Bi sari ditu, baina jendearen gustukoa izateko asmorik gabe sortu zuten Irten barrura film laburra Aitor Mendilibarrek eta Ibon Goikok. Zuzendaritza onenaren saria hartu du Lekeitioko Zine Bileran. Errenteriako Film Laburren jaialdian publikoak saritu du euren lana. Elkarrekin egin duten lehenengo lanarekin epaile eta ikusleen, denen miresmena lortu dute bi zuzendariok. Pozik hartu dituzte errekonozimenduak, eta talde osoaren lana islatzen duela aipatu dute: "Beraiei eskainita dago".

Mendilibarrek zuzendari modura fikziozko bigarren lan laburra du hau. Goikok, berriz, beste mota bateko piezak egin ohi ditu: "Hau zinema kontsideratu daitekeen nire laugarren lana da". Zuzendari modura elkarrekin lan egiten duten lehenenengo aldia izan da, eta aspaldiko gogoa asetu dute: "Zinematografiaren Messi-arekin aritzeko desiatzen nengoen", dio Mendilibarrek.

Irten barrura ideia anbiguo bati tiraka sortu zen. Mendilibar New Yorken zela proposatu zion Goikok buruan bueltaka zeukan bizpahiru lerroko ideiari bide ematea. Milaka kilometrotako distantziara hasi zuten elkarlana. Ideia buruan, eta gidoia eta istorioa paperean garatu arren, guztiz amaituta eduki gabe hasi ziren grabazioarekin. "Muntaia egitean eman diogu istorioari azken ukitua".

Emaitzaren detailerik eta istorioaren azalpenik ez dute eman nahi: "Ikusle modura ere spoilerrak ez zaizkigu asko gustatzen". Pertsona batek berak bakarrik burutzen duen barne bidai estugarri bat da Irten barrura film laburrak erakusten duena. Hori, 12 minututan. Zuzendariek aitortu dutenez, prozesuan zehar askotan hitz egin dute formatu laburra aproposa ote zen saiakera filmiko horrek zentzua izan zezan, eta filmaren zentzua interpretazioei zabalik utzi dute azkenean. Asmatu duten ez dakite, "baina minutu gutxian intentsitate handiko esperientzia bat sortzea zen helburua".

Kontrasteak

Hiru aktore. Bi emakume -Nerea Gorriti eta Naiara Arnedo- eta gizonezko bat -Iñaki Altolaguirre, 'Matxet'-. Istorioa forma hartzen joan zen heinean sortu zuten triangelu hori. "Interesgarria iruditu zitzaigun bi emakume indartsuen irudia erakustea, galduta dabilen gizon batekin kontrastean". Ez zegoen hasieratik erabakita. "'Matxet' protagonista bezala konfirmatzerakoan argi ikusi genuen kontraste askoko 'antagonistak' nahi genituela istorioan. Hortik janzkerak, jarrerak eta beste detaile asko".

Goikok betidanik mirestu du Altolaguirreren musikari lana (Jousilouli, Naizroxa, Anai Arrebak). "Performer liluragarria dela iruditu zait beti, eta ideia lantzen ari ginela, bera etorri zitzaidan burura, bere presentzia berezi hori". Mendilibarrek ez zuen haren lana ezagutzen, baina ez zuen dudarik egin. Nerea Gorriti bai, ezagutzen zuen; "berarekin egin nuen New Yorken nire lehenengo film laburra: Limits". Goikori proposatu zion, bere pertsonaia antzezteko egokia ikusten zuelako; eta "hala izan da".

Gorriti eta Arnedoren lanarekin oso eskertuta daude. "Bi emakume indartsu bilatzen genituen eta botere harreman bat sortu behar genuen euren artean, hierarkia bat. Nereak Naiararen gainetik egon behar zuen. Izaera handiko aktorea da Naiara eta bere pertsonaiak behar zuen malenkolia puntu hori ere bazeukan. Eta begirada indartsu bat€ istorioan bere papera bete duena. Ideia proposatu genionean oso polita izan zen bere pertsonaiarekin nola identifikatu zen entzutea".

Modu abstraktoan, gaur egungo gizarteari kritika ere bada Irten barrura lana. "Askotan bakarrik jasaten ditugu arazo eta kezkak. Ez daukagu besteeti kontatzeko ezta galdetzeko joerarik, eta horrek arazoak bakartasunetik gainditzera eramaten gaitu". Hala ikusten du Mendilibarrek; Goikok ez du argi filmak islatzen duena kritika bat den, baina "probokazio bat" egon badagoela aitortu du.

Irudi eta soinuen unibertsoa

Aktoreekin lan egitea oso erraza izan da; gainera, Miren Nogalesen lagun-tza izan zuten haiek prestatzeko. Irten barruraren arraskasta izan duten lantaldeari esker izan da: "Beraien inplikazioa eta konpromisoa eskertu beharra dugu".

Bi egunetan egin zituzten grabazioak, Irunberri, Zangotza eta Elorrion. Postprodukzioan denbora gehiago eman dute, urte eta erdi inguru. Altolaguirrek, aktore lanak egiteaz gain, soinua jarri dio filmari. "Bai aktore bezala eta bai soinu bandarekin lan bikaina egin du".

Soinuaren muntaian eta diseinuan Xanti Salvadoren eskua du film laburrak. Zuzendariek hasieratik jakin zuten sortu nahi zuten unibertsoa eta sentsazioak sortzeko soinuak garrantzia handia hartuko zuela, "eta bagenekien arlo horretan Xanti maisua dela, eta bere estudioan sartzea eta sormen atmosfera horretan murgiltzea izugarria izan zen, sekulako esperientzia. Xantirekin istorioak behar zuen eta irudiekin bakarrik lortu ezin izan genituen tentsio eta sentzazioak lortu genituen". Soinu-diseinuaren sormen prozesuan esperimentazio handiko talde-lana egin zuten Andrea Sa- enzekin batera: "horretarako aukera zegoen".

Irten barrura ikusi nahi duenak kamiseta eros dezake, horietan txertatuko baitute film laburraren Vimeoko esteka pribatura jauzi egiteko QR kodea. Bitartean, jaialdietan ikus daiteke bi zuzendari hauen lana.