Datozen lau urteetan beteko du ardura Garbiñe Ubedak (Tolosa, 1967) Euskal Idazleen Elkartean (EEI). Erakundearen erronkez, ibilbideaz eta idazleen egoeraz mintzatu da, besteak beste. “Idazleaz dugun irudi orokorra aldatu nahiko nuke. Liburu formatuari, genero jakin bati eta profil sozial bati lotuegi ageri da idazlea, eta definizio zurrunegia da, nire gusturako”, azaldu du. Elkarteak dituen beste lehentasunetako bat Ipar Euskal Herrian programa berriak adostea da: Idazleak ikastetxeetan edo Liburua Gozagarri bezalakoak, alde batetik, baina baita bestelako proiektu handiagoak ere, euskal idazleak merezi duen tokia eta prestigioa lortu dezan”.
Jasone Osorori lekukoa hartu diozu, eta martxotik Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria zara. Nola hartu duzu berria?
Holako berriak har litezkeen moduan: ilusioz eta arduraz. Ez da erraza izango, baina gustuko tokian aldaparik ez, dio esaerak, eta idazkuntza eta idazleen ingurua zaintzea horixe bera dira niretzat: gogoko esparrua.
Ez zara bakarrik egongo kargu berrian. Nora Arbelbide, Ana Galarraga eta Peru Iparragirre izango dituzu zuzendaritza batzordean. Zer-nolako taldea izanen da zuena?
Arbelbide, Galarraga eta Iparragirre ez ezik, lehengo zuzendaritzatik jarraituko dutenak ere hor izango ditut: Jon Martin, Antxiñe Mendizabal eta Aitzol Lasa. Eta Joxemari Karrerek eta Katixa Dolharek zuzendaritza utziko duten arren, hainbat lan puntualetan alboan izango ditudala badakit, Jasone Osoro ere eskura izango dudan bezala. Lan hori egiteagatik ez dugu diru-saririk, baina elkarren artean sortuko den adiskidantzak urrea balioko duela ziur naiz. Militantzian oinarritzen diren lanotan, gakoak borondatea eta konplizitatea direla esango nuke. Bietarik asko ikusten diot kide bakoitzari. Bestalde, talde anitza da; izaera, estilo eta molde askotariko jendez osatua. Nahiago dut holakoa, talde homogeneoa baino.
Zerbaiti heldu nahi diozue premiaz?
Zuzendaritza Batzordearen funtzionamendua apur bat aldatzera goaz, efektibotasuna eta partaidetza handiagoa irabaztearren. Norberaren ahalak eta aukerak hartu behar dira kontuan. Ez da erraza izango.
Nola aurkitu duzu elkartea?
Elkartea oso ongi ari da egunerokoan, martxan diren programak eta gainerakoak kudeatzen. Zuzendaritza osatzen dugunon lana urrunago begiratzea da, helburu berriak markatzea eta, izatekotan, eguneroko horretan lagun-tzea. Oraindik ez dugu plan estrategikoa lan-tzeko betarik izan, baina lan-lerro batzuk nahiko garbi ditugu. Esate baterako, Ipar Euskal Herrian programa berriak adostu nahi genituzke, Idazleak Ikastetxeetan edo Liburua Gozagarri bezalakoak alde batetik, baina baita bestelako proiektu handiagoak ere, euskal idazleak merezi duen tokia eta prestigioa lortu dezan. Izan ere, Idazleak Ikastetxeetan programak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskolak besterik ez ditu hartzen. Nafarroan Liburua Gozagarri programa dago eskoletarako, eta horrek ere indar handia hartu du orain-tsu, baina Ipar Euskal Herrian, tamalez, herrenago gabiltza. Hori konpontzeko ahaleginean dihardugu. Irakurzaletasuna bultzatzea, irakurle eta idazleen arteko harremana susta-tzea, liburua edo lana bestela baloratzea, gaiei optika ezberdinetatik begiratzea eta hausnar-tzea, eztabaidatzea? Helburu bat baino gehiago izan dezakete programek.
Datozen lau urteetan beteko duzu ardura. Zein-tzuk dira urte hauetako erronka nagusiak?
Idazleaz dugun irudi orokorra aldatu nahiko nuke. Liburu formatuari, genero jakin bati eta profil sozial bati lotuegi ageri da idazlea, eta definizio zurrunegia da nire gusturako. Mota askotako lanak idazten ditu idazleak, eta zer esanik ez medio digitalek halako garrantzia hartu duten garaiotan: nobela, ipuinak edota poema bai, baina baita gidoiak, komikiak, komunikabideetarako lanak, sare sozialetako gogoetak, hitzaldiak eta bestelako perlak ere. Generoen mugak hausteko eta hibridoak sor-tzeko joera ere badago gaur egun, kazetaritzari edota bertsolaritzari literatura funditzekoa, esate baterako. Idazlearen irudia gaurkotu beharra dugu, aurreiritzi zaharkituak albo batera utzi eta garai berrietara egokitu.
Kurioski, gure elkarteko kide diren askori idazle kontuak aipatu eta uf, baina ez dut nire burua idazle ikusten esango dizute ezeroso. Beraz, bada halako beldur bat kortse edo profil horretan, inongo mesederik egiten ez duena eta birdefinitu beharko genukeena. Idazleak ez dira elite intelektual bat, baina gure kulturan giltzarri dira, bertsolariak, kazetariak, dibulgatzaileak edota euskara irakasleak bezala. Hortik tiraka, esango nuke euskara tresna nagusi duen sortzaile nahiz langile orok, estatus berezia beharko luketela Euskal Herriko lurralde osoan. Lan sozial garrantzi-tsua egiten baitute, eta guztion onurarako ari baitira, herri honek duen altxorrik garrantzi-tsuena gaurkotzen dutelako, eta erabateko desabantailan eta prekarietatean lan egin behar dutelako.
Batzar nagusia egin zenuten egun berean ezohiko batzar berezia egin zenuten bazkide gazteen parte-hartzea errazteko moduak ikertzeko. Zein-tzuk dira, zure ustez, hartu beharreko neurriak?
Idazle Elkarteko kide izateko baldintzak gaurkotu behar ditugu, ezinbestean. Indarrean daukagun arautegia EIE sortu zenekoa da, internetik ez zegoen garaikoa, alegia, eta horren arabera, liburu bat edota 50 artikulu paperean argitaratuta dituenak du elkarteko kide izateko eskubidea. Horren arabera, lan digitalak ez dira kontuan hartzen. Alabaina, sarean bakarrik argitaratzen den medio ugari dago gaur egun. Besteak beste, Hitzen Uberan webgunea, Idazle Elkartearen ekimenez sortua.
Beraz, batetik estatutuak aldatu behar ditugu; eta, bestetik, gazteen ohituretara hurbildu eta denoi mesede egingo digun sistema pentsatu. Gazteek Idazle Elkarteari zer eskain diezaioketen argi dago. Idazle Elkarteak haiei zer eskain diezaiekeen, aldiz, erabat biribildu gabe dugu. Ezohiko Batzarrean elkarteko kide izateko adina 18tik 16ra jaistea eta 23 urte artekoei urteko bazkide kuota erdira murriztea erabaki zen. Bestelako neurriak eta asmoak ere behar genituzke.
Egiguzu euskal literaturaren panoramika bat. Nolakoa da bere osasuna eta nolakoa irakurlearen egoera? Eta etorkizunari begira?
Sorkuntzari dagokionez, nahiko aberatsa dela esango nuke. Geure merkatua, dena den, aski txikia da eta horrek esperimentaziorako aukerak murrizten ditu. Nekez argitaratzen dira ohiko bildumetatik kanpoko liburuak. Transgresioa, zentzu horretan, zaila da. Irakurleak, idazleak bezala, badu nahiko meritu. Hasteko eta behin, ez delako batere erraza euskarazko produktuak eskuratzea. Sekulako ahalegina egin behar du, hizkuntza hegemonikoan irakurtzen duenaren aldean. Edizio merkerik ere ez dago, frantsesezko Livre Poche bildumaren gisakorik. Liburu oso aktualak dituzte 6, 7 edo 8 euroan. Liburutegiak ere ez daude nahi bezain ongi hornituta, ez behintzat Euskal Herri osoan. Diferentzia handiak ditugu lurralde batetik bestera. Gure hiru instituzio nagusiek (Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Elkargoak), elkar hartu beharko lukete.
Irakurtzea ez da sekula futbola izan, zaletu gutxi batzuen kontua izan da beti, baina aitortu beharra dago gero eta kontrago dituela zirkunstantzia guztiak. Euskararen erabilpena kinka larrian baldin badago, ezin esan euskal literaturaren egoera hobea denik. Aurrera begira, euskara tresnatzat dugun kide eta elkarteek lobby bat osatzea eta instituzioen arteko elkarlana besterik ez dut ikusten.
Zeintzuk dira sektorearen zailtasun nagusiak?
Sektorearen arazo latzena ikusgarritasuna da. Horrez gain, bada zer hobetu, aspektu askotan: egile eskubideen kudeaketa fundamentuzkoa, edizio digitaletan egileari hobeto ordaintzea, profesionalki jarduten ez duen idazleari kolaborazioak kobratzeko erraztasunak ematea. Adibidez, askotan tokitaraino joan behar du irakurle klub batetik deitu diotelako, eta gero egundoko arazoak sortzen zaizkio ezin duelako faktura bat egin.
EIEren eta idazleen presentzia gizarteratzen ahalegindu zarete urtez urte. Lortu duzuela uste duzu?
EIEk lan handia egin du urte luzetan, eta zorionez, EIErenak ez diren ekimen polit asko ere antolatzen da han eta hemen: Literaturia, Eako Poesia Egunak, Gutun Zuria? Baina galtza bete lan dugu oraindik. Ikusgarritasunik eza da gure etsairik mingarriena. Euskaraz irakurri nahi duenak egundoko lanak hartu behar ditu, panorama ez delako batere aldekoa: euskal liburuak saltzen dituzten tokiak oso urriak dira ez dute aukera osoa erakusten, saltoki handietan euskal liburuak (eta diskoak, eta euskal kultur produktuak, oro har) hutsaren hurrengoa dira, ez zaie inongo espaziorik uzten, erregionalismo hutsari uzten zaion txoko miserablea ez bada, ohiturak ere aldatu egin dira? Finean, ghetto txiki batek bakarrik jarraitzen du euskal literatura eta euskal sorkuntza, oro har. Gainerakoentzat ikusezinak gara, guztiz.
Euskarazko literaturan emakumezkoak azken urteotan hartutako lekua EIEn ere islatu da, ezta?
Bai, jakina. Iraganeko sortzaile eta idazleak erreskatatzea da lanik zailena, ukatu zitzaien tokia aitortzea eta azaleratzea.
Beste literatur elkarte batzuekin dituzuen hartu-emanak nolakoak dira?
Momentuz, nahiko azalekoak eta puntualak. Dena den, Europako beste hizkuntza ez hegemonikoetan diharduten idazleekin baditugu trukeak.