Mapa zalea naizela onartzen dut. Orduak igaro ditzaket mapa baten hamaika koloreko lerro bihurriak hatz puntarekin jarraitzen. Erromantiko bat naizela diote batzuek, mapari begira zein bide hartu erabakitzen ari naizenean. “Hartu zak GPS bat, horrek ez dik kale egiten eta segituan esaten dik nondik joan behar haizen”.
Mapek -paperean inprimatuak dauden mapek- badute zerbait berezia, bidaiaren xarmarekin estuki lotuta dagoena. Ez dute norantz jo behar duzun esaten zuzenean, baina hori baino garrantzitsuago den informazio bat jartzen dute gure eskura: non gauden eta zer dagoen gure inguruan. Izan ere, bidaiatzea, desplazatzea ez bezala, ez da leku batetik bestera joatea eta kito, lurralde batean zehar mugitzea da.
Adierazpen bat da erabiltzailearen aldetik. Mahai baten gainean zabaltzean eta begi apur bat itxiez zirrikituak behatzean, ezagutzera doan ingurua aztertzen ari dela diosku. Bestalde, erreklamo bat ere bada mapa. Izan ere, inguruan dagoen jendeari deiadar bat xuxurlatzen dio belarrira, zonaldea ezagutuz gero, gomendioak ongi etorriak direla esanez.
ALDE ILUNA Marraz jositako paper zati zabal hauek, baina, badute euren alde iluna. Izan ere, errealitatearen interpretazio bat dira, egilearen ikuspegia, pentsaketa eta ideologia azaltzen dutena. Mapa politikoak horren adibide garbiak dira. Normalean, hala ere, ez diogu buelta gehiegi ematen gai honi, eta mapak azaltzen duenari sinisten diogu, besterik gabe. Lekuan lekuko jendearekin hitz egitean, baina, konturatzen gara paperean jartzen duena eta jendeak dioena ez datozela bat askotan.
Errumaniako Karpatoak zeharka-tzen ari naizen bitartean ari naiz hausnarketa hau egiten. Bicaz izeneko herrian nago. Gazte batek azaldu dit Moldavian nagoela, baina ez Moldaviako errepublikan, baizik eta Errumaniako Moldavian, Moldaviako lurralde historikoaren baitan dagoena. Ez diot tutik ulertu, baina irribarre batez eta mul?umesc esanez (mila esker, errumanieraz) agurtu naiz. Berak, nire errumaniar hizkuntzaren ezagu-tza oparoaz harrituta, cu pl?cere irribarretsu batekin erantzun dit.
Nire maparen arabera, Moldavia 200 km-tara dago, ekialderantz.
Bicaz-eko arroila ikaragarria igaro eta kilometro gutxira, Gheorgheni herrixkara iritsi naiz. Ez dudanez garbi ikusten nondik jo, bertako agure bati galdetu diot. Eskertuta, mul?umesc esan diot poz-pozik, baina erantzuna ez da izan espero nuen bezain beroa. Gaizki ahoskatuko nuen, edo intonazio ezegokia agian? Batek jakin. Herrixkatik irtetean, herriko seinaleak Gheorgheni ordez Gyergyószentmiklós jartzen zuela ohartu naiz.
Korond herrira iritsi naiz azkenean (Corund, maparen arabera). Bertan, Beata izeneko emakume batekin elkartuko naiz, bere etxean pasako baitut gaua. Bere zain nagoela, ingurua behatzen jarri naiz. Hasteko, kartel gehienetako izenak orain arte baino katramila-tsuagoak iruditzen zaizkit, -Kürt?skalács, Viszontlátásra, használtruha-kereskedés-.
Udaletxeari erreparatuta, konturatu naiz Errumaniako banderarik ez dagoela. Haren ordez, egun guztian zehar herrixketan ikusi dudan bandera urdina dago, urrezko lerro bat, izar bat eta ilargi erdi bat duena. Beata iristean zuzenean galdetu diot: “Errumanian al gaude?”. Bere erantzuna galdera bezain zuzena izan da: “Ez, Székely Land-en gaude eta hemen hungariarrak gara”.
ABERRITIK BANATUTA Herria oinez ezagutzen dugun bitartean, Beatak euren historiaren laburpen azkar bat egin dit. Aberritik banatuta geratu ziren hungariarrak dira, Errumaniaren erdialdean bizi direnak. 800.000 pertsonatik gora dira eskualde hauetan eta euren ohiturak eta hizkuntza bizi-bizirik mantentzen dituzte. Errumaniako gobernu zentralarekin tirabirak dituzte, autonomia propio bat eskatzen baitute askok. Bere kasuan, Székely Land-en independentzia nahiko luke, baia ez Hungariara anexionatuta. Izan ere, euren aberriarekin ere badituzte gorabeherak, batez ere azken urteetan Budapesten boterean dagoen gobernu atzerakoiarekin. Hala ere, harro erakutsi dit pasaporte hungariarra, eta Errumaniakoa ez duela azpimarratu du. Etnikoki hungariarrak direnak eskubide hori dutela azaldu dit.
Udaletxe paretik igarotzean, zera esan dit, aztoratuta. “Ez duzu sinistuko, baina Székely Land-eko bandera jarri eta Errumaniako bandera kentzeagatik, sekulako isunak jartzen dizkigute. Gainera, plaza eta kaleen izenak aldatzera behar-tzen gaituzte, Errumaniarentzako gaizkileen izenak dituztelako. Guretzat aldiz, heroiak dira”. Uste duena baino gehiago ulertzen diodala esan diot, baina aurrera jarraitu du marmarka, eta ez dit entzun.
Etxera sartzerakoan, Beataren alaba eskolako lanak egiten topatu dugu. Europako mapa bat du esku artean eta herrialdeak eta hiriburuak ikasi behar dituela azaldu digu. Neska gazteak ea nongoa naizen galdetu dit, mapa gerturatuz. Beata eta biok barrez hasi gara. Amak azaldu dio, mapek, mundua nolakoa den azaltzen dutela hein batean, baina askoz ere gehiago dela mapek erakusten ez dutena.