GERRAN dagoen soldadu zahar bat. Egunerokotasunetik datorren postari gazte bat, karta bat daramana. Hildako bat. Guztiz desberdinak eta amankomunean ezer gutxi duten (edo hasieran hala dirudien) hiru pertsonaia hauek osatzen dute Lubaki lainotsua obra. Belaunaldien arteko talka lantzen den obra honetan, sokaren alde batean soldadu zaharra dugu, Javier Barandiaranek interpretatzen duena. Kontrako muturrean, aldiz, postari gaztea dago, Maren Basterretxea bere azalean jarri dena. Gazteak ekarritako gutunak hankaz gora jarriko du soldadu zaharraren mundua eta sinesmen guztiak. Sokaren erdian, ordea, lubaki horretan aspalditik dagoen hildako bat dago. Miriam K. Martxantek egingo du hildakoaren papera eta beste bi pertsonaien artean bitartekari bezala arituko da.
"Drama bat baina puntu komiko askorekin, edo inkluso esan genezake komedia bat dela, drama puntu txiki batzuekin". Iñaki Ziarrustak (Bilbo, 1973) hitz horiek erabili ditu obra definitzeko. Bera da, hain zuzen ere, istorioaren sortzailea. Inspirazioaren inguruan galdetzean istorioak sortzeko bere bizipenez eta esperientziez balia-tzen dela aitortu du. "17 urteko seme bat daukat eta beti pentsatu izan dut ni oso aita modernoa naizela eta sekula ez nautela harrapatuko ezustean berak egin ahal dituen gauzek, baina gezurra da hori", adierazi du barrez. "Apur bat horretan pentsatzen konturatzen zara historia horrela idazten dela. Gure aurretik etorri dira batzuk gauzak modu batera egiten eta atzetik datozenak edo horrekin jarraitu edo hori guztiz aldatzeko asmoarekin datoz. Talka horretatik gizarteek, munduek, zibilizazioek egiten dute aurrera". Ziarrustak istorioaren ideia izan, sortu eta garatu duen arren, oraingoan Ximun Fuch aktorearen laguntza ere izan du. Lehenengo aldia izan da beste konpainia bateko ekarpena izan duena eta "oso lagungarria" izan dela eta "aire fresko handia" ekarri duela adierazi du.
Hilabete eta erdi gogor lanean egon eta gero, urriaren 15ean izan zuten obraren lehen emanaldia Azpeitian. Hilabete horretan zehar, etxetik igaro gabe, obraren errepikak egiten ibili dira Euskal Herriko hainbat herritan zehar, Maulen, Oreretan, Igorren eta beste hainbatetan. Lan luze eta neketsu horren ostean gogoz hartu du Ziarrustak obraren estreinaldia eta gogoz dago publikoaren erreakzioak ikusteko ere. Estreinaldia eta gero Bilbon eta Oñatin egon dira, eta hurrengoa Donostian dute, azaroaren 25ean.
Talkaz
Belaunaldien arteko talka horiei buruz hizketan, bizitzako arlo askotan nabaritzen duela aitortu du bilbotarrak. "Lan munduan eta politika mailan argi nabaritzen da. Horrez gain, aspaldidanik ezagutzen diren baina indar diferente bat hartu dituzten ikuspegi batzuetan ere, esaterako ekologismoa eta feminismoa". Hilabeteotan bizi izan dugun egoera dela eta, oso nabaria izan da gazteen kontrako kriminalizazioa eta hori ere bi garai desberdinen arteko talkaren ondorio dela uste du Ziarrustak. Oso ohikoa da entzutea gazteak ez direla egungo egoerarekin arduratsuak izaten ari, "botiloiak" besterik ez dituztela egiten, eta halako hamaika komentario. Arazo hau besteen lekuan ez jartzeko ohituragatik da, ez baikara besteen azalean jartzen eta horrela ez dira besteen egoerak ulertzen.
Pandemia garaia ez da orokorrean denboraldi oparoa izan ezertarako, baina kulturarako, hain zuzen ere, oso garai txarra izan da. Kulturak eta antzerkigintzak une honetan asko sufritu duten arren, beti izan da arlo bat ez duena jaso babes handirik politikarien partetik. Ziarrustaren ustetan, benetako arazoa da politikariek ez dutela ondo uler-tzen edota ez dakitela antzerkia zertarako balio duen. "Urteetan eta urteetan saiatu dira kulturan egiten den gastua modu ekonomikoan justifikatzen, baina kultura inbertsio bat da, zerbitzu bat". Halaber, kulturan inbertitzean ikusmira handiagoa duen gizarte bat eta gizarte kritikoago bat lortzen dela gehitu du antzerkigileak, eta horrek izan behar duela helburua, ez helburu ekonomikoa.
HAMARKADA TAULA GAINEAN
Konpainiak hamar urte bete dituenean estreinatu du Lubaki lainotsua Atx Teatroak. 2011n sortu zuen Ziarrustak, gauzak beste modu batean egiteko nahiagatik, hain zuzen ere. 17 urte zeramatzan beste konpainia batean baina ikusita bertan ezin izango zituela bere ideiak aurrera eraman, bere talde propioa sortzea erabaki zuen. Besteak beste, konpainia berria sor-tzean euskaraz bakarrik lan egiteko apustua egin zuen. Erabaki hori bere bizitza pertsonalarekin bat datorren hautu bat dela kontatu du artistak. Gurasoek euskaraz hitz egin arren, Euskal Herriko beste familia askok bezala, ez zuten haien seme-alabei erakusteko aukerarik izan, diktadura garaian hizkuntza desagertzeko ahalegin handiak egin baitziren. Hala ere, gaztea zenean euskara ikasi zuen eta euskaraz bizitzeko hautua egin zuen. "Antzerki konpainia bat sortu nuenean erabaki hori nirekin batera etorri zen, ezinbestez", azaldu du zuzendariak.