin da txikitu, ezin da lotu, ezin da erre, ez puskatu€ Herri mugimenduak pizteko erabiltzen da, maitasuna adierazteko, ereserki bezala ere€ Oso formatu harrigarria da eta kantuari berari gorazarre egiten saiatu naiz lan honekin. Liburuan esaten dut kantuak alfonbra magikoa direla, zure bizitzako hainbat pasarte, pertsona zein momentutara garraiatzen baitzaituzte. Eta hori magia egitea bezala da.
Mugez ari zarela€ Zuk baduzu mugarik eskari horiek onartu eta idazteko orduan?
-Garai batean askoz gehiago nituen, baina orain oso aurreiritzi gutxi dituen pertsona sentitzen naiz. Nik uste dut aurreiritziak mugatu egiten gaituztela eta ate asko ixten dizkigutela. Nire talde batekin, Karidadeko Bentarekin, egin nuen kantu bat esaten zuena: "Zatoz gurekin eta dan-tzatu reggaeton". Kantuan reggaetona zerbait txarra balitz bezala aipa-tzen genuen; eta orain Kai Nakairi idazten dizkiot reggaeton kantak. Ez ditut muga estilistikoak jartzen, betiere, nire printzipioekin talka egiten ez baldin badute.
'Kantu bat gara'. Zer esanahi du horrek zuretzat?
-Pertsona, kolektibo zein herri bezala forma asko har ditzakegu; erresuma bat izan gaitezke, autonomia bat, estatu bat, errepublika bat edo horietako ezer ez eta beste zerbait. Hori dena iragankorra eta aldakorra da, baina beti izango garena, modu poetikoan esanda, kantu bat da. Milaka urtetatik iritsi zaigu hemen sortutako kantu hori eta aurrera jarraitzen du. Orain dela mende askotatik gugana iritsi diren melodia eta hitz horiek gaur egun ere hartzen dute reggaeton, techno, trap, eta hardcore forma edo nahi duzun bezalakoa. Eta eskerrak horri jarraitzen dugu herri bat izaten, gure identitateak eboluzionatzen duelako, eta gure identitatea egoki-tzen delako garai berrietara. Eta identitatea esaten dudanean esan nahi dut kantua. Nire diskoan kantatzen dute Xabier Amurizatik Asier Etxeandiaraino. Bi mutur dira profilak: batetik, Xabier Amuriza, bertsolaria, 80 urtekoa, euskalgin-tzan hainbat lan erraldoi egin dituena; eta, bestetik, Asier Etxeandia, Madrilen bizi den euskal aktore bat, euskaraz ez dakiena. Biak ala biak daude Kantu bat gara diskoan, eta hori da Euskal Herriaz gustatzen zaidana; mutur horien arteko Euskal Herri hori guztia, anitza eta bizirik dagoena eta, posible bada, euskaraz egiten duena.
Letrak idaztetik, letra horiek abestera pasatuko zara. Bertigorik sentitzen al duzu?
-Bai, ematen dit nolabaiteko bertigoa. Salto bat bezala ikusten dut nik lan hau. Batetik, kantu ezagunak kantatuko ditut, eta beti dago hor kantu orijinalen erreferentzia, eta abeslari handiak dira, gainera: Anari, Eñaut Elorrieta, Benito Lertxundi, Gari€ Horrek errespetua sortzen dizu. Bestetik, bakarlari bezala hastera noa, Jon Maia bezala. Ardura sentitzen dut: erabaki denak nik hartu behar ditut, eta inor ez bada etortzen porrot pertsonala izango da. Baina, egia esan, Bilboko Arriagan eta Donostiako Victoria Eugenian egingo ditudan kontzertuetarako sarrerak oso azkar saltzen ari dira. Uste dut ilusioa piztu duela; oso talde ona osatzen dugu eta ikuskizun polita izango dela uste dut. Alde batetik, ardura eta urduritasuna sentitzen dut, baina, beste alde batetik, ilusio handia.
Ibilbide baten amaierako lana edo ibilbide berri baten hasierakoa da hau?
-Letragile bezala, aste honetan ere idazten ari naiz, eta horrekin jarrai-tzen dut. Bestetik, Kantu bat gara lana ibilbide berri bati hasiera emateko baliatu nahi dut, neuretik eta Jon Maia bezala. Ez daukat nire burua abeslaritzat, baizik eta bertsolaritzat. Baina bi taldetan ere aritu izan naiz, eta bosgarren diskoa ere badut hau. Erronkak eta abenturak behar ditut, eta uste dut hau orain arteko handienetako bat dela. 49 urte ditut eta jarraitu nahiko nuke gauza berriak hasten, hastearen sentsazio hori eta kilima horiek ez daitezela inoiz falta nire bizitzan.