Gauza asko geldiarazi zituen pandemiak. Etxean, kultura aringarri. Kalean, aretoetan, liburutegietan, antzokietan, inor gutxi. Kulturari heldu gintzaizkion; aringarri izan zen hilabeteetan. Kontzertuak, antzezlanak, erakusketak itzuliz joan ziren gutxinaka, neurriak-neurri, eta iragarritako normaltasun berria ezagutzeko aukera izan zen azkenik. Jende-pilaketarik ez zen iruditegi berri hartan eta hartara, ezin izan genion Durangon itzuli kulturgintzari esker onez egindako lana. Ez zen ohiko Durangoko azokarik egon. Ez standik, ezta kontzerturik ere Plateruenan.

Birtualetik Landakora

Sormenaren arrakaletan zehar eta "Azokako taupada ez gelditzeko" asmoz, mantentzea erabaki zuten, Internet bidez baina. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko zuzendariak eta Durangoko Azokako arduradunak azaldu du eran-tzuna "oso ona" izan zela: "Deialdia egin genuen, eta Euskal Herriak erantzun zuen". Ia 8.000 eskari izan ziren eta datuon gaineko balorazio positiboa egin zuten elkartean, baina Mujikak adierazi du salerosketaz harago doan ekitaldia dela: "Guk kultura bertatik bertara gozatu nahi dugu. Desiratzen gaude betiko Azoka berreskuratzeko". Hain zuzen, Durangon bilduko baititu berriz kulturgileak eta kultur-zaleak azokak abenduaren 4tik 8ra, aurrez-aurre eta baita online ere.

BaDA! lemapean, "emozio handiz" ekingo diote urteroko zitari eta eskaintza kulturalari eutsi nahi izan diote, bertaratzen direnek gozatu dezaten. Gerediaga Elkarteko zuzendariak esan du ziurgabetasuna izan dela nagusi azken hilabeteetan osasun-neurrien karietara. "Hainbat plan izan ditugu eskuartean, azkenean bi modutara egitea erabaki dugu". Biko aukerak bada, zaleen osasuna bermatuko duela dio beraz, eta lehentasun gisa hori bera ezarri dute: "Kultura babestu nahi badute, osasun-arauak errespetatu ditzatela, Azoka barruan eta baita Azoka kanpoan ere" gehitu du. Hala bada, 5 txanda izango dira ordu eta erdiko tarteetan sartzeko. Guztira 1.200 lagun izango dira gehienez gunean. Guztion ardurari garran-tzia eman ez ezik, parte hartzaileei eskerrak eman dizkiete antolakuntzatik: kultur eragileei, elkarteko bazkideei, boluntarioei€ "Guztiok egingo dugu posible 56. edizioa".

Eskolei plaza

Ohiko egoeretan eskolei aukera ematen zieten bertaratu, eta haien-tzako propio prestatuko egitarauan parte hartzeko. Egoerak, eta multzokatze handiek izan dezaketen arriskua dela eta, ez da izango ikasle eta irakasleentzako aurrez-aurreko ekimenik. Trukean, PortaDA egitasmoa antolatu dute kultur transmisioaren alderditik harremana mantentzea estrategikoa dela iritzita. Eskolak Azokan izan ahalko dira nolabait beraz, lehiaketa moduko horren bitartez: Euskarazko liburu eta diskoak ezagutzeko helburuarekin, eta gaztetxoen sorkuntza sustatze aldera, liburu eta diskoen portadak izango dira lehiaketako gaia. Bi sari izango dira: lehen eta bigarren hezkuntzako etapetarako bana. Hala bada, gazteagoen artean saritua suertatzen den eskolak Iratxoen kantu sekretuak ikuskizuna izango du eskolan. DBH eta batxilergoko mailetako irabazlearen eskolak Huntza taldearen bisita jasoko du.

Berritasun horrez gain, sortzaileei ere bultzada eta tresnak eman nahi dizkie elkarteak. Orain arteko DA! PRO egitasmoa bada, eraldatuko dutela azaldu du Mujikak: "O-rain arte musikaren alorreko sortzaileekin lotuta egon da bakarrik eta egun bakarreko jardunaldia izan da; aurten lau eguneko egitaraua izango du, eta hainbat diziplina landuko ditu". Hariari eutsita baikor azaldu da etorkizuneko proiektu berriak sortzeko, ikusgarritasuna emateko, harreman berriak egiteko balioko duelakoan.

Halaber, laugarrenez antolatu dute Durangoko Azoka Beka. Oinarri digitala duen proiektu bat diruz lagunduko dute, eta Azokak iraun bitartean izango da haren irabazlearen berri. Bestalde, iazko bekaren irabazleek, Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek, Bañolet izeneko ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute.

Musika batetik

Urte batzuk dira jada Huntza taldeak azokan parte hartzen duela. Oraingoan Ezin ezer espero diskoa aurkeztera datoz. "Gure ibilbideari omenaldia egiten dion lana da", azaldu du taldeko bibolin-jole Aitor Huizik. Sorkuntza prozesuari, bizipenei eta pandemiari berari begirako diskoa dela kontatu du. "Diskoaren izenari eta filosofiari men eginez ez genuke ezer espero beharko. Hala ere, urte zail hauen ostean izan ez ditugun kontzertuak eta birak izatea espero dugu". Ildo horri eutsita, gozatzeko eta gozarazteko desiratzen daudela gaineratu du.

Soinu eta itxura berriarekin dator Huntza eta jabe dira kideak. Haien ustez taldeak pertsonak bezala etengabe eboluzionatzen dira: "Diskoa argazki baten modukoa da, artistaren momentuko eboluzioaren adierazle", Huizik. Aitortu du ez zituztela espero halako kantak, baina gustura daude egindako lanarekin eta egiteko moduarekin. Izan ere, jendeak espero zezakeena ahaztu dute eta "modu naturalagoan" egin dituztela adierazi du, Aldapan gora abesti ezagunaren zama "handia" adibidera ekarrita. Azokari dagokionez, bat dator Mujikarekin. Salerosketagatik bainoago, nahiago dute ekimena jendearekin egoteko: "Baditugu diskoak saltzeko beste bide batzuk. Durangon feedbacka jasotzen dugu". Huiziren esanetan, hori da aurrez-aurrekoaren garrantzia eta, beraz, bertan izango direla gaineratu du, entzuleen iritziak entzuteko prest.

Bestetik, Kaserna taldea ere han izango da. Izena berria duten arren, Mr. Pongo zenaren errautsetatik sortutako proiektua da: "Taldearen azken urteetan aldaketa ugari izan genituen partaideetan eta baita estiloan ere, hala ere, proiektuak jarraitzen du, nolabait". Baterian aritzen da Iker Arana urduñarra, 2021ean aurkeztu zuten proiektua: Gelditu da denbora. Urte bereziak izanagatik ere, oso emankorra dela azaldu du Aranak, kantuak eginak zituzten, eta beraz, etxealdia diskoa fintzeko probestu zuten. "Bai plataformetan eta baita medioetan ere oso harrera ona izaten ari gara", esan du musikariak. Hauek ere ez dute lehen aldia azokan, 2017an bertan izan ziren, baita Ahotsenean jo ere.

"Oso esperientzia polita izan zen guretzat, eta pozik gara itzultzeko". Haien proiektuari sona emateko ezinbestekotzat jo du zita: "Erakusleiho bat da azkenean, bai kontzertuak lotzeko eta jendearekin egoteko". Euskal Herriko jende asko biltzeak dituen onurez gain, azpimarratu du beste proiektu batzuk ezagutzeko aukera bikaina dela.

Literatura bestetik

Ainhoa Urien Abadiñoko idazleak Poesia zaurien ukendu saiakera lana kaleratu zuen iazko irailean. Poesiaren bitartez gaixotasunaren eta gorputzaren gaineko gogoeta egiten du Pamiela etxeak argitaratutako lanean: "Minak nolabait gorputzaren kontzientzia sortzen dizu", azaldu du Urienek. Filosofia ikasi zuen idazleak eta Xabier Leteren poemak eta kantuak atsegin zituen. Hala bada, saiakera formatuan, baina poesia eta gogoetekin Leteren lanari buruzko liburua osatu zuen. Leteren gaixotasunarekin ere lotura du lanak, idazlearen hitzetan. Gainera, Urienen arabera, "poesiaren eta filosofiaren arteko loturaz" dihardu eta, era berean "sorkuntzaren aldarri" ere bada. Bidaia-koaderno antzekoa ere izan zitekeen, egileak adierazi baitu Lete eta bere ingurua ezagutzeko bidaia gisa izan zela sorkun-tza prozesua.

Urte luze du liburuak jada, eta bestelako dimentsio bat ere eman dio gerora, Nerea Iglesias lagun eta piano-jolearekin errezitaldi musikatuak egin baititu. "Beharra neukan liburua beste modu batera aurkezteko eta sorkuntza prozesuaz hausnartzeko". Izan ere, sorkuntzak daukan funtzio terapeutikoari arreta berezia jartzen dio lanean. Iazko sareko azokan salgai izan zen Abadiñokoaren liburua, aurten ere izango da argitaletxearen standean, eta orain arteko harrera beroari azokak beste bultzada bat gehiago emango diolakoan dago.

Egitaraua

Durangoko Azokaren egunez eguneko programazioa webgunean dago ikusgai jada, eta ez dira faltako liburu aurkezpenak, editoreen, idazleen eta itzultzaileen arteko solasaldiak eta mahai inguruak. Musikari dagokionez, iragarri egin dituzte Ahotsenea egitasmoaren barruan, Plateruena antzokian, izango diren 50 taldetik gorakoak, han izango dira, besteak beste Sueder, Onki Xin, Konpost edo Nahiak Nahi taldeak, Euskal Herriko eszenaren lagin anitz bezain esanguratsua. Hartutako neurrien artean, kontzertuetarako izen ematea da nabarmenetako bat, eta azokaren webgunearen bitartez egin beharko dute.