Gizarte baten arkitektura-sentsibilitatea, bestelako ikuspegiak bezalaxe, heziketa sistemaren parte izan daiteke. Ezaguna zaigu matematikarien aldarria, zeinak dioen matematika edonon aurki dezakegula. Arkitekturarekin berdina esan daiteke -arkitektoon ahotsa matematikariena baino ahulagoa bada ere-, bizi garen testuinguru espazial eta materialak arkitektura bat baitu, eraiki-tzeko modu eta espazioak bizitzeko eredu bat eskainiz. Arkitekturaz inguraturik gaude, berau irakurri eta ulertzeko tresna gutxi izan ohi dugun arren. Eskola-espazioa umearen bizi-tzan leku esanguratsua izango da arkitektura-sentsibilitatea garatzerakoan, espazioen pertzepzio eta iruditeria bat sortuko baita berarengan.

Eskoletako arkitektura parke zabala dugu Euskal Herrian. Landa eremuetan oraindik zutik diraute eleiza ondoko eskola-eraikinek, erabilerarik gabe kasu gehienetan. Hiri eta herri ertainetan azken mendeko eskola eraikinak egin dira hazkun-tza garaiak eskatutako arrazionaltasun konstruktibo eta funtzionaleko arkitekturarekin. Eskolak eraiki zen garaiaz hitz egiten du, jaiotze data horren errealitateari lotuta gelditzen da. Barneko antolaketak beharrizan bati erantzuten dio, eta eraikuntza sistemak garaiko teknologia eta baliabide materialei.

BI ZABALPEN KASU Mende berrian sartuta, eraikin hauek berriztatzeko beharra suertatu da. Pozgarria da Bilboko AZAB arkitektura bulegoa (www.azab.es) zeregin hauetara dedikaturik ikustea, beraien proposamen arkitektoetan beti baitago bilaketa propio bat eta irudikapen zehatz baterako lanketa fina. Arkitektura garaikidearen lengoaia bikain menderatzen duen lan-taldea da, etorkizuneko proiekzio handiarekin. Azken urteetan bi ikastetxeetan ariketa arkitektonikoak burutu dituzte eta joera esanguratsu baten adierazgarri gerta daitezkeelako adibidetzat joko ditut. Erandioko Altzaga Ikastolan eta Igorreko Ikastetxean burututako lanak zabalpenak dira, barne eta kanpoko irudi garaikide bat eskaini dituzten lanak.

Bi proiektuetan eskolen funtsezko zirkulazio-antolakuntza eta koherentzia orokorra errespetatu egin da. Erandioko ikastola Javier Fontan arkitektoarena eta Igorrekoa Jose Luis Burgosena dira. Kolorea izan daiteke begibistara salto egiten duen lehen ezaugarria, eta bigarrenik, metalaren hautua kanpoaldeko itxuraren osaketarako. Metala izan daiteke arkitektura garaikidearen materialtasuna, lehenago eraikuntza industrialera mugatua zegoen eta gaur egun edozein aktibitateko eraikinetan erabiltzen dena. AZAB-ek bi modutan erabiltzen du metalezko fatxadaren estaldura: batean txapa grekatua eta bestean txapa mikroperforatua.

KOLOREAREN ERABILERA Eraikinetan material nobleak erabiltzean (egurra, harria, adreilua), kolore gama bat erdiesten da, “naturako koloreak” edo. Metalak, berriz, kanpo-eragileen aurrean babeserako margoa behar duenez, bestelako kolore-paleta baimentzen du eta AZABek maisuki erabiltzen du kolorea, koloretsuegia-izateak izan dezakeen efektua kontrolatuz eta kolorea elementu arkitektonikoetan aplikatuz. Azken ezaugarri honek beste proiektu batzuetatik ezberdintasuna markatzen du: kolorea ez da azalera baten marrazkia -aplikazio grafiko batetatik urruti-, espazio baten definitzaile baizik. Kolorearen erabilera modu honekin barne zein kanpoko elementuetan aplikatzen da, eta horregatik lur koloretsuak pareta koloretsuekin lotuta, ate koloretsuak, baranda koloretsuak identifikatzen ditugu espazio bat defini-tzen dutenak.

Bi proiektuetan errepikatzen den beste gai bat kontrol akustikoa eta argi sarrerarena da. Jakina da ume multzo batek sortzen duen “zarata”, eta ikastetxeetako pasabideen kalitatea ahots eta oihuen soinu-apaltzearekin harreman zuzenean dago. Panel akustikoen presentzia barne diseinuarekin batera integraturik ageri da AZABen ikastetxeetan, espazioaren parte bat bailitzan. Argitasunari dagokionez, Erandioko proiektuan estaldura berriaren zulaketa eta luzernarioen kokapenarekin espazio berri eta zaharren argi zipriztintzea gertatzen da, koloreen presentzia indartuz. Igorreko ikastetxean, fatxada berria zelosia bat da argi-sarrera tamizatu egiten duena; eguzkitzapen kontrol gisa funtzionatzen du.

Azkenik, itxura metalikoak patioarekin hizketaldi berria sortzen du. Patiotik eraikinaren kanpo-irudia menderatzen da, memorian gorde-tzen dugun eszena bat bezala. Batean bolumetrikoa, eta bestean geometrikoa. Baina itxura bat sortzearekin batera, barne-kanpo lotura interesgarri bat eskaintzen dio jatorrizko eraikinari. Erandion aterpe-guneekin barnealdearen luzapen gisa eta Igorren maila sinbolikoan, gelen eta patioaren arteko elkarrizketa bat sortuz. Egoera hauek arkitektura garaikidearen beste keinutzat jo daitezke.