Secundus felator rarus. Esaldiak ez dio irudimenari tarte handirik uzten. Bazen behin, Ponpeian, Secundus izeneko gizon bat. Ez zen agintari boteretsua, ezta hiritar ezaguna ere. Baina felazioak egiten zituen. Zer gehiago dakigu? Ezer gutxi. 79. urtean, Vesubio sumendiari eztanda egitea okurritu zitzaionean, laba eta errautsen artean ezkutatu zen esaldia. Urteak, mendeak eta bi milurteko igaro behar izan dira Ponpeiako grafiti hori berriz ere argitara ateratzeko.
Baina, nor zen Secundus? Ziur aski, ez dugu inoiz jakingo. Ezinezkoa da jakitea hari zuzenduriko esaldia laudorioa edo adar-jo-tzea izan zen. Secundus felator rarus esaldiak ez ohiko felator bat esan nahi du batzuentzat, eta felator bikaina besteentzat. Kontuak kontu, Secundusen gaineko pintada ez da toki honetan sexuari erreferentzia egiten dion grafiti bakarra. Ez horixe. Ponpeian sexualitatea erabiltzen zuten pertsona bat kritikatzeko edo omentzeko. Adierazpen gehienek gizontasunari aipu egiten zioten, gainera.
HIRU MILIOI BISITARI Giacomok Ponpeiako Arkeologia Museoan lan egiten du: “Ponpeia Italiako bigarren tokirik bisitatutena da, Erromako Koliseoaren ostean. Urtero ia 3 milioi pertsona etortzen dira hona, eta, azkenaldian, Ponpeia erotikoaren gaineko bisita turistikoak hedatu dira”. Giacomoren ustez, Napoliko arkeologia museoko harribitxia da Il Gabinetto Segreto edo Gela Sekretua, alegia, Ponpeiako sinbolo erotikoen txokoa. Bertan erakusgai daude tamaina eta forma anitzetako zakilak eta jarrera sexualen gaineko koadroak. Artelanik esplizituena, zalantzarik gabe, Pan e Capra eskultura da. Greziako mitologiako Pan ar-tzainen jainkoa agertzen da ahuntz batekin sexua izaten. “Eskultura hau Herculanotik ekarri zuten eta bisitariak txundituta geratzen dira artelana aurrez aurre ikusten dutenean. Sexualitatearen aldarrikapena oso agerikoa da hemen”, esan du Giacomok.
Azalpenak iraun bitartean, Japoniako turistaz osaturiko talde bat sartu da Gela Sekretuan. Gortinak ireki dituzte eta lotsatu egin dira. “Beti gertatzen da gauza bera. Aurpegiak gorritzen zaizkie eta irribarre pikaroa atzematen zaie”, esan du Giacomok. Lotsak gutxi iraun die, ordea. Segituan zakilen harrizko eskulturei argazkiak atera-tzen hasi dira. Txundidura hori talde eta herritartasun guztiekin errepika-tzen da. Gutxik imajinatzen dute arkeologia museoan halako atal erotiko bat aurkituko dutenik.
Baina Ponpeian halako ehunka adibide daude. Hiriko galtzada-harriei erreparatuz gero, hamaika fascinum edo zakilen erliebeak atzemango ditugu. Trafiko seinaleak bezalakoak dira: Ponpeiako putetxea non dagoen seinalatzen dute. Putetxera iristean, oraindik agerikoagoak dira grafitiak. “Nik larrua jotzen dut hemen” da bertako esaldi ospetsuetako bat. Hala, turisten helmuga nagusia bilakatu dira Ponpeiako putetxe nagusiak eta terma erotikoak.
“Ponpeiako herritarrak ez ziren haien bizitza sexualaz lotsatzen, baina kasu gehienetan ez ziren harreman parekideak. Adibidez, jabeen eta esklabuen arteko sexua askotan islatzen da artelanetan”, jakinarazi du Giacomok: “Egia da antzinako erromatarrek ez zutela sexua ezkutatzen, baina botere harremanetan oinarritzen ziren harreman sexual horiek”.
ALTXOR HISTORIKOA Vesubioren hirian, gainera, ia urtero egiten dituzte aurkikuntza berriak. Aberats baten etxean, adibidez, Leda eta Zeusen historia kontatzen duen fresko erotikoa aurkitu dute. Leda Espartako erregearen emaztea zen, baina Zeusek bere egin zuen, zisne bihurtu ostean. Ponpeiako Leda erdi biluzik ager-tzen da, oso jarrera sentsualean, zisnearen ondoan. Hori hala, sexuaren eta erotismoaren hiria zen Ponpeia, ala hiri guztiak ziren halakoak? Giacomok zera uste du: “Sumendiaren erupzioak denboran geldirik utzi zuen Ponpeia. Izugarrizko altxor historikoa da. Baina sexuaren gaineko adierazpen artistikoei dagokienez, ziur aski, ez zen salbuespen bat”.