Jakina da zinema eta arkitektura diziplinak askotan uztartu direla eta batak bestea elikatu izan duela. Zinemaren fikzio esparrua hiri eta arkitektura utopikoen eraikitze-gune emankorra eta oparoa izan da betidanik. Horra hor Blade Runner (1982) filmak sortutako hiri-iruditeriak arkitektoengan eragindako inspirazio-iturria edo arkitekturak eskainitako estetika eta egitura antolaketa Star Wars-eko itsasontzi-eraikinak diseinatzeko garaian. Errealitatezko zein irudimenezko film batek istorio baten kontakizunerako eszenografia jakin bat behar du -barne zein kanporako ingurune espazial bat-, hau da, arkitektura zehatz bat. Arkitektura gertakizunen giroa helarazteko tresna baita, hitz egiten ez duen pertsonaiaren funtzioa beteaz.
Baina bada arkitekturak lengoaia filmikoetan izan dezakeen beste erabilpen interesgarri bat, datozen lerroetara ekarri nahi duguna: Hiriaren arkitektura gertakizunen fondoko planoa izatetik lehen planora pasatzen denekoa. Ez da atrezzorik, ez eta efektu berezirik behar. Eta horrek ez du filma dokumental bilakatzen. Paisaia eraikia eta naturala lengoaia filmikorako darabilte biek, baina errealitate fisikoaz egiten den erabilpenak ez du zerikusirik batean eta bestean.
Dokumentalak errealitatea filma-tzen du deskribapen gisara, gertaerak eta egoerak bere horretan plazaratu nahi dira irudietan, helburua informatzea izaten baita. Besteak errealitate eraikia medio gisa erabiltzen du bestelako irakurketa eta hausnarketak helarazteko. Hiriaren arkitektura denok konpartitzen dugun espazioa izateagatik eta memoria-arrastoz josita egoteagatik, abiapuntu boteretsu bilakatzen da lengoaia filmikorako. Kamera eta gidoiaren lanketak ohiko hiriko arkitektura esanahi berriz janzteko trebezia dute.
‘PASAIA BITARTEAN’ Azaltzen ari garen film-erregistroa 2016.urtean estreinaturiko Pasaia Bitartean laburmetraia ikertuz argitu dezakegu. Bertan Pasaiako badia lehen protagonista izarra da, badia espazio politiko eta sozio-ekonomiko gisa ulertua. Badiaren kartografia bisual eta sonoro bat da, non hiriaren arkitektura kontakizun bihurtzen den. Pieza filmiko horren hastapenak unibertsitateko arkitektura proiektu batean du sorrera. Jon Ander Agirre Mikelez arkitektoak Pasaiaren ondare industrialaren berreskurapenerako arkitektura proposatu zuen, eta Irati Gorostidi Agirretxe film-zuzendariari unibertsitatean arakatutako hiriaren arkitekturari buruzko hainbat alor plazaratzea proposatu zion. Tandem bikaina ideia arkitektonikoak hizkuntza filmikora itzultzeko.
ERREALITATEA, GORDINIK Pasaiako badia bide hartuta, kameraren pantailaren bidez iristen zaigun begirada bat gailentzen da: konta-tzeko modu bat (filmikoa) eta gogoeta bat (arkitektonikoa). Ez dago erantsitako ezer; ez elkarrizketarik, ez ekintzarik, ez soinurik. Laburmetraian entzungai diren elkarrizketak eta ikusgai diren ekintzak aurrez adostu gabekoak dira, grabaketa egunean bertan topaturikoak. Filmaren esentziak errealitatea gordinik jaso nahi du. Burututako gidoi-lana bikaina da; kamerak harrapa-tzen duen ikus-eremu ez-ohikoak, grabaketa-atal desberdinen muntaiak, denboraren erritmoak, isiltasunak eta zaratak eraikitzen dute kontakizuna.
Pasaia Bitartean laburmetraia itsas-portu eta itsas-bizitzaren erretratu bat da, non argazkia eta produkzioa bereziki zainduta dauden. Kamerak bi ikuspegi desberdinen bidaia egiten du: badia uretatik eta badia lurretik ikusia. Badiaren irudiak eta soinuak dira: kaletarren artean ematen diren elkarrizketak, metalaren doinu desberdinekin nahasian, portuko karga-deskargako lanak eta metalaren lanketa tailerretan.
Filmatzeko modu desberdinak daude kontatu nahi den elementu bakoitza agertzeko. Badia zeharka-tzeko garraio publikoekin edota etxeetako leihoetatik begira jarri da kamera tokiko protagonistak aurkezteko: herritarrak, portuko langileak eta turistak, alde batetik; eta Badiako ekonomia, bestetik: munduko leku desberdinetatik iristen diren turista-ferri erraldoiak, produktuen garraioa eta metal eta egurrezko ontziolen lanak. Baina bazterrean diren hainbat eszena ere harrapatzen dira, hala nola aktibitate nagusiaren isilpean diren artisau-tailer txikiak edota hutsik gelditutako arkitektura industriala.
Badiara begira memoriak piztu eta ikusi-gabekoak oparitzen dizkigu filmak. Egunerokotasunaren arkitektura-eszenek hizkuntza desberdin bat hitz egitea lortzen dute, hiriaren eraikuntzaren kritika eginaz, ekonomia globalaren ez-ohiko espazioen irudiak ekarriz eta lekuaren kantuak grabatuz.