Kairon etxe bila ari zara? Orduan, inguruko bawab-ekin hitz egin beharko zenuke. Haiek esango dizute zein eraikinetan dauden apartamentu hutsak”, azaldu zion behin Egiptoko kazetari batek artikulu hau idazten duenari. “Bawab? Zer da hori?”, erantzun zion harrituta iritsi berriak. “Ez dakizu nortzuk diren bawab-ak? Laster ikasiko duzu!”, erantsi zuen egiptoarrak.
Esan eta egin. Egipton denboraldi bat pasatzea besterik ez dago eraikin gehienek atezaina daukatela ohartzeko. Bawab da haien izena. Badaude diskretuak eta kuxkuxeroak, langileak eta nagiak, isilak eta berritsuak. Baina, zalantzarik gabe, guk uste duguna baino gehiago dakite. Beti.
LUXUZKO ERAIKINA
Nork ez du gogoratzen Alaa Al Aswani idazle egiptoarraren Jakobian Eraikina liburua? Eleberriak argiki azaltzen du XX. mende hasieran Kairoko goi burgesiarentzat eraiki zen luxuzko eraikinaren egunerokoa. Jakobian, Egiptoko historiaren testigu isila izan da. 1952ko Gamal Abdel Nasserren iraultza, gainbehera politiko-ekonomikoa, hiriburuko erdigunearen hustutzea eta landa eremutik etorritako bizilagun berrien egoki-tzapena. Jakobianek azken hamarkadetako fase politiko guztiak ikusi ditu eta guztietatik bizirik atera da. Hein handi batean, Sayd Abu Fattari esker.
Abu Fattak 30 urte baino gehiago daramatza Kairoko Jakobian eraikineko atezain moduan. Gizon garaia eta argala da Abu Fatta, eta galabeya izeneko tunika tradizionala janztea gustatzen zaio. Atezainak ospe handia eskuratu du azken urtetan, izan ere, eraikina famatu egin da. Egun turista zein kazetari asko hurbiltzen dira bertara, eta guk ere hala egin dugu. “Barkatu, baina ezinezkoa da eskaileretan gora igotzea. Bizilagunen eta enpresarien pribatutasuna babestu behar dut”, esan du edukazio osoz. Hain zuzen, duela gutxira bertan zegoen kokatuta Al Aswaniren hortz klinika. Idazle izateaz gain, dentista ere bada.
GAINBEHERA
Halere, dagoeneko inor gutxi bizi da Jakobianen. Kairo erdiguneko eraikinek gainbehera handia jasan dute. “Apartamentu gehienak hutsik daude. Bikote gazteak etxeak ikustera etortzen dira, baina zaharberritze lan handia egin beharra dagoela esaten diet eta horrek atzera botatzen ditu”, azaldu du atezainak. Abu Fattaren etxea, eraikinaren sarreran dagoen eserleku luze bat da. “Argi dago garai oparoagoak bizi izan ditugula, baina Jakobianek zutik jarraitzen duen bitartean esperantza dago”, esan du jarrera zintzoarekin.
ATEZAIN GIDAK
Kairon posible da XX. mende hasierako eraikinak bawab-en bidez bisitatzea. Tallat Harb plazaren ondoan, adibidez, Champollion jauregia dago. Eraikin garaiagoen erdian ia oharkabean pasatzen da, baina, abandonatuta egon arren, ikusgarria izaten jarrai-tzen du. Mohamed Kattab da jauregian bizi den atezainetako bat. Ka-ttabek bertako ateak ireki ohi ditu diru apur baten truke: “Bisitarien kuriositatea asetzen dut. Eraikin hau Said Halim printzearen jauregia izan zen eta gero Kairoko haur eskolarik ospetsuena”, azaldu du gida turistiko bat balitz bezala. “Nire helburua da etxe historiko hau basatiengandik babestea. Gauetan gazte asko etortzen dira eta hesia gainditzeko ahaleginak egiten dituzte. Legez kanpoko jaiak egitea gustatzen zaie”, esan du haserre.
Kattab atezainez osaturiko familia batean sortu zen. “Nire aita bawab-a zen; baita aitaren aita ere. Ziur naiz aitaren aitaren aita ere atezaina zela”. Berrogeita hamar urteko egiptoarrak Kairoko beste eraikin historiko batean lan egiten du, Tiring jauregian, hain zuzen. Tiring-a Kairoko lehen erosketa gune handia izan zen XX. mende hasieran, baina orain zeharo abandonatuta dago.
Kattabek uste du bawab-ek lan handia egiten dutela eraikinen duintasuna mantentzeko eta gainbehera azkarra ekiditeko, baina askotan gaizki ikusiak daudela dio. “Azkenaren azkenak bagina bezala tratatzen gaituzte. Piramide sozialeko mailarik baxuena gara”.